Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/01/24

Debagoienako Lurraldebus erabiltzaileen beharrei erantzungo duen mugikortasun jasangarria

Debagoienako Lurraldebus zerbitzuaren berrantolaketa, eskualdeko alkateen eskutik egin dugu, beraiekin egindako bileretan jasotako eskaera eta iradokizunei erreparatuta, gaur Mugikortasun Batzordean Debagoienako alkateek argi azaldu duten bezalaxe

Maije Zelaia batzarkide jeltzaleak Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Batzordean Eskoriatza, Arrasate, Aretxabaleta eta Bergarako alkateen agerraldiaren harira esan du, Debagoienako Lurraldebus zerbitzuaren berrantolaketaren helburua, eta EAJ-PNVren helburua ere, mugikortasun jasangarria bermatu eta Debagoienako erabiltzaileen beharrei erantzutea dela. “Lantoki, ikastetxe, unibertsitate eta ospitaleen sarrera ordutegiei erreparatuta, puntako orduak indartzea da helburua —azpimarratu du Zelaiak— eta erabilpen gutxieneko orduetan zerbitzua erabiltzaileen beharrei egokitzea. Azken finean Debagoienako Lurraldebus zerbitzua benetako eskari eta eskualdearen beharrei egokitzea”.

Maije Zelaiak argi utzi du, Debagoienako Lurraldebusen berrantolaketa, eskualdeko alkateen eskutik egin dela, beraiekin egindako bileretan jasotako eskaera eta iradokizunei erreparatuta, gaur Mugikortasun Batzordean Debagoienako alkateek argi azaldu duten bezalaxe. “Eta horren adibide Bergarako Udala egiten ari den inkesta da. Bertan, herritarron iritzi eta iradokizunak jasotzen direlarik Lurraldebusen zerbitzuaren inguruan. Gizartearen partaidetza prozesuaren adibiderik argiena" azpimarratu du.

“Proiektu berriak lineen ibilbide eta maiztasunak sinplifikatzen ditu, eta nagusitzat jotzen ditu Eskoriatza-Arrasate-Bergara eta Eibar-Bergara-Arrasate ardatzak, DG10 eta DG11 linea berriekin zerbitzua indartuz eskualdeko mugikortasunaren %70 erantzun emanez”. “Debagoienako Lurraldebus zerbitzuaren berrantolaketa premiazkoa zen, Eskoriatzan emandako egoera bezalakoak zuzentzeko, herritik egunean 260 autobus baino gehiago igarotzen zirelarik”.

Zelaiak, EH Bilduren jarrera gogor salatu du, “EH Bilduk alarma soziala piztu nahi du gai honen inguruan, etekin politikoa lortzeko helburu bakarrarekin. Eta hori ez da bidezkoa”.

Maije Zelaiak amaitu du esanez, “EAJ-PNVren helburua da, Debagoienako garraio zerbitzuaren berrantolaketan, garraio jasangarria bermatu, eskualdeko Lurraldebuseko erabiltzaileen beharrei erantzun eta  Gipuzkoako garraio publikoaren modernizazio eta hobekuntza prozesuarekin aurrera jarraitzea”. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube