Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/05/27

Xabier Iridoy Irungo zarata-maparen ekintza plana aurkeztu du

Ekintza plana udalaren web atarian argitaratuta dago, Planeamenduko Kontseilu Aholku-emailean aurkeztu ondoren, orain ekintza planari oharrak eta iritziak aurkezteko parte-hartze prozesu bat irekiko da
Xabier Iridoy

Irungo Udalak, Xabier Iridoy buru duen Hirigintza ordezkaritzaren ekimenez, joan den urrian Irungo udalerriko Zarataren Mapa aurkeztu zuen. Eta gure hiriak bizi duen egoera aztertuta, Iridoyk, Hirigintza eta Etxebizitza ordezkariak, Ekintza Planaren nondik norakoak azaldu ditu gaur, maiatzak 26.

Inguruko zarata legez araututa dago tresna normalizatu batzuen bitartez, esaterako, zonifikazio akustikoa, zarata mapak eta, azkenik, ekintza plan bat. Tresna horiek oso-osorik bete behar dira.

Zonifikazio akustikoa deitzen zaio zonak mugatzeari, lurzorua zertarako erabiltzen den kontuan hartuta, horrela, horietako bakoitzean, kutsadura onargarriaren muga jarriz. Tresna hori dagoeneko planeamenduan sartuta dago, 2015ean onartutako Plangintza Nagusian, hain zuzen.

Irungo zarata-mapari dagokionez, 2016ko abenduaren 5ean onartua, arrazoi desberdinengatik sortutako kutsadura akustikoa jasotzen du, adibidez, bide, trenbide azpiegiturek, aireportuak eta industriek sortutakoa. Eta azkenik, ekintza plan bat osatzea falta zitzaigun, aurreko bi faseetan lortutako emaitzen arabera bete ez diren kasuetan neurriak proposatzeko" adierazi du Iridoyk.

Zarataren mapa, beraz, baliabide normalizatu bat da baina bizilagunengan eragina duten zarata-foku guztiak ez ditu jasotzen, adibidez, hiriko zerbitzuek (garbiketa, lorezaintza, zaborrak) edo kanpoko jende pilaketek sortutakoak, gaueko aisialdian sortzen direnak edo eskoletako patioetan, kiroletako kantxetan edo karga eta deskarga lanetan sortutakoak.

"Zarata hauen ebaluaketa ez dago normalizatuta, ingurumenekoak deitzen diren gune horien kasuan bezala. Beraz, horiek ebaluatzeko erabili den metodoa izan da sonometroak jartzea eta era horretan zarata horien efektuak adierazi ahal izan dira zarata normalizatuen fokuetarako erabiltzen direnen antzeko mapa batean" argitu du ordezkari jeltzaleak.

Beraz, herritarrek eginiko eskariak aintzat hartu eta kontratatutako enpresak eginiko proposamenak baloratu ondoren, sonometroen bitartez neurketak egin ziren aukeratutako lau puntutan: gaueko aisialdiagatik Karrika Nagusian, Legia, Joaquin Gamón karriketan eta Eguzkitza eskolako jolastokiaren parean dagoen kalean.

Neurketa horiek egin ziren foku horiek zarataren tratamendu bateratu batean sartu ahal izateko. Beraz, gaur egun ekintza planak, zarata normalizatuaren mapari lotuta, beste foku horiek sortzen duten kutsadura ere jaso eta kontuan hartzen du.

Prozedura

Udalak ekintza plana urtebeteko epean onartuko du, bere zarata mapa onartzen denetik aurrera, eta plana onartzetik berrikusten den arte ez da 5 urte baino gehiago igaroko.

Gainera, ekintza plana onartu baino lehen, emisio akustikoen fokuak daudeneko entitateei eta inplikatutako gainerako administrazioei kontsulta bat egingo zaie. Hori dela eta, Hirigintza arloak eginak ditu jada beharrezko kontsultak Gipuzkoako Foru Aldundiko bideetako azpiegituren departamenduari, ADIF eta Euskotren erakundeei, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzako Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza departamenduari eta Foru Aldundiko Ingurumen departamenduari.

Informazio guztia jaso ondoren, ekintza-planean jasoko da eta informazio horrekin guztiarekin, dokumentua egingo da, gero onetsi dadin; baina, aurretik, jende aurreko informazio aldiaren tramitea egin behar da.

Amaitzeko, Xabier Iridoyk aipatu nahi izan du "Irungo zarata-maparen ekintza plana onartu eta gauzatzen hasiko dela urtea amaitu baino lehen. Beraz, hurrengo bost urteetan neurri zehatzak hartzen joango gara gure hiriaren kalitate akustikoa poliki-poliki hobetzen joan dadin".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube