Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/12/12

Urkulluk euskal hiritargoa gonbidatu du A-20an bozkatu baino lehen “Madrilen Euskadiko interesak nork aldeztuko ote dituen” galdetzera

Andoni Ortuzarrek, EBBren presidenteak, Donostian euskal herritar guztiak deitu ditu “aurre egitera” Madriletik “LOMCE, Medikamentazoa, Lan Erreforma, Mozal Legea edo murrizketak inposatu ez diezazkiguten”
Urkulluk euskal hiritargoa gonbidatu du A-20an bozkatu baino lehen “Madrilen Euskadiko interesak nork aldeztuko ote dituen” galdetzera

Iñigo Urkullu lehendakariak abenduaren 20an bozkatu baino lehen hausnarketa ariketa bat egitea eskatu dio gaur Euskal Hiritargoari. “Euskadik asko izango du jokoan hurrengo lau urteotan. Garai kritikoak izango dira. Igandea baino lehen, egin diezaiogun galdera bat geure buruari: ‘Madrilen nork aldeztuko ditu zure interesak?’”. Urkullu gaur arratsaldean izan da Donostian, Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, eta Joseba Agirretxeak, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak ere hitz egin duten ekitaldi politikoan.

Urkulluk A-20an EAJ-PNVri bozkatzea eskatu du “Madrilen ongizate eta garapenerako euskal eredua defendatzeko” eta “nazio gisa hazten segitzeko”. Trinitate plazan ospatu den ospakizunean, Urkulluk zera salatu du. “Alderdi Popularraren Gobernuak bere gehiengo absolutua baliatu izan du, aldebakartasun osoz, krisi ekonomikoa eta herrialde ereduaren krisia kudeatzeko. Lau urteko defizit eta zorra, Gizarte Segurantzaren itsulapikoa husten egon diren lau urteak, ekonomia produktiboari babesa eman gabe, gizarte laguntzetan murrizketak eginez. Lau urte kudeaketa lanean zorroztasun eta seriotasun faltarekin. Rajoyren espainiar gobernuak atea itxi dio elkarrizketari. Inposaketaren eta euskal gobernuaren kontra egiteko legealdia izan da, urraketen eta ukapenenen legealdia, lege inbasibo eta birzentralizazioarena”. Eta, zapalkuntza honen aurrean, Lehendakariak EAJ-PNVk gorpuzten duen “eredu alternatiboa” eskaini du. “Zorroztasunean eta kudeaketaren seriotasunean oinarritutako egitasmoa, enplegu aukerak sortzeko. Euskadiren hazkunderako egitasmoa. Egitasmo positiboa eta eraikitzailea eskaintzen dugu. Propio duguna defendatzen dugu, gu ez goaz inoren kontra. Autogobernuak Euskadi instituzionalizatzea eta funtzionatzen duten zerbitzu publikoen eredua eraikitzea ahalbidetu digu”. Eta euskal hiritargo osoari bidali dio mezu argi bezain sendoa: “Alderdi Popularraren gobernuak, funtsean, agerian dagoen gauza bat eragotzi nahi du: bestela kudeatzea, zorroztasunez, pertsonei begiratuz, kalitatezko gizarte zerbitzuak bermatuz eta ekonomia produktiboa bultzatuz… Euskal ereduak funtzionatzen duela ezkutatu nahi dute. Horregatik zapaldu nahi dute eta horregatik defendatzen du Euzko Alderdi Jeltzaleak. Horregatik eskatzen dugu botoa Euzko Alderdi Jeltzalearen alde ematea, Madrilen gure eredua defendatzeko eta Nazio gisa hazten segitzeko”.

Andoni Ortuzarrek, EBBren presidenteak, berriro ere azpimarratu du hauteskunde hauek Euskadirentzako daukaten garrantzia. “Euskaldunok asko dugu jokoan hauteskunde hauetan. Madrilen era batean edo bestean eragingo diguten erabaki asko hartuko dira. Eta guk behar besteko indarra izan behar dugu inork ere hemen kaltetuko gaituen ezer inposa ez diezagun. Jakin badakigu aurrean zer dugun. Murrizketa eta birzentralizatze etengabea eman den lau urte hauetan sufritu dugu. PPren berdinketa zapaltzailea. Rajoyk ez du Lehendakariarekin hitz egin nahi izan. Ez da indarkeriaren amaierarekin inplikatu. Babes guztia Kolonbiako bake planari, ondo dago hori, baina hemen, zeozer egin behar zen tokian, ezer ere ez. Lau urte gure transferentziarik gabe. 32 daude pendiente”. Hori dela eta, euskal herritarrak deitu ditu “egoerari aurre egitera” eta “gurea dena defendatzera, hemen bizi eta lan egiten duen jendearen interesak aldezteko, guri dagokiguna erabaki ez dezaten, LOMCE, Medikamentazoa, Lan Erreforma, Mozal Legea, murrizketak edo guk geureganatuko ez ditugun erabakiak inposa ez diezazkiguten”.

Halaber, Ortuzarrek argi eta garbi utzi nahi izan du, Ezker Abertzalearen aldetik EAJ-PNVren kontra egiten ari diren deskalifikazioekin ere (“atzokoan Oskar Matutek artzain otzan deitu gintuen”), hauteskunde hauetan EAJ-PNVren aurkaria ez dela EH Bildu. “Gure aurkariak dira zentralismoa ekarri nahi digutenak eta beren murrizketak ezarri nahi dizkigutenak. Gure autogobernua ezeztatu nahi dutenak. Ekonomia Itunarekin amaitu nahi dutenak. Erabakitzeko eskubidea ukatzen digutenak. Horiek dira gure aurkariak. Oraintxe daukagun ongizatea eta autogobernua arriskutan jarri ahal dituzten indarrak. Bada garaia, gure gizarteari, euskal emakume eta gizonei, Herri honekin konpromiso bat hartzea eska diezaiegun. Abertzaleei, bereziki. Boto galdurik ez, ezin da boto bakarra ere etxean geratu. Abertzaletasuna erakustea eskatzen dugu. Abertzalea izatea baita zure Aberria maitatzea. Lehenik Euskadi. Botoa ematera joan behar dugu denok. Euskadiren alde egin behar dugu”.

Beste alde batetik, Joseba Agirretxeak 1977. urteko lehen diputatu jeltzaleak omendu nahi izan ditu, beraiei esker EAJ Euskadiko lehen indar politikoa izan zelako. Agirretxearen ustez, “jeltzale haiei esker Euskal Herriaren memoria berreskuratu zen eta guk bide berdina jarraituko dugu, ideal berdinetan sinetsiz eta hauek defendatuz”. Kongresurako hautagaiak gogora ekarri ditu, baita ere, EAJk Ezker Abertzalearen eskutik jasan izan dituen kritikak Madrilen aurkezten zelako, “eta 30 urte beranduago beraiek ere aurkezten dira, orain hori egitea zergatik ondo dagoen azaldu eta azalpenik eman gabe”, gehitu du. Bukatzeko, Joseba Agirretxeak EAJrentzako bozka eskatu du. “Inork ez du Euskadi EAJk baina hobeto defendatu, ez du defendatzen eta ez du defendatuko”, ziurtatu du. Bere hitzaldian, EAJ bozkatzeko hainbat arrazoi eskaini ditu: “Estatus politiko berria defendatuko dugu, gure autogobernua babestuko dugu, gure eskumenak errespetaraziko ditugu, Euskadiren etorkizunerako beharrezkoak diren azpiegiturak exijituko ditugu, giza eskubideen eta espetxe-politika berri baten alde egingo dugu, eta gure eredu ekonomikoa eta bidezko pentsio duin batzuk defendatuko ditugulako”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube