Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/07/05

Enpresei produktu berriak merkaturatzen laguntzeko programa jarri du martxan Foru Aldundiak

Izaera berritzailea duten proiektuen komertzializazioari bultzada emateko 700.000 euroko diru-laguntza onartu du Kontseiluak
Imanol Lasa eta Ainhoa Aizpuru

Produktu berrien merkaturatzea bultzatzeko enpresei laguntzea du helburu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak onartu duen programa berriak, komertzializazio aurreko prototipo fasean dauden teknologia eta egitasmoak “industriara bideratzeko moduko eta merkatuaren beharren araberako produktu eta zerbitzu” bihurtu daitezen. Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak, hain zuzen ere, 700.000 euro bideratuko ditu ezaugarri berritzaileak dituzten proiektuen merkaturatzea errazteko ekimenak babestera.

“Enpresek eta administrazioak ahalegin handia egiten dugu I+G+b sustatzeko, eta, garatutako proiektuen kopurua eta kalitatea behar bezalakoa bada ere, produktu berriak merkaturatzearen emaitzak ez dira beti esperotakoak”, azaldu du Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapeneko diputatuak, Kontseiluaren ondoren egindako asteroko prentsaurrekoan. Gaur ezagutzera emandako proiektuak egoera horri aurre egin nahi dio,  “laborategiko emaitzaren eta merkatuak espero duen produktuaren arteko tarteari –heriotzaren harana esaten zaion horri, hain justu”, argitu du Aizpuruk.

Diputatuak jakitera eman duenez, programa honek lagunduko ditu “merkaturatze aurreko fasean dauden produktuak, oraindik garatzeko edota egokitzeko beharra dutenak eta industriaratzeko proiektuak”, beti ere ahalik modurik hoberenean merkaturatzeko. Aipatutako egitasmoek honako baldintzetakoren bat bete beharko dute:

•  I+G+b jarduerak, produktu berria garatzen bukatzeko: industria diseinua, produktuaren ingeniaritza, prototipoa balioztatzea eta berriz diseinatzea…

•  I+G+b jarduerak, produktu berria industriaratzeko: industriaratze azterketa; ekoizpen bide berrien garapena; material, molde edo tresna berrien azterketa…

•  I+G+b jarduerak, produktu berria merkaturatzeko: patentagarritasuna, balioztatzea eta homologazioa, jabetza industriala eta patentea…

Bestalde, Aizpuruk azpimarratu du diruz lagundutako proiektu orok “izaera berritzailea” beharko duela izan. Xede hori ziurtatzeko, aurreko faseetan produktua garatzeko babes publiko esanguratsua jaso dela egiaztatu beharko da.

Diru-laguntza deialdi honek, zeinek Produktuaren Berrikuntza duen izena, bat dator Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin nahiz berrikuntzako europar eremuko H2020rako programarekin. Izan ere, “industriaratzea azkartu nahi du programa honek, ideiak merkatura hurbil daitezen”; horretarako, arreta berezia eskaintzen die garatutako ezagutza egokitzeko beharrezkoak diren jarduerei, eta merkatura helduko den produktu edo prozesu bat gauzatzeko baldintzak sortzen ditu.

Foru Aldundiaren helburu estrategikoetako bat da ekonomiaren susperraldia finkatzea eta, horretarako, Ekonomia Sustapeneko departamentua Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna bultzatzeko neurriak hartzen ari da. Besteak beste, “produktu eta zerbitzu berriak” sortu daitezen lagunduz eta, oro har, industria eta gainontzeko sektoreen bidelagun izanik, “gure ekonomiaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko gure babesa eskainiz”. “Arlo honetan eragile eraginkor izateko bokazioa dugu, gure enpresek egin beharreko apustuak determinazio osoz lagunduz. Onartu berri dugun programa hau pauso berri bat da norabide horretan, kasu honetan gure produktu berritzaileek merkatura salto egiteko behar duten laguntza eskainiz”, laburbildu du Aizpuruk.

Langabezia datuak

Ekonomiaren sustapenari lotura, Imanol Lasa foru bozeramaileak begi onez hartu ditu langabeziaren arloan atzo argitaratu ziren datuak. Lan Ministeritzak eskainitako datuen arabera, gaur egun Gipuzkoan 39.075 lagun daude langabezian. Horrek, maiatzeko datuekin alderatuz, 1.257 langabetu gutxiago daudela esan nahi du. Hau da, aurreko hilabetearekin alderatuz, %3,12ko jaitsiera. “Guztira, aurreko urteko ekainean baino 4.075 langabe gutxiago daude. Hilabeteko jaitsiera hau sektore guztietan gertatu da, nekazaritzan eta sekulan enplegurik izan ez dutenengan barne. Gizarte Segurantzaren datuak ere hobetu dira. Egoera ekonomikoa hobera egiten ari den seinale”, zehaztu du.

Binztanleria aktiboaren azken inkestaren arabera, gaur egungo langabezia tasa %11,6koa da. Edonola ere, zuhurtzia eskatu du bozeramaileak. “Hilabeteko datuetatik haratago, azpimarratu nahi nuke joera orokorra positiboa dela, langabezia datuak pixkanaka-pixkanaka hobera ari direlako egiten. Joera hori sendotzeko lanean jarraitu behar dugu, erlaxatu gabe eta autokonplazentzian erori gabe. Ekonomiaren susperraldia finkatzea da Foru Aldundiaren helburu nagusietako bat eta apustu horretan sakontzen jarraitzeko determinazioa dugu. Ikusten ari garen susperraldi hori pertsona guztiengana iritsi behar da, familia guztietara, kalitatezko enplegu baten bitartez”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube