Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/05/25

«Estatus politiko berriak lehiakortasunean eta gizarte ongizatean aurrera egitea ahalbidetuko luke» defendatu du Joseba Egibarrek

Nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza txanpon bereko bi aldeak direla gaineratu du
«Estatus politiko berriak lehiakortasunean eta gizarte ongizatean aurrera egitea ahalbidetuko luke» defendatu du Joseba Egibarrek

“Nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza txanpon bereko bi aldeak dira”. Hori da Euzko Alderdi Jeltzalearen azken hamarkadetako ekintza politikoaren oinarria. “EAJren proiektua nazio eraikuntzaren eta gizarte eraikuntzaren sinbiosia da. Eskubide sozialak eta ekonomikoak, nazio ikuspegitik, horiek izan dira gure jardueraren funtsezko helburuak”, nabarmendu du bozeramaile jeltzaleak, izan ere, “pertsonarik gabeko lurraldea paisaia hutsa da”.

DeustoForum Gipuzkoak antolatutako ongizateari eta lehiakortasunari buruzko mahai-inguru batean, Joseba Egibarrek defendatu duenez, bi kontzeptu horien –ongizatea eta lehiakortasuna- uztarketan “pertenentzia-sentimendusa etorkizuneko faktore ekonomikoa da eta, gainera, belaunaldiarteko elkartasuna bermatzen du”, azaldu du. “Une oro, belaunaldi bakoitzak belaunaldiarteko elkartasuna izaten du, komunitate politiko bateko kide izateko sentimendua daukalako”, zehaztu du.

Bere hitzartzean, hiru kontzeptu aipatu ditu, “guk gure ekintza politikoan beti uztartu izan ditugunak” eta “triangelu baten hiru erpinak izan daitezkenak”. “Lehena, lehiakortasunak akuilatu egiten du; bigarrena, elkarlanak indartu egiten du; eta hirugarrena, elkartasunak batu egiten du”, zehaztu du, “eta oreka mantentzea ez da erraza”.

Kontestu horretan, Joseba Egibarrek Euskadirentzako estatus politiko berriaren beharra berretsi du. “Agerikoa da estatus berriaz hitz egiten dugunean tresnetaz ere hitz egiten ari garela. Herri gisa benetan lehiakor izan ahal izateko erramintak behar ditugula esaten ari garela; herri bat, bere jendearekin harremanean, eta ongizate-planoetan aurrera doana”, adierazi du. “Zeren ongizate-planoetan aurrera egiteak emantzipazio politikoko planoetan ere aurrera egitea baitakar”.

Estatuak darabilen “trataera uniforme eta uniformizatzailearen” aurrean, Egibarrek nabarmendu du Estatuko lurraldeek “erradiografia erabat desberdina daukagula”. “Euskal erakundeok eskura izan beharko genituzke estatus politikoa egituratuko luketen tresnak, erronka horiei aurre egiteko”, ondorioztatu du.

Gure desberdintasun-adierazleak balioan jarri ditu bere hitzaldian –euskal ongizate eredua kritikatzen dutenei erantzunez-. “Esan diezadatela zenbat naziok edo estatuk duten Euskadik baino desberdintasun-portzentaia txikiagoa”, adierazi du. “Iparraldeko hiru herrialde baino ez daude, eta hortxe gaude gu, gorenean”, azpimarratu du.

Eta gure zerga-sistemaren progresibitateari eta ekitateari buruz, aditzera eman du “zergadunen %75ak diru-sarreren %30 ordaintzen duela, eta gainontzeko %25ak ordaintzen duela %70a; eta horietatik, herri honetan gehien irabazten duen %10ak ordaintzen duela guztiaren %45”. “Progresibitatea dago? Ekitatea dago?”, galdetu du; “begibistakoa da baietz”. “Hobetu liteke, baina ez da onargarria uneoro ezbaian jartzea progresibitatea eta ekitatea dauden ala ez, hemen gehien duenak gehiago ordaintzen du”, ohartarazi du.

Eztabaidan zehar, bozeramaile jeltzaleak nabarmendu du garrantzitsua dela “erakundeek emandako zerbitzu guztiak baliabide propioz finantzatzea”. Hori dela eta, honako galdera hau mahaigaineratu du: “prest al gaude ezinbestekoa ez dena alboratzeko, mundu guztiak ezinbestekoa izan dezan?”. “Hori da ebatzi beharreko eztabaida. Tentazioa izan dezakegu egungo belaunaldiari eskubideak bermatzeko eta hurrengo belaunaldietaz ahazteko. Horiek ez daude negoziazio-mahaian eta topo egin dezakete eszenatoki batekin non eskubide horiek ez baitiren egongo, eta non guk sortutako zorrak iraungo duen”, hausnartu du.

“Euskal kasuak 35 urteko arrakasta izan du, baina hori ez da etorkizunerako bermea”, ohartarazi du. “Hemen erabakiak hartu beharko dira. Baldin eta ongizate sozialari lotutako lehiakortasun-prozesua arrakastarako binomio bada, erabakigarria da komunitate politiko bateko, herri bateko, nazio bateko kide izatearen sentimendua”, amaitu du. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube