Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/05/07

Donostiak eta Gipuzkoak behar duten aldaketa gidatzeko ardura daukagu, eta hala egingo dugu

Gipuzkoako EAJ-PNV-k hasiera eman dio kanpainari Easo plazan.
Donostiak eta Gipuzkoak behar duten aldaketa gidatzeko ardura daukagu, eta hala egingo dugu

Gipuzkoako Euzko Alderdi Jeltzalearen ordezkari, alderdikide eta alderdizaleek kanpainari hasiera eman diote Donostiako Easo plazan. Beste behin ere, aurreratu dute hauteskundeak irabaztera irtengo direla, Donostian eta Gipuzkoan gobernatzeko. “Donostiak eta Gipuzkoak behar duten aldaketa lortzeko atzerako kontaketa hasten da gaur”, aurreratu dute.

Aldundirako hautagaia, Markel Olano, izan da hitza hartzen lehena, eta itxaropentsu azaldu da, uste duelako EAJ-PNV izango dela Gipuzkoako aldaketa gidatuko duen alternatiba”. Azaldu du azken lau urteetako ezaugarri nagusiena izan direla Bilduren inposizioa eta kudeaketa txarra. “Liskarrek, gatazkek eta herritarrekiko konfiantza ezak gizartearen konfiantzarekin amaitu dute”, adierazi du.

Olanok gogor salatu du ezker abertzaleak gizartea kontrolatzeko erakutsi duen joera: “Inposizioaren kulturan oinarritutako kudeaketa kaskarra egin dute, euren ikuspegi ideologizatua inposatu nahi izan dute, eta ez dira gai izan eztabaidatu eta akordioak lortzeko”. Horren aurrean, zehaztu du gipuzkoarrek lidergo aldaketa eskatzen dutela, “eta ez EAJ-PNVri bozka ematen diotenek bakarrik, baizik eta ezker abertzalearen egiteko moduaren aurka daudenek ere. Jende askok esaten digu: oraingoan zuen aldeko bozka emango dut. Aldaketa gidatzeko ardura daukagu eta egingo dugu”.

Olanok aldaketaren beharra nabarmendu du, aurrera egiteko aldaketarena, eta ez paralizazioarena; ez suntsitzeko, elkarbanatu eta ez inposatzeko. Ildo horretan, aurreratu du EAJ-PNVk aurre hartu nahi diola egoera ekonomikoari eta ongizate solidarioan oinarritutako sistema eraiki nahi duela. Halaber, legealdi honetan konpontzeke gelditu diren arazoei irtenbidea emateko konpromisoa hartu du: “Zehaztapenarekin egingo dugu, elkarrizketa eta adostasunaren bidetik”. Aurreratu du “hitz egiteko garaia dela, konbentzitzekoa eta etortzear dagoen aldaketan parte hartzekoa”.

Jarraian, Donostiako Alkatetzarako hautagaiak, Eneko Goiak, hartu du hitza. Eta hainbat eta hainbat donostiarrek eskatzen diotena egi bilakatzeko konpromisoa hartu du: “Atzean utziko dugu Donostiak bizi duen geldialdi egoera. Hiria geldituta dago proiektu eta ilusio gabezien ondorioz, bai eta ikuspegi dogmatikoengatik ere”. Egoera aldatzeko, ziurtatu du EAJ-PNVk herritarrak aktibatuko dituela etorkizunari ilusioarekin aurre egin eta hiria guztion artean aurrera ateratzeko. “Proiektu bat daukagu Donostiarentzat, proiektu zabala eta donostiar guztiak hartuko dituena. Aurrera eramango dugu proiektua”, baieztatu du.

Goiak onartu du erronka handia daukala eskuartean, baina uste du donostiarren babesa izango duela EAJ-PNVk: “Hiriari behar duen aldaketa emateko ardura emango digute donostiarrek EAJ-PNVk ordezkatzen duelako inork baino hobeto etorkizuneko Donostia”.

Ildo berean mintzatu da Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, Joseba Egibar. Izan ere, adierazi du Gipuzkoan antzematen dela aldaketaren beharra, ezker abertzalearen kultura politikoak eta gobernatzeko moduek ez dutelako lekurik gure gizartean”.

Gogoratu du ezker abertzalearen fantasiek familia asko irteerarik gabeko kalezuloetara eraman dituztela, eta, orain, indarkeria amaitu eta estrategiak porrot egin duenean, adierazi du “norbaitek bere gain hartu beharko duela gertatutakoaren ardura, estrategia oker horren eraginak presente daudelako oraindik”.

Ohartarazi du ezker abertzaleak politikan izandako atzerapenak eta bere heldutasun eza erradikalak ezin dutela Gipuzkoa blokeatu ez eta geldiarazi. Eredu galkor horren ordez, aurreratu du EAJ-PNVk honako ardatz hauen aldeko apustuarekin jarraituko duela: hazkunde ekonomikoa, produkzio sarea, babes soziala eta Euskadiren garapen politikoa. “Beti egin dugu horien alde eta apustu horiei esker frogatu da EAJ-PNV izan dela Herri honek aurrera egitea ahalbidetu duen motorra”, erantsi du.

Nabarmendu du bere alderdiak beti lan egin duela herritarren arazoak konpondu eta Euskadiri etorkizun hobe bat emateko. “Ekinez egina. Hori da gure leloa, eta hala egingo dugu gure Herria eraikitzen jarraitzeko. EAJ-PNVren garaia iritsi da eta erantzun bikaina emango dute gure hautagaiek”, ondorioztatu du. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube