ABIAN Zurekin - Batzar Nagusia

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/05/25

ESKERRIK ASKO, GIPUZKOA! ESKERRIK ASKO, DONOSTIA!

“EAJ-PNVk ez du inor umiliatuko, ez eta inposatuko ere. Gipuzkoarrek eskaini diguten konfiantza apaltasunez eta inteligentziarekin kudeatuko dugu”
ESKERRIK ASKO, GIPUZKOA! ESKERRIK ASKO, DONOSTIA!

Atzoko hauteskundeetako emaitzak ikusita, eskerrak eman behar dizkiegu EAJ-PNVrengan konfiantza izan duzuen milaka eta milaka gipuzkoarrei. Lau urte gogor izan dira, oposiziotik modu eraikitzailean aritu garenak, eta argi gelditu da EAJ-PNVrena dela alternatiba erreal bakarra. Ez dizuegu huts egingo.

Hitz eman genizuen azken legealdiaren ezaugarri izan den inposiziotik eta kontroletik aldendu eta herritarren ondoan izango ginela, gipuzkoar guzti-guztiak errespetatuz. Eta hala egingo dugu. “EAJ-PNVk ez du inor umiliatuko, ez eta inposatuko ere. Gipuzkoarrek eskaini diguten konfiantza apaltasunez eta inteligentziarekin kudeatuko dugu”, ziurtatu du Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek, botoen kontaketa amaitu ondoren Donostiako Antigua auzoan egindako ospakizunean.

Aurreratu du EAJ-PNVk ez duela nahi Gipuzkoa geldirik egotea, eta, horregatik, gogor jardungo duela adostasunak bilatu eta lurraldeak aurrera egin dezan. Ziurtatu du jeltzaleek pazientzia politikoa izango dutela, eta ez dutela bidezidorrik hartuko, batbatekotasunak ez gaituelako urrutira eramango.

Egibarrek esan du bart gaueko emaitzek bi irabazle argi uzten dituztela: Gipuzkoako Ahaldun Nagusi eta Donostiako Alkate izango diren Markel Olano eta Eneko Goia, hurrenez-hurren. Gogoratu du ezker abertzaleak “denetatik egin duela gu astindu, kalumniatu eta kanpainatik desbideratzeko. Baina ez dute lortu. Patxada, gogoeta eta autokritika egin dezatela eskatzen diegu, eta pentsa dezatela zergatik jaso dituzten hain emaitza txarrak”.

Egibarrek Patxi Ezkiaga zena gogoratu nahi izan du, udal eta foru hauteskundeetako azken kanpainaren gidaritza hark eraman zuelako, eta harro egongo zatekeelako Gipuzkoa osoko, eta bereziki, bere Tolosa maitearen Alkatetza Olatz Peonen esku gelditu dela ikusita.

Jarraian, Markel Olanok hartu du hitza, eta nabarmendu du atzoko emaitzek “esanahi politiko oso garrantzitsua” daukatela. “Herritarrek mezu garbia helarazi digute: gatazka eta inposizioaren eskema alde batera utzi eta elkarlana nahi dutela. Datozen lau urteetan, hori lortzea izango da nire helburua”, hitz eman du.

Olanok aurreratu du bere erronka izango dela Gipuzkoako kultura politikoa eraldatzea, bere asmoa baita lurraldearen etorkizuna guztion artean eraikitzea.

Eneko Goiak ere egin du agerraldia, donostiarrei emandako konfiantza eskertu eta ardura behar bezala kudeatuko duela ziurtatzeko. “Nik uste nuen bezalakoa da Donostia. Aldaketa ahalbidetu duen erabaki zentzuduna hartu du, eta hartutako erabakia ona izan dela frogatuko dugu”, azaldu du.

Eskuartean ardura handia daukala onartu du, baina lasai dagoela ere adierazi du, orain arte bezala, alderdiaren eta donostiarren babesa eta lankidetza izango dituelako. “Gauzak ondo egiteko gai izango gara eta donostiarrei ez diegu huts egingo”, ondorioztatu du.

Goiak ere esker oneko hitzak izan ditu azken asteotan hainbeste lan egin duten boluntario, lankide eta alderdikideentzat. Horien artean bi aipamen berezi egin ditu: zendu berri den Mari Carmen Robles lankidea eta Donostiako azken alkate jeltzale izan zen Ramon Labaien. Kanpainan zehar paper berezia izan duten bere emaztea eta Imanol Lasa ere ekarri ditugu gogora.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube