Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
24/02/2017

Euskarazko hiztegi hau, Hizkuntza baten adierazpena ez ezik, Herri baten adierazpena ere bada

Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak Oinarrizko Hiztegi Juridiko-parlamentarioa aurkezteko ekitaldian parte hartu du.

Gaur Euskaltzaindiaren egoitzan aurkeztu den hiztegi berria euskararen lurralde-eremuko legegintzako bost ganberek sortu dute, koordinazio lanak Euskaltzaindiak betez. Paperean eta formatu digitalean argitaratuko da.

Ekitaldian Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, Bakartxo Tejeriak, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Ana Otaduik, Arabako Biltzar Nagusietako lehendakariak, Pedro Elosegik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak, Eider Mendozak, eta Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárezek, parte hartu dute.

Hemen dituzue Eider Mendozaren hitzak:

Lehenbizi, eskerrik asko eta zorionak euskarazko Hiztegi juridiko-parlamentarioa eratu eta landu duzuenoi, Legebiltzarreko eta Batzar Nagusietako langileei eta Euskaltzaindiako hizkuntzalariei. Arlo juridiko-parlamentarioan ari direnen eskura jarri duzue lan-tresna hau Euskaltzaindiaren bermearekin eta iraun egingo du, biharko langileen esku ere egongo baita hiztegia, beste hizkuntza handietan bezala: orain erabiltzeko eta irauteko.

Esan berria naizen hitzen harikoa da beste hau: Hiztegi honen aurkezpena zorioneko ekitaldia dugu euskararen adierazpen bat delako. Europako hizkuntza zaharrena bizi-bizi, XXI. mendeko beharretarako egokitua, oraingoan Parlamentuan eta zuzentza arloan erabiltzeko hiztegiaren bidez. Legebiltzar eta Batzar Nagusietako langileen eta Euskaltzaindiaren sormen saiatuaren eta ezagutza zehatzaren emaitza iruditzen zait, lan serioa, nonahi erakusteko modukoa, gainerako hizkuntza estandarren mailakoa.

Horiek horrela, azken azpimarra bat: “Euskara / Hizkuntza bat ez ezik / Herri bat ere bada”. Hala dio Bitoriano Gandiaga olerkariak eta ezin egokiagoa da olerkitxo hau, bere txikian guztia esaten baitu. Hemen elkartzen gaitu, izan ere, euskararen zigilu honek bai Gipuzkoako Parlamentua bai Nafarroakoa, hala nola Arabakoa eta Bizkaikoa, Legebiltzarra eta Euskaltzaindia, eta esango nuke Baionara ere zabaltzen ahal dela gaurko ekimena, Hiztegi juridiko-parlamentario hau gure Herriko elkargo eta udalentzat ere bai baita. Beraz, euskarazko hiztegi hau, Hizkuntza baten adierazpena ez ezik, Herri baten adierazpena ere bada, euskarak izena ematen dion Herriarena, Euskal Herriarena eta Euskadirena, bere barruko desberdintasun eta aberastasun guztiekin. Euskalkiak eta azpieuskalkiak ugariak dira eta denak dira hizkuntza bat eta bera: euskara. Hizkuntza zaintzea eta garai berrietarako prestatzea Herria eta jendea duintasunez tratatzea da eta horretarakoxe gaude erakundeak, herritarrei begirunea izateko bere-berea dutena zainduz, oraingoan, euskara.

Taldeetako eledunek aho batez onartu dute ekimena. Hiztegiko hitz-ale horiekin osatutako esaldiak balio du Hegorako eta Iparrerako, Nafarroarako eta Bizkairako, Gipuzkoarako eta Arabarako. Herri guztirako. Lan hau izan bedi zeinu eta keinu Euskal Herrian gogotsu aurrera egiteko. 

Gipuzkoako Batzar Nagusien izenean, zorionak eta eskerrik asko

Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...