Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/10/04

Iparraldeko Mankomunitateak “aro berria” irekiko du “mugaz gaindiko lankidetzan”

Imanol Lasa foru bozeramaileak azpimarratu duenez, entitate berriak, “aitorpen instituzionala” ekartzeaz gain, erantzuna ematen dio “eskari historiko bati”
Imanol Lasa

Gipuzkoako Foru Aldundiak begi onez hartzen du Paueko auzitegiak Iparraldeko Mankomunitatearen sorreraren aurka jarritako bi helegite formalak atzera bota izana. Oraindik erakundearen zilegitasunaren inguruko auzia dute epaitegiek ebazteke, baina itxura guztien arabera entitate berria 2017ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, Communauté Pays Basque (CPB) izenarekin. Gaur egun Iparralden dauden 10 interkomunalitateak elkartuko ditu.

Imanol Lasa foru bozeramaileak azpimarratu duenez, Mankomunitate berriak euskal lurraldearentzat “aitorpena” ekarriko du, eta baita “bultzada berri bat” ere horren “instituzionalizazio prozesuari” begira. Haren aburuz, “aukera historikoa” jartzen du mahai gainean. “Aurreneko aldiz, izaera juridiko-politikoa duen entitate batean egongo da ordezkatuta Iparralde. Eskumenak izango ditu politika fiskalean. Bitartekoak eman ahal izango dizkio bere buruari, herritarren zerbitzupean politika publiko eraginkorragoak eta asmo handiagokoak abiarazteko, ekonomian, garraioan, etxebizitza politikan, lurralde antolaketan, ekipamendu eta zerbitzuetan, kulturan, edota hizkuntzan.

Entitate berriak “adostasun politiko nabarmena” duela adierazi du, 112 udalerrik onartu dutelako sorrera; 295.605 biztanleetatik 193.518 ordezkatzen dituzte guztira. Aurka, berriz, 45 udalerri agertu dira. XIX. mende hasieran jatorria duen “eskari historiko bati” erantzuna ematen diola ganeratu du. “Mamitze prozesua luzea izan da, azken hamarkadak iraun du, eta bertan, administrazioetako ordezkariek ez ezik, gizarte, kultura, ekonomia edota hezkuntza arloko eragile eta persona esanguratsuek hartu dute parte. Balio erantsia ematen dio horrek”.

Lasaren arabera, sortuko den errealitate instituzionalak “erronka eta galdera berriak” dakartza Iparraldekiko mugaz gaindiko lankidetzari dagokionean. “Zuzenean” eragingo diola eman du aditzera, aldaketak ekarriko baititu gaur egin lankidetza horrek dituen bi euskarri nagusien antolaketan, finantzaketan, eta eskumen banaketan: Euskal Eurohiriaren Garapenerako Agentzian, eta Conseil départemental-en (CG-64).

Lehen kasuan, Agentziak gaur egun dituen sei kideetatik bi, desagertu egingo dira Mankomunitate berriarekin: kide sortzailea bat (ACBA), eta ohiko kidea bestea (ASPB). Era berean, aztertu egin beharko da Agentziak gaur egun dituen kide gipuzkoarren “etorkizuneko rola” (Donostiako Udala, Oarsoaldea, eta Bisasoa-Txingudi Partzuergoa). CG-64rekiko harremanei dagokionez, Aldundiak III. Hitzarmena sinatu du duela gutxi, baina Mankomunitatearen sorrera dela-eta, hitzarmen horren baitan “adostutako hainbat arlori” eragiten die eskumen banaketa berriak.  

Edozein modutan, Lasa baikor agertu da, haren iritziz, hemendik aurrera irekitzen den “eszenatoki berriak” ahalbidetu egingo  baitu “mugaz gaindiko lankidetzan sakontzen eta gure lotura naturalak indartzen jarraitzea. Beharrezkoa izango da adaptaziorako epe bat, baina garrantzitsuena da bi aldeok dugula elkarlanean jarraitzeko eta elkarlanean garatzen ari garen proiektuei jarraipea emateko borondatea -30 egitasmo zehatz baino gehiago dira-”. Hala, aurreratu duenez, Aldundiak kontaktuak hasiko ditu Iparraldeko ordezkari politikoekin lankidetzarako aukera berriak aztertu, “eta Europako testuinguruan errealitate berri honi egokitzeko egitura berriak lantzeko, Lurralde Lankidetzarako Europar Agrupazio bat, esaterako”.

Aurrerapauso garrantzitsutzat jo du Iparraldek “ekintza tresna propioak” edukitzea. Aurrerantzean, Aldundiarekin “interlokuzio definituagoa eta unitarioagoa” edukitzeko aukera ere ematen duela esan du, mugaren bi aldeetan dauden erronkei aurre egin ahal izateko. Lehentasunetan “bat” datozela nabarmendu du foru bozeramaileak: gizarte politikak, lurralde garapen orekatua, enplegua sustatzea, turismo jasangarria, berdintasun politikak, smart city, edota administrazioen modernizazioa, “gobernantza oneko eredutik abiatuta”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube