Alderdi Eguna 2019

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/10/19

Foru Aldundiak ez du bermerik ikusten partaidetzazko aurrekontuen proiektuan, baina aintzat hartuko ditu aurkeztutako proposamenak

Teknikoki, ekonomikoki eta politikoki gabeziak atzeman baditu ere, “alor positiboak” berreskuratuko ditu
Foru Aldundiak ez du bermerik ikusten partaidetzazko aurrekontuen proiektuan, baina aintzat hartuko ditu aurkeztutako proposamenak

Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak agerraldia egin du gaur Batzar Nagusietako Partaidetza batzordean, aurreko legealdian foru gobernuak iragarritako partaidetzazko aurrekontu proiektuaren inguruan hartutako erabakien berri emateko. Prozesu hori aztertzeko, joan den irailaren 4an bilera egin zen Departamentuko teknikariekin, eta parte hartu zuten aholkularitza enpresetako, garapen agentzietako eta Udal Elkarteetako ordezkariekin, Lasak zehaztutakoaren arabera. 27 lagunek hartu zuten parte.

Bilera horretatik, eta kargura iritsi ondoren hasitako hausnarketa prozesutik, foru gobernu berriak ondorioztatu du Bilduren aurreko gobernuak iragarritako partaidetzazko aurrekontuen proiektuak gutxieneko bermeak ez dituela betetzen, eta gabezia ugari dituela, metodologikoki, politikoki eta ekonomikoki: “Hori ez dugu guk esaten, aipatutako bileretan jakinarazi digute. Gainera, adostasun politikorik ez zen izan, eta hauteskunde garaian jarri zen martxan. Horrek atzera eginarazi zuen parte hartzeko asmoa zuen jende asko”.

Hala, Lasak adierazi du joan den legealdiko foru gobernuak prozesurako agindutako 20 milioiak ez daudela inon aurreikusita: “Ez dago diru atalik edo kreditu konpromisorik, ez aurtengo aurrekontuetan, eta ezta Bilduk aurkeztutako proposamenean ere. Horrek argi erakusten du prozesuaren kutsu elektoralista eta etekin politikoa ateratzeko asmoa. Guk ez dugu gai hau lehia politikorako erabiliko. Gauzak txukun egin nahi ditugu, besterik gabe”.

Bailaretako bileretan parte hartu zuten lagunen kopurua azpimarratu du ere: “360 pertsonek ezin dezakete beren kasa erabaki non inbertituko diren 20 milioi. Hori edonork uler dezake. Ez da teknologia berrien potentziala aprobetxatu partaidetza zabaltzeko. Formatu presentzialera mugatzea eredu zaharkitua da. Guk kanal berrien aldeko apustua egin nahi dugu”. Gaineratu du bilera “gehiegi” egin direla, “azkarregi”, eta proiektu askok ez dutela gutxieneko “zehaztasun maila”, edo ez direla Foru Aldundiaren eskumena.

Halaber, argudiatu du kasu batzuetan ez zela hasieran ezarritako helburua bete, hots, eskualdeko ikuspegia zuten proiektuak bultzatzearena. “Bailara edo eskualde mailako enfoke hori falta da, proiektu batzuk tokian-tokikoegiak dira, eta gainera ordezkagarritasun maila bera eman zaie norbanakoei eta elkarte eta kolektiboetako ordezkariei. Herritar bakar batek ezin dezake 300 lagun ordezkatzen dituen beste baten pisu bera eduki”.

Edonola ere, bileretan egin ziren proposamen guztiak aztertzen ari dira foru teknikariak, diputatuak agindutakoaren arabera. “Bana-bana hartuko ditugu kontuan, parte hartu zuten pertsona eta taldeei errespetua zor diegulako, eta guztiek jasoko dute erantzuna idatziz. Prozesuaren alor positiboenak aprobetxatuko ditugu, aurkeztutako ideiei erreparatuz. Bideragarriak direnak, aurrekontuetan txertatuko ditugu, urteroko partaidetza egitasmoen bidez, eta noiz eta nola gauzatuko ditugun argituko dugu”.

Azken asteetan zehar, diputatua pertsonalki biltzen ari da prozesuan hartu zuten pertsona eta ordezkariekin, bailaraz-bailara, Aldundiaren jarrera azaltzeko, “gardentasun osoz”. “Esplikatzen ari gara gure ustez prozesua zergatik ez zen modu egokian kudeatu, egia aurretik dugula. Ondo ulertzen ari dira”.

Lasak garbi utzi du aurrekontu parte-hartzaileen aldeko apustuak eta ibilbideak ez dutela etenik izango, eta dei egin die gainerako talde politikoei gai hau ika-mika politikotik atera dadin. “Gauzak ondo egin direnean ez dugu inolako arazorik izan hala aitortzeko. Adibidez, joan den legealdiko zenbait partaidetza prozesu talde politiko guztien babesarekin eta ekarpenekin atera ziren aurrera, aho batez. Horrela izan denean goraipatu egin ditugu. Hemen ere elkarlanean jardutea dagokigu”.

Azken partaidetzazko aurrekontu proiektuak, aldiz, ez ditu “gutxieneko baldintzak” betetzen, haren esanetan, eta “ikasteko” aprobetxatu behar da esperientzia: “Ondorioak atera behar ditugu; zer egin den ondo eta zer gaizki, aurrerantzean akats berdinetan ez erortzeko”. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube