Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/07/15

EAJren udal taldea Azpeitiaren sustapen turistikoan laguntzeko prest

Aitor Gorrotxategik “gonbidapena egiten dio” industria saileko zinegotziari “alde batera uzteko bere interbentzioen kutsu sumindua”.
EAJren udal taldea Azpeitiaren sustapen turistikoan laguntzeko prest

EAJren udal taldeak bere disposizio osoa agertu du susperraldi ekonomikorako faktore moduan turismoa sustatzeko Bilduren gobernuak aurkez ditzakeen ekimen benetako eta zehatzetan laguntzeko, eta, bide horretatik, Iñaki Portilla, Industria, Merkataritza eta Turismo arloko zinegotziari “gonbidapena egin dio” “alde batera utz dezan bere interbentzioetako kutsu sumindua”, eta “behingoz dei dezan bere ardurapean duen batzordearen bilera”.

Aitor Gorrotxategi, bozeramaile jeltzaleak, gogorarazi du Trenaren Euskal Museoa turismoaren aldetik erakarpen eta sustapen gune dela Azpeitiarentzat, bertaratzen denak bai baitaki ateak irekita aurkituko dituela, eta ikusgarri eta jarduera interesgarriak, bere kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku dagoenari esker”. “Hori bera ez da gertatzen Azpeitian ditugun balio handiko eta erakarpen turistikoko beste gune batzuekin, soil-soilik gobernu-taldeak ez duelako ezer egin hiru urte hauetan horiek errealitate bihur daitezen”.

Trenaren Museoaren etorkizuna bermatzeari eta berorrek Azpeitian kokatua jarraitzeari dagokionez, Gorrotxategik azpimarratu du “Museoak Azpeitian jarraitu ala ez zalantzan jarri zuten bakarrak aurreko legealdian Trenaren Euskal Museoaren gidari izan zirenak izan zirela, Iñaki Arriola eta Ernesto Gasco sozialistak buru zituztela”.

“Horrez gain –jarraitu du esaten– haiek izan ziren, hain zuzen ere, egin zuten kudeaketa erabat kaskarrarekin, Museoaren etorkizuna arriskuan jarri zutenak, Museoaren Patronatuak hartutako hainbat eta hainbat erabakiren ondorioz, eta erakunde hori galbidera eramateko puntuan egon zirela. Eta erabaki horiek ez zituen inoiz ere zalantzan jarri Udalak Patronatuan zuen ordezkariak, gure Alkate Eneko Etxeberriak, hain zuzen ere”.

Bozeramaile jeltzaleak adierazi du Alkateak berak “bere botoarekin abalatu egin zituela hainbat erabaki, besteak beste kudeaketan esperientziarik ez zuen zuzendari berri bat kontratatzearena, eta zuzendari horrek urtean 95.000 €ko soldata zuela, nahiz eta Museoa batean inoiz ez lan egin, eta ez izan Museo honek duen gaiari –trenari– buruzko ezagutzarik oinarrizkoenik ere”.

“Epealdi horretan –azpimarratu du– normalean izan ohi zituen bisitarien heren bat bakarrik bertaratu zen Museora, eta neurri berean murriztu ziren diru-sarrerak ere, eta gastuak, berriz, hirukoiztu. Baina ez alkateak, ez Portilla jaunak, ez zuten zalantzan jarri aipatutako zuzendari horrek Museoan egindako kudeaketa, ezta bere Patronatuak hartutako erabakiak ere. Oso bestela, argi eta garbi babestu zituzten, azkenengo minutura arte, eta, gainera, zuzendari hura kargutik kentzearen aurka ere agertu ziren”.

Azkenik, Aitor Gorrotxategik baloratu du legealdiaren aldaketarekin, eta Fundazioaren gidaritzaren aldaketarekin, “Museoak berriro bere bidea zuzendu ahal izan duela, gastua %50 murriztu, eta bide batez, bisitariak eta baporezko trenean dabiltzanak bikoiztu egin direla, edozeinek erraz baino errazago ikus dezakeena asteburuetan Azpeitiko kaleetan eta ostalaritza-establezimendu-etan”. “Portilla jaunarekin ezertan ados bagaude, da Museoak kudeaketa garden, arduratsu eta partekatua izan behar duenaren gaian, eta horri erantsiko nioke kudeaketa profesionala ere izan behar duela, joan den legealdian Museoak izan ez zuena, eta ez Portilla jaunak, ez Eneko Etxeberria alkateak zalantzan inoiz jarri ez zutena, horren ondorioak oso kaltegarriak izan baziren ere”. “Orain museoa ondo dabil. Egin dezagun gure esku dagoen guztia Azpeitiak turismoarentzat erakargarriak dituen beste eraikinak ateak zabalik eduki ditzaten”amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube