Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/03/15

Langileen partaidetza bultzatzeko 200 enpresatan abian jarritako proiektuak babestu ditu Foru Aldundiak

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, Ormola eta Zorrotz enpresek bultzatutako parte-hartze ereduak ezagutu ditu gaur
Langileen partaidetza bultzatzeko 200 enpresatan abian jarritako proiektuak babestu ditu Foru Aldundiak

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, Ormola eta Zorrotz enpresetako arduradunekin lan bilerak izan ditu gaur Azpeitia eta Legazpin, hurrenez hurren, bertako instalazioetara bisita egin eta zuzenean ezagutzeko langileak konpainia horietako kapitalean parte-hartzeak eragindako onurak. Izandako bilera eta ondorengo bisitetan parte hartu du, baita ere, Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteko zuzendariak, Josetxo Hernandezek, eta Ekonomia Sustapeneko foru zuzendariak, Antton Tomasenak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den urtean 5,3 milioi euro bideratu zituen enpresetan pertsonen parte hartzea sustatu nahi duten proiektuak babesteko diru-laguntzetara. Laguntza lerro honen bitartez 2016an 144 proiektu diruz lagundu ziren, orotara 200 enpresatan abian jarritako proiektuak babestuz.

Ainhoa Aizpuru diputatuak bertatik bertara ezagutu ditu Ormola eta Zorrotz enpresek bide horretan egindako lana eta ibilbidea. Abiapuntu eta testuinguru desberdinak izan badituzte ere, biek langileen partaidetza bultzatu dute enpresen kapitalean eta kudeaketa sistemetan.

“Bi esperientzia hauek baieztatzen duten moduan, enpresetan pertsonen parte hartzea sustatzea  giltzarri da erabakitzeko zentroak lurraldean finkatzeko. Gipuzkoan adibide esanguratsuak ditugu, eta esperientzia horiek erakusten digute pertsonak enpresako erabakitze guneetara hurbiltzeak lehiakortasunean hobetzea ekar dezakeela, talentua sustraituz eta konpainiako kideak proiektuarekin duten konpromisoa indartuz”, adierazi du Ainhoa Aizpuruk, bilera eta ondorengo bisitak amaitu ostean.

Ormolak berriki zabaldu ditu bere instalazio berriak Azpeitiko Basarte industria gunean.  Injekzio bidezko moldeak egiten espezialista da enpresa hau eta 50 urteko esperientzia du. Azken urteotan partaidetza estrategia batean sakondu du eta, horren bidez, konpainiaren kapitalean sartu dira langileak. Gorka Sudupek, Ormolako koordinatzaileak, instalazio berriak erakutsi dizkie Foru Aldundiko ordezkariei. Gaur egun 40 langile ditu firma azpeitiarrak eta datozen hilabeteetan produkzioaren areagotze handia espero dute.

Legazpin izandako lan bileran parte hartu du, baita ere, Koldobike Olabidek, herriko alkateak. Batzarraren ondoren Zorrotzen instalazioak ezagutu ahal izan dizute, enpresako zuzendariak, Marian Tapiak, gidatuta. Legazpiko firma 1953an sortu zen eta gaur egun batez ere metala mozteko sortutako xafra industrialak egiten ditu. Zorrotzek ere azken urteotan langileen partaidetza bultzatzeko lerroa abiarazi du determinazio handiz.

Bi enpreson ibilbidea ezagutu ondoren, diputatuak baloratu du bide horretan egindako ahalegina eta lana. Alde horretatik, lurraldeko ekonomia sarearekin batera Foru Aldundia egiten ari den apustua berretsi du Ainhoa Aizpuruk, “Gipuzkoako enpresa sarea finkatu eta sendotzeko eta lurraldean sustraitzeko” estrategiaren barruan parte hartzea sustatzera bideratutako dinamikak bultzatzeko”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube