Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/05/14

Egibar: “Ez dut onartzen garaitu nahi izatea umiliatu eta inposatzeko”

Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak ziurtatu du EAJ-PNVk irabazi nahi duela gobernatzeko, akordioak bilatu eta Herri bezala aurrera egiteko.
Joseba Egibar

Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek, gogor kritikatu du ezker abertzalea hauteskunde hauetarako aukeratu duen leloarengatik: Garaile. “Garaitu nahi duenak norbait menderatu nahi du, inposatu eta kontrolatu. EAJ-PNVk, ordea, irabazi nahi du gobernatu, akordioak bilatu, arazoak konpondu, gizarte justuago bat eraiki eta Herri gisa aurrera egiteko, inor bide bazterrean utzi gabe”, adierazi du.

Egibarrek gogoratu du ezker abertzaleak beti izan duela garaile eta garaituen eskemara jotzeko joera. “Gogoan dut nola 1959az geroztik, ETAren garai epikoenetik, nahi izan duten norbait garaitu: Espainia eta Frantziako Estatuak, bi herri horietako gobernuak… Azkenean, borroka armatua utzi eta, nor garaitu nahi dute orain? EAJ-PNV? Bada ez dute lortuko”, ziurtatu du, eta argi utzi du ez duela inondik inora onartzen norbaitek garaitu nahi izatea beste bat umiliatu eta inposatzeko.

Egibarren ustetan, “ezker abertzaleak badaki ez duela konbentzitzen, eta horregatik dauka garaitzeko beharra”. “Bakeaz hitz egiten dugunean diote ez direla behar garaileak eta garaituak, baina politikan hala nahi dute.  Politika erredukzionismo horretara eraman nahi dute”, esan du. Eta, jarraian, erantsi du kontzeptu hori dela, hain zuzen ere, EAJ-PNV eta ezker abertzaleaalderatzen dituena: “Guk ez ditugu garaile eta garaituak nahi. Herritar guztiak berdin errespetatzen ditugu. Herriarena da hitza eta erabakia, eta guk konpromisoa hartzen dugu herritarren eskutik lanean jarraitzeko”.

Aldundirako EAJ-PNVren hautagaia, Markel Olano, izan da hitza hartzen hurrengoa. Eta nabarmendu du datorren asteburuko hauteskundeetan bozka emateak berebiziko garrantzia izango duela Gipuzkoari behar duen aldaketa emateko. “Bozka ematean lurraldeak behar duen eraldaketaren aldeko agente aktiboa bilakatuko zara. Ez baduzu egiten, egungo egoera mantentzen lagunduko duzu”, argudiatu du. Gogoratu du azken Udal eta Foru hauteskundeetan hainbeste herritar etxean gelditu izan ez balitz, Gipuzkoa ez zatekeela egungo egoeran egongo. “Hori da datozen egunetan helaraziko dugun mezua: herritarrak direla protagonistak, eta haien botoaren bidez egin daitekeela eraldaketa”, defendatu du.

Olanok jakinarazi duenez, herritarrek kudeatzeko, gizartea ikusteko eta politika egiteko Gipuzkoan dauden bi ereduren artean aukeratu beharko dute: “EAJ-PNVk defendatzen duen akordioa eta elkarlanaren eredua eta ezker abertzalearen inposizioa, mesfidantza eta gizartearekiko urruntasunarena”. Hondakinen kudeaketaren eredua aipatu du gogoratzeko ezker abertzaleak ez diela jaramonik egin atez atekoaren aurka bildu diren 70.000 sinadurei. Halaber, Gipuzkoako Aldundia kritikatu dugizarte zerbitzuak publiko egin nahi izateagatikKabia proiektuaren bidez. Zentzu horretan, gogoratu du Aldundia suntsitzen saiatu dela Gipuzkoan historikoki gizarte sozialetan lan egin duen irabazi asmorik gabeko boluntarioen sarea. 

Horren aurrean, ziurtatu du EAJ-PNV herritarren ondoan egongo dela, eta haiekin kolaboratuko duela konfiantza daukalako haiengan eta ez dituelako kontrolatu nahi. “Jarrera erabat kontrajarriak ditugu. Eta herritarren aukeratu egin beharko dute, jakinez EAJ-PNV dela Gipuzkoarako alternatiba bakarra”, adierazi du.

Iñigo Urkullu Lehendakaria Iñigo Urkullu lehendakaria izan da hitza hartzen hurrengoa, eta gogoratu du EAJ-PNVk euskal gizarteari eskaintzen dion ereduaren ardatza honakoa dela: akordioa. “Geure gizartearen oinarria da gizarte kohesioa. Enpresa eta industriari babesa emateak sortzen ditu lanpostu berriak. Enpleguan, ziaboga emate hasi gara dagoeneko, egoerari aurre hartzen, bulegoetatik atera eta enpresa eta industriak bisitatzen ari gara, hurbiltasuna adierazten, laguntzak ematen, finantziazioa, berrikuntza babesten, inbertsioa sustatzen. Enpresek beti izango dute gure babesa, haiek sortzen dutelako enplegua. Aurten, 10.300 enplegu gehiago izango ditugu Euskadin. Hori da bidea, elkarrekin egin behar dugun bidea. Hori da EAJ-PNVren eredua, akordioa”, ziurtatu du.

“Hiru Aldundiekin akordioa, Ekintzaile Plana egiteko, Merkataritza Urbanoari eta Turismoaren sustapenari bultzada emateko, eta Landa Gunerako Programa ateratzeko; udalekin akordioa, birgaitze urbanoa egiteko RENOVE programaren bidez; akordioa udal eta aldundiekin, enplegua sustatzeko herri eta eskualde mailan; akordioa aldundi eta Merkataritza Ganberekin, Nazioarteko partzuergoa eratzeko. Bergaran Lanbide Heziketako institutua eraikitzeko 12 milioiko inbertsioa akordioaren fruitua da, eta egingo da. EAJ-PNVren alde bozkatzea ekintzen alde egitea, akordioaren alde bozkatzea, etorkizunaren alde bozkatzea. Etorkizun ekonomikoa. Etorkizun soziala. Bizikidetzaren etorkizuna”, amaitu du.

Bergarako Alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaia, Juanje Alberdi, ere mintzatu da jendaurrean, eta itxaropentsu azaldu da, uste duelako bergararrek jakingo dutela bi ereduen artean ezberdintzen. Izan ere, argi dauka ezker abertzalearen ereduak porrot egin duela, azken lau urteotan frogatu den bezala”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube