Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/10/21

Tolosako EAJk turismoa indarberritzearen aldeko apustua egiten du

EAJko udal taldeak nabarmendu du etengabeko berrikuntza beharrezkoa dela orain arteko ekimenei bultzada emateko. Jeltzaleek azpimarratu dute Tolosaren erakargarritasun eta xarmaz baliatuta bisitariak erakarri behar direla, merkataritza eta ostalaritzaren bitartez enplegua sustatzeko.
Tolosako EAJk turismoa indarberritzearen aldeko apustua egiten du

EAJ-PNVko udal taldeak turismoa indarberritzearen aldeko apustua egiten du, ekimen berriak landuz, Tolosa, Gipuzkoa eta Euskadin proiektatzeko. Olatz Peon alkategai jeltzaleak adierazi du Tolosak indarra galdu duela azken urteotan eta horregatik, beharrezkoa dela ekimen berriak martxan jartzea. “Tolosako biztanle kopuruko udalerri gutxik dute Tolosak adina bizi kalean; hainbat gizarte eta kultura ekimen ditugu, hala nola, Tolosa Kantari, txarangak, asteroko azokak edota ezohiko azokak, azaldu du Olatz Peonek, eta horrek guztiak eragin zuzena du herriaren bizitasunean eta tolosarren izateko moduan”.

“Azkenaldian zenbait ekintzen gainbehera ikusi dugu, eta orain horri, turisten galera ere gehitu behar diogu” adierazi du jeltzaleak. Olatz Peonek azaldu duenez, turismo bulegotik igarotako bisitari kopuruak nabarmen egin du behera. 2010 urtean 9.000 turista pasa ziren bulegotik, 2011an 12.200, 2012 eta 2013 urteetan 9.000 eta azken urtean 6.600 izan dira. “Beheraka honetan hainbat faktoreek izan dute eragina, baina arduratuta gaude gai honekin eta hausnarketa bat egitea beharrezkoa dela uste dugu datuek okerrera egin ez dezaten” gaineratu du.

EAJ-PNVko udal taldearen arabera, orain arteko ekimenek indarra galdu dute Bilduko udal gobernuak inertziaz jokatu duelako, beste zenbait gaietan egin modura. Jeltzaleen aburuz ezin dira ekimenak urtero modu berean gauzatu, “aukera berriei ateak ireki behar zaizkie” gaineratu dute. “Egia da Bilduk ez dituela aurreko legealdietan martxan jarritako ekimenak deuseztatu, baina ez diete behar bezalako bultzadarik eman; ondorioz, txuleta feriak edota bisigu festak jasotako bisitari eta parte hartzaile kopuruek behera egin dute” aitortu du alkategaiak. “Tolosa ekimen handia duen herria da, horregatik ohiko azokei bultzada eman behar zaie eta azoka bereziak ere behar bezala sustatu behar dira berrikuntzak txertatuz” gehitu du. EAJ-PNVko udal taldearen ustetan berritasunak ekimenak indartu eta bisitariak erakartzen ditu. Horren adibide gisa mikologia asteak izandako arrakasta aipatu dute, aurtengo berritasunekin ekimenak inoiz bezalako partaidetza izan du eta datorren asteburuko Tolosa Goxua azokak arrakasta bera izan dezan espero dute.

Horren harira, EAJ-PNVko udal taldeak Donostia 2016 aukera berrien harrobi izan daitekeela azpimarratu du. Jeltzaleen aburuz, Tolosak Donostia 2016ek eragingo duen turismo bultzadari probetxu atera behar dio turistak herrira erakartzeko. “Dagoeneko udala lanean ari da eta zenbait ekintza jada aurreikusi dira, baina beharrezkoa da haratago joatea eta ekimen gehiago pentsatzea, kirol eskaintza eta eskaintza kultural eta soziala zabaldu eta beren arteko sinergiak sustatzeko” azaldu du.

Azkenik, jeltzaleek azpimarratu dute beharrezkoa dela, Tolosak duen erakargarritasun eta xarmaz baliatuta, turista gehiago erakartzea, merkataritza eta ostalaritzaren bitartez enplegua sustatzeko. Horretarako nahitaezkotzat jo dute indarrak batzea eta elkarlanean aritzea, bereziki ostalari eta merkatariekin. Hori dela eta, EAJ-PNVko udal taldeak Bildurekin eta Tolosako hainbat eragileekin landu nahi du gai hau. “Egun Tolosan egiten diren hainbat eta hainbat ekimen behar bezala sustatu behar ditugu eta berriak sortu, udalerriaren proiekzioa sendotzeko eta sozialki, kulturalki eta ekonomiko indarberritzeko” amaitu du Olatz Peonek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube