Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
31/01/2019

Aldundiak 200.000 euroko inbertsioa egin du Ormaiztegiko adinekoentzako eguneko arreta zerbitzu berritzailean

Markel Olano diputatu nagusia Ormaiztegin izan da gaur goizean, adinekoentzako eguneko arreta zerbitzu berrira egin duen bisitan. 30 lagunentzako lekua egokitu da bertan, mendekotasunik ez edo mendekotasun arina duten pertsonei zuzenduta.
Aldundiak 200.000 euroko inbertsioa egin du Ormaiztegiko adinekoentzako eguneko arreta zerbitzu berritzailean

1909an eraikitako Eskola zaharrak eraikina birgaitu ondoren, zerbitzu berria egokitzeko lanek 510.864 euroko aurrekontua izan dute; horietatik 200.000 € Aldundiak jarri ditu –proiektuak diru-laguntza bat jaso baitu, Inbertsio Planaren barruan-, eta gainerakoa, berriz, Ormaiztegiko Udalak ordaindu du, udal eskumeneko zerbitzu bat den heinean. Hortaz, zerbitzu hau udalerriak kudeatzen du zuzenean, baina, halere, Gipuzkoako gizarte zerbitzuen mapa berrian Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio eta Itxaso udalerriek osatzen duten oinarrizko zonalde osoko erabiltzaileei zuzentzen zaie.

Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, Eskola zaharrak eraikineko eguneko arreta zerbitzua «balioaniztuna, dinamikoa eta bizia» da, eta bat egiten du «gero eta zabalagoa eta zorionez gero eta prestatuagoa, osasuntsuagoa eta bizi-itxaropen handiagokoa den kolektibo baten beharrekin». Duela hamarkada batzuk baino egoera fisiko «askoz hobean» iristen gara erretiroa hartzeko adinera, eta, beraz, etapa hori «proiektu berriei ekiteko, osasun fisiko eta mentala zaintzeari denbora gehiago emateko eta bizitzaren aurreko aroan egin izan ezin genituenak egiteko aukera bat» da, gaineratu du diputatu nagusiak. Harekin batera izan dira bisitan Gizarte Politikako diputatu Maite Peña eta Ormaiztegiko alkate Jose Enrique Galarza.

Olanok orobat nabarmendu du zerbitzu berriak osagai «berritzaile» bat duela, erretirodunen etxe baten antza izan arren, bestelako ekipamenduak ere badituelako, hala nola garbitokia, aldagelak eta dutxak, azken buruan, etorkizunean «adinekoei eskainitako zerbitzuak zabaltzeko» aukera eskainiko duten prestazioak. Hortaz, ekipamendu honek udalerri maila gainditzen du, eta, udalerriaz gaindi ere erreferentziazko nukleo bihurtuko da.

Bestalde, baliabideak baditu politika aktiboak garatzeko aukera ematen duten zenbait azpiegitura: askotariko erabilera emango zaion gizarte areto bat, terapia okupazionala egiteko aukerarekin, ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak edota psikologoen eta gizarte langileen bulegoak hartzeko moduko gelak, liburutegia eta Internet gela. Halaber, zerbitzutik zuzeneko sarbidea egin dute tabernara, kanpoko lorategietara eta kanpoan egokitu den parkera.

Eguneko arreta zerbitzua asteko egun guztietan dago irekita, astelehenetik ostiralera eta goizez, eta gizarte aretoa eta lehen solairuko gela guztiak jartzen ditu erabiltzaileen eskura. Aipatzekoa da, baita ere, obrak egiterakoan aintzat hartu direla eraikinaren berezitasunak eta izaera enblematikoa. Ondorioz, beharrezkotzat jo da eraikinaren kanpoko itxurari eustea, egiturak, materialak eta itxura bera errespetatuz. Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek ikuskapenak egin dituzte horretarako, eta Aldundia arduratu da eraikina birgaitzearen aldeko txostena idazteaz. Horri dagokionez esan behar da eraikinerako sarbideak birmoldatu egin direla irisgarritasunaren arloko araudia betetzen duten arrapala berriak eraikiz, eta eraikinari lotura egin zaiola bere atzealdean eraiki diren oinezkoen bide berrietara.

Azkenik, diputatu nagusiak azpimarratu du Ormaiztegikoa bezalako zentroek indartu egiten dutela Gipuzkoak «zahartze osasuntsu» baten alde egina duen apustua. Erronka hori «Adinberri estrategian ari gara gauzatzen, hura baita gure lurraldea biztanleriaren zahartzeari dagokionez nazioarteko erreferentzia izan dadin egin dugun apustua».  «Horretarako –gaineratu du–, ezinbestekoa dugu zahartzearekin nolabaiteko lotura duten eragile guztien inplikazioa: adinekoena, osasun eta gizarte arloko sektorearena, lurraldeko udalena, eta, horrekin batera, berrikuntza eta ezagutza txertatzea».

Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...

YouTube