Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/03/14

Gaikako bilketa sistemaren aurka dauden herritar batzuk edukiontzi sistemari boikot egiten ari direla ohartarazi du Lezoko EAJ-PNVk

Hori dela eta, herritarrei edukiontzi bidezko sistema modu egokian erabiltzeko eta sistemaren aurka daudenei, errespetatzeko eskatu diete emaitzak hobetzea guztion erantzukizuna delako
Lezo

Altamiran ezarri den hondakinen bilketako sistemak hilabete gutxi batzuk daramatza martxan, baina edukiontzi sistemaren aurka daudenak sistema boikoteatzen saiatzen ari direla  ohartarazi dute jeltzaleek. Horregatik, Altamirako bizilagunei, eta bereziki, sistemaren aurka daudenei edukiontzi bidezko sistema behar bezala erabil dezaten eskatu diete,  guztion erantzukizuna delako sistemari erabilera egokia ematea emaitzak hobetzea lortzeko, atez-ateko sistema ordezkatua izan den herrietan gertatu den moduan. “Tristea da sistemari boikot egiten ari diren horien ekintzek bilketa emaitzetan eragin negatiboa izatea, asko baitira hondakinak gaika modu egokian sailkatzen jarraitu duten bizilagunak, eta uste dugu ez dela bidezkoa sistemaren aurkako jarrera hartu dutenek herritarren gehiengoaren esfortzua zapuztea”. Hori jakinik, EAJ-PNVk errespetuz jokatzea eskatzen die sistemari boikot egiten dabiltzanei. Jeltzaleek uste dute “denok helburu bera dugula; hau da, gaikako bilketako emaitzak hobetzea, sistema batekin edo bestearekin izan”, eta, horregatik,  “bilketa datuak hobetu ditzagun, guztion ardura da sistemaren erabilera egokia egitea”.

Era berean, azpimarratu dute laster herri osoan ezarriko den sistema erosoagoa izango dela herritarrentzat, beren beharretara eta ohituretara hobeto egokitzen delako. Bestalde, edukiontzi bidezko sistema garbiagoa, atez-ateko sistema bezain eraginkorra edota eraginkorragoa eta ekonomikoki jasangarriagoa dela gaineratu dute, urtean 268.500 euro aurreztuko baititu Lezok, eta diru kantitate hori herritar guztien onurarako izango diren proiektu eta ekimenetan inbertituko da.

Halaber, gogorarazi dute, herritarren gehiengoaren nahiari eta eskaerari erantzuteko asmotan jarriko dela sistema berria udalerri osoan. “Azken Udal-hauteskundeetan herritarrek garbi utzi zuten gobernu eta hondakin bilketa sistema aldaketa nahi zutela” adierazi dute jeltzaleek. “Hortaz, jarraitu dute, gobernua zoriondu nahi dugu hartutako erabakiagatik, eta espero dugu, guztion artean, errespetua eta borondatea oinarri hartuta eta sistema modu arduratsu eta zentzudunean erabilita, gaikako bilketa datuak hobetu ahal izatea”.

Horregatik, beste behin, sistemaren aurka daudenei edukiontzi bidezko sistema berria errespetatzeko eta dagoeneko gaikako bilketara ohituak dauden herritarrei eta hondakinak gaika modu egokian sailkatzen jarraitu duten bizilagun guztiei modu berean jarrai dezaten eskatu diete, bilketa emaitzak hobetzea lortzeko. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube