Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/07/02

Eskubidea betetzeak ez du herria zatitzen, alderantziz baizik

Eider Mendoza, Batzar Nagusietako presidentearen hitzaldia Oñatin, Osoko Bilkura ibiltarian
Eskubidea betetzeak ez du herria zatitzen, alderantziz baizik

Uztailak 2 ditu gaur, igandea dugu eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak Oñatin elkartu gara, historian laugarren aldiz. Aurreneko aldia 1847an izan zen, Oñati Gipuzkoan sartu berritan. Ez da oraingoxekoa Bilkura Ibiltariaren ohitura hau. Ondo asko zekien herri honetako semeak, Eli Galdosek. Hura, gaurko egunez aukeratu zuten, gainera, Gipuzkoako diputatu nagusi –Ordizian– eta berak esan zuen Batzar Nagusiak uztailaren 2an elkartzea, 1745. urtean erabaki zutela, orduko premien eta egoeren arabera. XIX. mendean 23 herriak finkatu zituzten bilkurak egiteko. Karlistaldien garaia zen hura, gure herriaren historian iltzatuta dagoena. Oñati da lekukoetako bat. “Bergarako besarkada” deitzen zaiona Oñatin izenpetu zuten itunetik dator, izan ere. Lazarraga jauregian –hementxe, udaletxe ondo-ondoan– sinatu zuten karlisten eta liberalen arteko 1. gerra amaierako akordioa, 1839ko abuztuaren 29an. Kontua da Espartero general liberalak sinatu zuela baina karlisten buruak, Marotok ez, bere bi ordezkarik baizik; handik bi egunera Marotok berak izenpetu zuen Esparterorekin, Oñatiko akordioa berretsiz, Bergaran. Oñatiko ituna eta Bergarako besarkada abuztuan izan ziren eta urrian, Madrilgo Gorteetan erabakia: “berretsiak dira Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako Foruak, Monarkiaren batasun konstituzionalaren kaltetan izan gabe”. Batzar Nagusiak 1876an azkenekoz elkartu zirenean, hurrengo hitzordua Arrasaterako egin zuten baina Madrilen errotik moztu zuten mendetako euskal agintea: Foruak deuseztatu eta Batzar Nagusiak indargabetu zituzten Espainiako Gorteek 1876ko uztailaren 21eko legea medio. Zapalketa hark 103 urte iraun zuen, 1876tik 1979 arte. Orduan bai, gipuzkoarren ordezkarien memoria historikoari esker, Batzar Nagusiak Arrasateko Udaletxean elkartu ziren, aurrekoengandik zetorren soka luze eta sendoari hari berri bat eransteko, gipuzkoarrek aukeratuak izan ondoren.

Nabarmena da, gizaldi bateko etenak ez zituela herritik aldendu Batzar Nagusiak: bilkura historiko hartan izan ziren 5 alderdiek, EAJ-PNV-k, PSE-PSOE-k, Euskadiko Ezkerrak, Koordinadora Independenteak eta UCD-k, mozio bat onartu zuten aho batez eta Batzar Nagusiek adostu zuten “Euskal Diputatuek egindako Autonomia Estatutua onartzea eta  Espainiako Parlamentuari eta Gobernuari eskatzea, Estatutu-txosten hura onartu eta indarrean jartzeko berehala”. 1979ko Bilkura hartan, Benigno Bascaran eibartar sozialistari egokitu zitzaion Mahaiburu izatea eta honela mintzatu zen: “Gure askatasuna nahi badugu bilatu, elkartasuna izan behar da bidea… Gure Euskal Herria, gure Euskadi nahi badugu ateratzea bide berrira, behar dugu bakea, lan egin eta elkartu” Eta gaztelaniaz, gero: “El Estatuto nos tiene que dar el camino de la libertad, el camino de la democracia, el camino de la justicia, rindiendo culto al trabajo y rindiendo culto a la verdad, son los verdaderos valores espirituales de la humanidad”, esan zuen Bascaranek. Estatutuaren mozioa, Jesus Mari Alkain jeltzaleari egokitu zitzaion defenditzea, aurkeztu zutenen izenean. Honela hasi zen: “ikuspegi estataletik begiratuta, demokrazia-prozesua amaitua jotzen da Batzar Nagusien eraketarekin” baina “Eusko begiekin aztertuz, ezin genezake inolaz ere uste izan, funtsezko jokabidean sartua denik, gure Herriaren eskubideak onartu eta eraikuntza mamitzen ez den bitartean. Ez baitugu onargarria den demokraziarik izango, Euskadik antzina zuen indarrez kendutako gobernatzeko burujabetasuna itzultzen ez dioten bitartean. Ez dezakegu, beraz, Estatuaren ordezkariekin elkar aditzeko oinarririk izan, euskaldunoi dagozkigun gure ahalmenak eta askatasuna atzera itzultzen ez dizkiguten bitartean”. Eta honela darrai Alkainek: Estatutua “atzerapenik gabe legeztatu ordez, edozelako eragozpenak ipiniz atzerapena lortzea, gure ustez ez da Demokraziari oztopoak ipintzea bakarrik, baizik eta Euskal Herria, aurrerantzean ere, beharrezko babesik gabe edukitzea … Edozein arrazoirekin Estatutua geldiaraztea, gaurkoz ezina den bikainago bat aldezteko izan arren, gure Herriaren zoriaz jokatu eta galzorian ipintzea da”.

Batzar Nagusiak ez dira Akademia bat, izaera politikoa duen herri-erakunde bat baizik. Baina historia, politikan, beharrezkoa da jakitea, ez atzera begira gelditzeko, baizik, iraganera begiratuz, orain aurrera jotzeko eta geroa prestatzeko. Oraingo aldi hauetan, denak behar du bat-batean, abailaren diktaduran, oraina jaun eta jabe. Baina iraganarekiko lotura mozten badugu, ez al dugu gauza bera egingo etorkizunarekin ere? Historiaren barruan gaude pertsonak, herriak, erakundeak. Belaunaldi bakoitza aurrekoekin lotuta dago eta ondorengoei zor zaie. Horretan datza, neurri batean, herri eta nazio izatea: gure aurreko gizon-emakumeek ekarritako sokari heldu eta tira egitea, etxe hau eraikitzen eta berritzen jarraitzea, guztiontzat eta ondorengoentzat, askatasunez eta bakean erabakiz gure herria zertan gauzatu.

Legealdi erdia bete dugu eta hor dugu ate joka berria, urte politikoa amaitu orduko, bizia datorrena. Batzar Nagusi hauek behin baino gehiagotan onartu dituzte Kataluniako erakundeek onartutako independentzia bidea eta Euskadik bere etorkizunaz erabakitzeko eskubide demokratikoa. Urriaren lehenerako Generalitateak independentziari buruzko erreferenduma deitu du; Gobernu zentrala ezetz eta ezetz ari da; Legebiltzarrean, Euskadirako estatus politiko berria egiteko Ponentzia hasiko da irailean. Eta Gipuzkoako Parlamentu hau ez da beste aldera begira egongo, etxean nahiz etxetik hurbil lehen mailako gertaera politikoak bizi ditugun honetan, ziur nago.

“Herria”, “askatasuna”, “bakea”, “demokrazia”, “elkartasuna”, “justizia”… Orain ia 40 urte Gipuzkoako Batzar Nagusietan esan zituzten hitzak dira, gaur-gaurkoak ditugunak. Herriaren taupadak dira erakunde honetan, sentimenduak eta idealak, erantzun politiko eske.

Batzar Nagusietako presidente bezala, sendo uste dut zilegia eta duina dela Katalunian egiten ari diren bidea, auzi politikoari erantzun politiko bat emateko, bakean eta demokrazian. Benetako politika ez da abstraktua, zehatza baizik, leku bakoitzaren errealitatean errotua eta herriak berak, bere nortasunez ondutako idealek bultzatua. Batzuetan, politikak aurrerakada eragiten dio historiari. Adibidez, ba al da ba aurrerapen handiagorik XXI. mendeko Europaren kultura politiko eta demokratikorako, herri bateko gizon-emakumeek libre bozkatuz Estatu bati sortzea ematea baino? Aurreko gizaldiak gerrez josita daude. Gurean, karlistaldiak eta gerra zibila; Europan, dinastia-guduak, iraultzak, bi mundu-gerra eta indarkeria franko, jendea armak eskuetan, heriotza eta suntsiketa…, eta gero? Gero Europako mapak berregin eta Estatuen sorrera... eta zauriak sendatu hain-hain borroka odoltsuen ostean. Oso bestelako zerbait behar dugu: alde ederra dago eskuan paper bat hartuz, ez arma bat, boto bat baizik, eta herriaren burujabetza irabaztea. Paper-mutur batekin, herritarrok, denak libre eta berdin, gure herrien etorkizuna erabakitzea, hori da gizateriak eta historiak behar duten ekarpen politikoa, bestelako urrats handia. Hortxe dago demokraziaren indarra, politikaren gailurra eta herrien itxaropena, tartean gurearena, Euskadirena.

Demokrazia ez da nolanahiko proba. Ariketa erabakigarrietan, herri eta nazio auziak jokatzen direnean, gogor astintzen dira gezurraren eta beldurraren banderak, jendea makurrarazteko eta herri txikiak mendean edukitzeko. Pentsioak direla, gizarte laguntzak, eurotik eta Europar Batasunetik desterrua… gai delikatuak eta manipulatzen errazak. Gauza bat azpimarratu nahi dut: demokraziarik ez badago askatasunik gabe, eta ez dago, eta beldurrak eta gezurrak jendearen askatasuna itotzen baldin badute, eta hala egiten dute, arma horiek ez dira onartzekoak demokrazian. Sobran daude.

Demokraziak herria eraikitzen duenean, izan hau Estatu independente edo Estatu konfederatu, eta abar, legea demokrazia da, alegia, herritarren borondate librea. Iruditzen zait Europar Batasunaren erronka dela, hirugarren milurteko honetan, bere barruko Estatuetan nazioak diren herriei Estatu izateko aldarrikapena asetzeko bideak asmatzea eta zabaltzea. Berriz diot: demokraziak herria egiten duenean, demokrazia da legea, herri eta nazioek burujabe izateko eskubidearen indarra daukan legea. Indarkeriarik gabe. Bakean.

Azken hitz bat: eskubidea betetzeak ez du herria zatitzen, alderantziz baizik. Eskubidea, herriaren etorkizun politiko-juridikoa erabakitzea, guzti-guztiona da, ez dago inor salbuetsita ez behartuta eta eskubidea betetzeak gizartea batzen du eta herritarrak herri berean elkartzen. Kontrakoa, eskubidea ukatzea da zatitzailea, herritarrei galarazi egiten dielako eskubidea gauzatzea, gizartean erresumina eraginez eta bakea urratuz. Beraz ba, herri-eskubidea betetzea eginbehar politiko eta demokratikoa da, eta horrez gain esan nahi du, historian errealitatearen bilakaerak eragiten dituen behar berriei erantzutea. Batzar Nagusiek jakingo dute hurrengo abagune historikoan ere arduraz eta zuzen erantzuten. Hala opa diot Gipuzkoari.  Berdin Euskadiri. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube