Alderdi Eguna 2019

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/03/27

Partaidetzarako deliberazio prozesua eskatuz Gurasosek aurkeztutako errekurtsoa ez du aintzat hartu Justiziak

“Beste behin, frogatzen du berme juridiko eta demokratiko guztiekin jokatu dugula”, azpimarratu du Imanol Lasa foru bozeramaileak
Imanol Lasa

Donostiako administrazioarekiko auzien 2 zenbakidun epaitegiak atzera bota du Gurasos Elkarteak Foru Gobernu Kontseiluak 2016ko uztailaren 28an hartutako akordioaren aurka aurkeztutako errekurtsoa. Akordio horren arabera, Kontseiluak ezezkoa eman zion hondakinen balorizaziorako azpiegitura eraikitzeko erabakiaren inguruan, partaidetzarako deliberazio prozesua zabaltzeko Gurasosen eskaerari.

Pertsonaren oinarrizko eskubideen jurisdikzio babeserako prozedura bereziaren bitartez aurkeztu zen helegitea. Herritarrek gai publikoetan parte hartzeko duten oinarrizko eskubidearen urraketa erabiltzen zuen argudio nagusi gisa (Espainiako Konstituzioaren 23.1 artikulua). Laburbilduz, epaiak dio arau horrek aintzat hartzen duena herritarren partaidetza politikorako eskubidea dela soilik. Eskubide hori norbanakoa dela, pertsona fisikoena (herritarrena), ez dagokiela elkarteei, eta ez duela barne hartzen aktuazio administratiboetan parte hartzea.

Epaitegiak ebazten duenaren arabera, “garbi dago urratutzat jotzen den partaidetzarako eskubidea ez dela Konstituzioaren 23.1 artikuluan txertatu daitekeen partaidetza politikorako eskubidea. Aktuazio administratiboan parte hartzeaz ari da, eta hori aurreikusita zegoen, Administrazioak –Aldundiak- bere erantzun idatzian argudiatzen duen moduan”. Epaiak Gurasos derrigortzen du prozesu-kostuak ordaintzera, 300 euroko gehienezko mugarekin. Apelazio helegitea aurkez dezake elkarteak.

Imanol Lasa foru bozeramaileak azpimarratu duenez, Justiziak “berretsi” egin du beste behin errauskailua eraikitzeko prozesua “berme juridiko, administratibo eta demokratiko guztiekin” garatu dela, “eskubide indibidualak eta kolektiboak” errespetatzen dituela: “Epaitegiek behin eta berriro eman diote arrazoia Aldundiari, ezker abertzaleak prozesua oztopatu eta bertan behera uzteko aurkeztutako errekurtso andanaren aurrean”. 

 “Hau ez da gauetik goizera egindako proiektu bat, urte luzez eztabaidatutakoa eta adostutakoa baizik. Plangintza integral eta arduratsuaren, eta ideia eta ekarpen guztiak aintzat hartu zituen partaidetza prozesuaren ondorioa da. Gipuzkoak denbora gehiegi darama hondakinen gaiaren inguruan bueltaka, eta herritarren gehiengoak eskatzen digu arazo honi konponbide jasangarri eta eraginkorra ematea, behingoz. Horretan dihardu Aldundiak”, amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube