Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/11/04

Zarautzek garapen ekonomikorako plana behar du

Prest ekimenaren barruan, EAJk sei lan talde desberdin jarri ditu martxan herritarrekin eta gizarte eragileekin harremanetan jarri, eta Zarautzen etorkizunerako diseinu estrategikoa egiten lagunduko duten proposamenak jaso, partekatu eta lantzeko helburuarekin. “Prest-ekin herritarrengana gerturatu nahi dugu, haien zain egon gabe. Harreman estiloa markatu nahi dugu, jarrera proaktibo eta komunikatiboarekin”.
Zarautzek garapen ekonomikorako plana behar du

Ekonomiari buruzko lan taldearen burua Jesus Arana da, Udalean zinegotzi ere badena. Xabier Txurruka alkategaiarekin batera, hainbat kontaktu eta laneko bilera egiten ari dira, “ahalik eta zabalenak”, Zarauzko eragile sozial eta ekonomiko desberdinekin. “Ez digu axola zein den beraien ideologia politikoa. Uste dugu politika egitea denontzat gobernatzea dela, eta pertsona eta kolektibo guztiek izan behar dutela ekarpenak egiteko modua”.

Oraindik “buru-belarri” badabiltza ere, Aranak ikuspegi eta iritzi desberdinak jaso ditu, “eta oraindik gehiago bilduko ditugu. Prozesu hau etengabekoa izango da”. Besteak beste, ondorioztatu dute funtsezkoa dela tokiko administraziotik Zarautzen garapen ekonomiko eta sozialerako planak eta ekintzak diseinatzea, helburu, neurgailu, eta ebaluazio irizpide ahalik eta zehatzenekin. “Denek esaten digute Udalak lehentasun bezala hartu behar duela jarduera ekonomikoaren sustapena eta langabeziaren aurkako borroka, bere eskumen zuzena izan ez arren”.

Aranaren arabera, estatistika datuek egiaztatu egiten dute “eragileek helarazi diguten diagnosia. Industriak Zarautzen duen pisuak nabarmen egin du behera azken urteotan. 2000. urtean %20,9koa zen, 2008an %20,23koa, eta 2010ean %14,70koa. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, parametro hori %21,5 zen 2010ean. Dezenteko aldea”. Azpimarratu du “zerbitzuetan zentratutako herria” garela (%73), horietatik %29,9 merkataritza, ostalaritza eta garraioa direlarik, %16,6 sektore publikoa, eta %27 gainerako zerbitzuak.

Gai honen inguruan, Aranak eta Txurrukak lanerako bilera eduki zuten Arantza Tapia, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako Kontseilariarekin. Bertan, agerian gelditu zen zeinen garrantzitsua den Zarautzen “traktore-ekonomikoa” izango den industria-ehuna eratzea, Euskadiko beste hainbat herritan bezala. “Zarautz erakargarri bihurtu behar dugu enpresentzat. Potentzial handia daukagu, behar bezala zaindu eta ustiatu behar duguna”.

Ildo horretan, hainbat faktore jarri ditu adibide gisa. “Geografikoki kokapen ezin hobea daukagu, Zarautz erakargarria da, bizi-kalitate onekoa, eta batez-bestekoaren gainetik dauden zerbitzu eta formakuntza zentroak dauzka. Guzti horrek, aprobetxatzen ari ez garen gaitasunak ematen dizkigu”. Aranak adierazi du “enpresa txikia eta ertainak, kutsakorrak ez direnak, eta balio teknologiko altukoak” erakartzen ahalegindu behar dutela: “Zarautz egokia da halakoentzat. Herrian baditugu adibideak”.

Ahuluneak ere baditu, hala nola lurzoru eskasia, prezio altua, edo industria-eremuen komunikazioa. “Bileretan ahulune horiek jasotzen ari gara. EAJn uste dugu Udalak baduela zeresan handia alor horiek eta beste batzuk hobetzerakoan. Transmititu digute utzi behar diogula gure zilborrari begiratzeari eta unibertsoaren erdigunea bezala bagina jokatzeari, eta aldiz, kanpora gehiago begiratu behar dugula”.

Jaso duten beste ikuspegietako da Udalak “bideratzaile” izan behar duela, eta oztopoak eta pilaketa administratiboak ekidin behar dituela. Zentzu horretan, interesgarritzat jo dute interlokuziorako lehiatila bakarra abian jartzea enpresa, saltoki, eta Udalaren artean, besteak beste lokalei, lurzoruei, tramiteei eta prozedurei buruzko informazioa emateko. “Arau eta ordenantzak betetzen direla bermatu behar da, baina aldi berean prozesuak arindu behar dira, Zarautzen lan egin edo instalatzen diren ekintzaileei ziurtatzeko hemen ez dutela topatuko beste edozein herritan baino buruhauste gehiago”.

Halaber, argi utzi du lehen sektorearen garrantzia. “Portzentualki Zarauzko BPGan pisu askorik ez badu ere, zenbakiek ez dute islatzen daukan eragin onuragarria, adibidez ingurumenaren kontserbazioaren eta garapen jasangarriaren ikuspegitik. Bultzatu eta balioztatu beharreko zerbait da hori”.

Bestelako turismo kontzeptua

Beharrezkotzat jo du turismo eredua berraztertzea. “Turismoa jarduera ekonomiko gisa ulertu behar dugu, errentagarritasuna, kalitatea eta bikaintasuna bilatuz. Kalitatezko lana eta aberastasuna sortu behar ditu zarauztarrontzat. Hemen gertuko herri eta hiriak horretan ari dira eta ezin dugu tren hori galdu. Estrategian, formakuntza eta ekintzetan egin behar dugu lan. Bilakaera hau estrategikoki planifikatu behar da, jakinda ezingo dugula egun batetik bestera dena aldatu”.

Tokiko ekonomia piztea da, Aranaren esanetan, kalitatezko lanpostuak sortzeko modurik onenetakoa. “Ezin dugu formakuntza ahaztu. Enpresek espezializatutako eskulana eskatzen dute eta formakuntzan inbertitzeko prest daude. Komunikazio kanalak bilatu behar ditugu”.

Esan du ez dutela jo gabeko aterik utzi nahi. Hori dela-eta, dei egin die herritar eta eragileei bere lan taldearekin harremanetan jar daitezen bere ideia eta proposamenak helarazteko, 943005132 telefonora deituz edota zarautzprest@gmail.com helbidera idatziz.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube