Alderdi Eguna 2019

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/04/01

Tolosako EAJk San Esteban auzoan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko egindako apustua berretsi du

Jeltzaleek 700 etxebizitza eraikitzea proposatu dute -horietatik 240 gazteentzako alokairu babestuko etxebizitzak izango dira-, baita auzoan ekipamendu berriak hornitzea ere. Udal gobernuaren proposamena zehatza ez dela eta hauteskundeei begira landu dela salatu dute. Gainera, proiektuaren bideragarritasuna arriskuan jartzen duten gabeziak dituela azpimarratu dute
Tolosako EAJk San Esteban auzoan alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko egindako apustua berretsi du

EAJ-PNVren udal taldeak berretsi egin du San Esteban auzoan gizarte-alokairuko etxebizitzak eraikitzeko egindako apustua. Izan ere, udal osoko bilkuran aurkeztutako Plan Orokorraren berrikuspenean ez da behar den bezala aurreikusten auzoan egin beharreko alokairu babestuko etxebizitzen eraikuntza, ezta ekipamendu osagarrien hornikuntza ere; eta hori da, hain zuzen ere, Tolosan areagotzen ari den alokairuko etxebizitzen eskariari erantzuteko jeltzaleek egindako proposamena.  

Jeltzaleek azaldu dutenez, Bilduk aurkeztutako ebazpenean ez da aurreikusten Udalak gizarte-alokairuko etxebizitzak eraikiko dituenik, eta Eusko Jaurlaritzaren ardurapean uzten du. Aitzitik, EAJ-PNVk egindako proposamenaren arabera, Udalak gizarte-alokairuko 240 etxebizitza eraikiko lituzke, herritarrei gizarte-alokairuko etxebizitza gehiago eskaintzeko. “Udalak horretarako gaitasuna du, baita ekipamendu osagarriak eskaintzekoa ere, baina, dirudienez, ez da lehentasun bat Bilduren gobernuarentzat” gaineratu dute.

Horregatik, EAJ-PNVk berriro esan du EH Bilduk planteamendu eskasa egin duela eta ez dela nahikoa tolosarren benetako beharrei erantzuteko. "Baldintza ekonomikoak eta sozialak aldatu egin dira, eta aldatu egin dira, halaber, herritarren beharrak eta etxebizitza bat eskuratzeko aukerak, bereziki gazteen kasuan, izan ere, soldata oso baxuak dituzte eta langabezia-tasak oso altuak dira gazteen artean. Hori dela eta, udal talde jeltzalearen ustez, gobernuak apustu handizaleago bat egin behar zuen eta udaletxetik alokairuko etxebizitza gehiago eraikitzeko lan egin, baina ez da horrela izan. "Udaletxeak gizarte-etxebizitzak eraikitzeko gaitasuna du, baina horrelako proiektu integralak aurrera eramateko  borondate politikoa eta kudeaketarako gaitasuna falta zaio” gaineratu dute. “Nabarmen geratu da gaur egungo gobernuak ez duela alokairua sustatzeko borondaterik, ez dela gai horrelako gai bat kudeatzeko eta ez duela alokairua sustatzeko lan egin nahi”.

Bestalde, jeltzaleek gaineratu dutenez, proposamenean ez dira ekipamendu osagarriak aurreikusten, eta proiektuaren bideragarritasuna arriskuan jartzen duten gabezia gehiago daudela azpimarratu dute, izan ere, ez da diru-zuzkidura nahikoa egin bizilagunei ostatu emateko, ezta kalte-ordainak ordaintzeko ere. Era berean, ez da Ferialaren etorkizunari buruzko azterketarik egin, ezta berau zabaltzeko aukerari buruzkorik ere. “Zehaztasuna falta zaio proposamenari, korrika eta presaka landu da hauteskundeei begira, argi eta garbi, eta kea besterik ez du saltzen” salatu dute EAJ-PNVtik.

Gobernuaren hasierako planteamendua hobetzeko eta gizarte-alokairua sustatzeko, EAJ-PNVk San Estebanen 700 etxebizitzaren eraikuntza proposatzen du (Bilduk 548 proposatzen ditu). Modu horretara, etxebizitza babestu guztiak alokairuko etxebizitzak izango lirateke eta alokairuko gizarte-etxebizitza gehiago egongo lirateke. Horrela, proposatutako 700 etxebizitzetatik 240 (% 35) eraikiko lituzke Udalak, eta guztiak gazteentzako gizarte-alokairuko etxebizitzak izango lirateke, gazteei emantzipatzen laguntzeko eta mugikortasun-arazoak dituzten pertsonei edo etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituztenei etxebizitza bat eskuratzen laguntzeko. “Udalaren jabetzakoak dira San Estebango lurren % 60 inguru, hortaz, sortutako plusbalioekin gizarte-alokairuko etxebizitzak eraiki daitezke, baita auzoarentzat ekipamendu osagarriak ere, etxebizitzak eraiki ondoren plusbalioetatik geratuko liratekeen 3 milioi euroko kopuruarekin”, azaldu dute jeltzaleek.  “San Estebango biztanleek eta, oro har, tolosar guztiek erabakiko dituzte aipatutako ekipamenduak eta dituzten beharrei eta erakutsitako nahiei erantzungo zaie" gaineratu dute. "Guk, gobernuak ez bezala, tolosarren interesak defendatzen dituen proposamen zehatz bat aurkeztu dugu; kudeaketa ona eta politika eraginkor bat oinarrian hartuta osatu den proiektu integral eta handizale bat da” azpimarratu dute.

Laburbilduz, EAJ-PNVk Udalak proposamen jeltzalea aurrera eraman dezakeela azpimarratu du, nahiz eta gaur egungo gobernuak kudeaketarako erakutsi duen gaitasunik eza eta borondate eta handinahi falta dela eta, planteamendu eskasa eta zehaztugabea egin duten, izan ere, "EH Bilduk ez du aldez aurretik inolako azterketarik egin" erantsi dute. "Aurkeztutako proiektuaren helburua ez da herritarren benetako beharrei erantzutea, baizik eta hauteskundeei begira landu den proiektu bat da” adierazi dute amaitzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube