Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/09/01

EAJ-PNVK proiektu progresista duen hautagai-zerrenda abertzalea aurkeztu du, Euskadik Aurrera egiten segi dezan

Joseba Egibarrek adierazi duenez, EAJ-PNVren proiektu politikoaren benetako motorra erabakitze eskubidea da, “txanpon bereko alde biak baitira nazio eraikuntza eta eraikuntza soziala”
EAJ-PNVK proiektu progresista duen hautagai-zerrenda abertzalea aurkeztu du, Euskadik Aurrera egiten segi dezan

EAJ-PNVren Gipuzkoako hautagaien zerrenda aurkeztu du Andoni Ortuzar EBBko presidenteak Donostiako Haizearen Orrazian, eta bere hitzetan, EAJ-PNVren hautagaiegan osagarriak diren “eskarmentua eta berrikuntza” goraipatu ditu. “Proiektuak, ideiak, baina, beste gauza guztien gainetik, pertsonak” nabarmendu du, “hori da EAJ-PNVk eskaintzen duena Euskadin eta, hemen, Gipuzkoan ere bai”. “Direnak eta ez direnak agindu, baina esku artean ia ezer ez duten horien aurrean, lurrari lotutako proiektua eskaintzen dugu, gauzak egiteko gaitasuna dagoeneko erakutsi duten pertsonekin, herri hau zuzendu duten pertsonekin, lurraldea hobetu dadin lan egin duten pertsonekin” adierazi du.

“Gipuzkoan ezagutzen dituzte zeruak eta lurrak promes egiten dituztenak, infernura eramateko gero”, eta horregatik Gipuzkoako Foru Aldundi eta Donostiako udal gobernuen ereduekin batera, Urkullu Lehendakariaren lau urteko kudeaketak argi erakusten dute EAJ-PNVren egiteko modua.

GBBko presidenteak bestalde, hautagai-zerrenda abertzalea dela aipatu du, justizia sozialean oinarritutako proiektu progresistarekin. Horrela azaldu du Joseba Egibarrek EAJ-PNVren hautagaitza. “Gipuzkoako euskaldunak gara” azpimarratu du, “eta jakin badakigu zein legebiltzarretarako aurkezten ari garen, Eusko Legebiltzarrerako, non lau euskaldunetatik hiru dauden/gauden ordezkatuta”. Beraz, “euskal nazioaren parlamentua da” adierazi du.

Abertzale izaera “alde batera” uzten duen ezker abertzalearen aurrean, zeinak gaur egun, “ezker independentista” gisa aurkezten duen bere burua, Joseba Egibarrek EAJ-PNVren abertzaletasuna aldarrikatu du. Hori dela eta, esan du, EHBilduren esloganak – “Aquí y ahora, un país compartido”- Jaime Mayor Orejak 1997an erabili zuena dakar gogora –“Un proyecto político compartido”. “Guk, abertzale gisa aurkezten dugu geure burua, garen herriaren proiektua sentitzen dugulako, Euskadiren proiektua geure sentitzen dugulako, alegia” azaldu du, “horregatik sartu dugu esloganean, Eraiki Euskadi”.

“Ez da hemen eta orain, mundua gaur abiatuko balitz bezala” zehaztu du, “herri hau eraikitzen aritu da, bai nazio alderditik, baita alderdi sozialetik ere”. “Batzuen batzuk duten arazoa, ordea, da, politikara etorri direnean ikusi dutela badagoela gizartea babesteko euskal sistema sendo bat” ohartarazi du. “Eta guztiok egin behar dugu ahalegina gizarte babeserako sistema progresista eta elkartasunezko horrek iraun dezan” erantsi du.

Egibarren ustetan, “txanpon bereko alde biak dira nazio eraikuntza eta eraikuntza soziala”. “Komunitate politiko bateko kide zarela sentitzeak, elkartasuna garatzen du eta eraginkorragoa bihurtzen” arrazoitu du.

Eta sistema hori guztia zaindu eta gordetzeko, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du EAJ-PNVko legebiltzarkideen bozeramaleak, hori baita EAJ-PNVk duen proiektu politikoaren “benetako motorra”. “Horixe baita trakzioa egiteko motorra, subjektu politikoaren aitortza – euskal Herria badela, herri katalana badela – eta funts berekoa da erabakitzeko eskubidea” azpimarratu du.

 “Badakigu zer nahi dugun”, adierazi du, eta “hori helarazi nahi diegu herritarrei: Euskadi abertzalea, progresista eta justua, aurrera egiten segituko duena”.

EBBko presidente Andoni Ortuzarrek eta GBBko Joseba Egibarrek aurkeztu dute EAJ-PNVren Gipuzkoako hautagaien-zerrenda. Horiekin batera egon dira, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza, Ahaldun Nagusi Markel Olano eta Donostiako alkate Eneko Goia. Zerrendako hirugarren hautagai den Arantza Tapia ere bertan izanda. Ez ordea Legebiltzarreko Presidente Bakartxo Tejeria, erditu berria delako.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube