Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/06/09

Bilduk ez du egi osoa esan Tolosako udaletxeko balantze ekonomikoaren irakurketa egitean

Jeltzaleek azpimarratu dute Bilduk lortutako aurrezkia ekimen eta jarduera ezaren ondorio dela, eta ez tolosarren interesen defentsan egindako kudeaketa onarena. Izan ere Bilduk, bereziki, aurreko legealditik jasotako proiektuak gauzatu ditu.
Bilduk ez du egi osoa esan Tolosako udaletxeko balantze ekonomikoaren irakurketa egitean

EAJko udal taldeko bozeramaile Jokin Azkuek eta Olatz Peon zinegotzi jeltzaleak prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilduk 2013ko balantze ekonomikoari buruz egindako irakurketa eta adierazpenak argitzeko. Olatz Peonek aipatu du EAJk ez duela ukatuko balantzea positiboa izan denik, “baina Bilduk ez du egi osoa esan, informazioa ezkutatu eta hainbat datu saihestu ditu irakurketa arrakastatsua egiteko” gaineratu du.

Peonek azaldu duenez, Bilduren emaitza “bikainak” udal gobernuaren ekimen eta jarduera ezaren ondorio dira, izan ere, “Bilduk aurreko legealditik jasotako proiektuak baino ez ditu gauzatu” gaineratu du. Halaber, Bilduk informazioa ezkutatuz konparatu ditu 2013ko balantze ekonomikoa eta EAJ gobernuan zeneko legealdiko balantzea, erabilera alderdikoia emanaz..

Jokin Azkue bozeramaileak, udal gobernuak egindako adierazpenak zehaztu, argitu eta zuzendu ditu. Azkuek adierazi du udaletxeak 25.000.000 euro inguruko zorra zuela Bildu alkatetzara iristean. Udal gobernuak emandako datuen arabera, aipatu zorra erdira jaitsi da azken hiru urtetan. Badirudi, beraz, Bilduk 12.000.000 euro aurreztu dituela, baina errealitatea erabat bestelakoa da.

“Bilduk zorrari gehitu dizkio Tolosako udaletxeak Plaza Berrian etxebizitza babestuak eraikitzeko eta haurtzaindegi berria egiteko eskatutako maileguak, baina ez dute aipatu, besteak beste, Berazubiko lursailak eta etxebizitzak saltzean maileguak deuseztatzen zirela” azaldu du Azkuek. “Etxebizitza gehienek eskatzaileak zituzten, jarraitu du bozeramaileak, hortaz Bilduk egindako ahalegin bakarra da maileguarekin eraikitako hori saltzea, mailegua amortizatzeko eta hori edozeinek egingo luke”. Beraz, Bilduk aipatutako esfortzu eta kudeaketa ona ez da hainbestekoa izan. Bestalde, Plaza Berriko etxebizitzen salmenta kudeaketari dagokionez, Azkuek argitu du Bilduk etxebizitza guztiei babesa kentzeko erabakia hartu zuela eraikineko 4 etxebizitza tasatu saltzeko zituzten arazoak konpontzeko. “Aukera gehiago zituzten, baina irtenbiderik “errazena” hautatu zuten beste erremediorik ez zutela aitzakiatzat hartuta” azaldu du Azkuek.

Bestetik, Bilduk dio, legealdi honetan, 5.000.000 euro ordaindu dituela Elosegi parkearengatik, horietatik 3.000.000 milioi EAJk aurreko legealdian sortutako soberakinetik ordaindu dutela aipatu gabe. Ondorioz, Bilduk azaldutako datuak ez dira beraiek esan bezain bikainak, izan ere aurrezteko egin duten esfortzu handi horri ia 8.000.000 euro kendu behar dizkiogu: parkeko 3.000.000 eta amortizatutako maileguen beste 5.000.000.

Bilduk legealdi honetan aurreztea lortu duela ukatu gabe, jeltzaleek azpimarratu dute eskaini dituzten datuak apropos manipulatu dituztela. Halaber, EAJko udal taldeak adierazi du Bilduk lortutako aurrezkia ekimen eta jarduera ezaren ondorio dela, eta ez tolosarren interesen defentsan egindako lanari edota kudeaketa onari esker lortutakoa.

Azkenik, jeltzaleek EAJk aurreko legealdian eta Bilduk oraingoan aurrera eramandako proiektuen arteko konparaketa egin dute.

EAJk aurreko legealdian ondorengo proiektuak landu zituen: Lehiberri, Voith-Gorostidi, Usabalgo polikiroldegia, saltoki berrien sorrera, Euskal Herria plazako gazteentzako bizitokiak, Zumalakarregi kalearen urbanizazioa, Zerkausia eta Solana kalearen eraberritzea, haurreskola berria, Eroskiko oinezkoentzako pasabidea, Oria ibaiko presa puzgarria edota Zumardi Haundiaren biziberritzea.

Halaber, hainbat ordenantza ere onartu zituzten garbiketari, genero berdintasunari lotutakoak besteak beste, eta hainbat ekimen ere sortu zituzten zine-bonoak adibide. Bilduk berriz, aurreko legealditik jasotako proiektuak aurrera eraman besterik ez ditu egin, hori horrela Amarozko urbanizazioa edota Euskal Herria plazako bizitokiak aipa ditzakegu. Lehiberri eta saltoki berrien sorrerari ere jarraipena eman diete, ondorioz, “Bilduk legealdi honetan egingo duen ia ekarpen bakarra hondakinen bilketarako sistema berria izango da” amaitu dute.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube