• 10 API 19

    Zumarraga atzean geratzen ari da, eta erreakzionatu beharra daukagu eta herri sendoa eraikitzen hasi

    Josu Idigoras Egia izango da EAJ-PNVren alkategaia Zumarragan. Duela 47 urte Amorebieta-Etxanon jaioa, hautagai jeltzaleak ia 20 urte daramatza udalerrian bizitzen: “Nire emazte, alaba eta semearen herria da Zumarraga, eta nirea bezala sentitzen dut”.

    Idigorasek esan du “ilusioz eta arduraz” heldu diola Alkatetzara aurkezteko erronkari, eta “Zumarragagatik eta Zumarragaren alde” lan egiteko konpromisoa hartu du. “Gure herriak denbora darama isolatuta, eta gero eta hedatuago dago atzean geratzen ari garenaren sentsazioa. Erreakzionatu beharra daukagu, aldaketa behar dugu, joera iraultzeko lanean hasi eta gaurtik herri sendoa eraikitzen hasi”, adierazi du. 

    Idigorasek enpresagintza ikasketak egin zituen eta, gaur egun, Ordiziako Sueskola Fundazioan dabil lanean, administrazioa, kontabilitate eta finantza departamentuaren arduradun gisa. Aurretik, Urretxu-Zumarraga Ikastolako presidente izan zen bost urtez. Idigorasek eskarmentu zabala du udal kudeaketan eta ongi ezagutzen du barrutik Zumarragako Udala, azken bi legealditan zinegotzi izan baita. Datozen asteetan aurkeztuko ditu bere hautagaitza osatuko duten pertsonak, eta baita bere hauteskunde programaren ardatzak ere. 

    Alkategaiak azaldu duenez, ekonomia eta gizarte politika dira bere proposamenaren bi zutabe nagusiak: “Konpainia garrantzitsuen itxiera, enpresen ihesa, ehun industrialaren murrizketa… Zumarragak urteak daramatza noraezean alor ekonomikoan, eta horrek zuzenean ahultzen gaitu sozialki”. Honen aurrean, Idigorasek “Zumarraga sozial eta ekonomikoki indartsua” eraikitzearen alde egin du, erakundeetatik hasita. “Lehenik eta behin, Udal indartsua behar dugu, kudeatzeko gaitasuna duena eta inguruko udalekin, Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza lerroak berreskuratuko dituena. Eta, horretarako, EAJ-PNV da aukerarik onena. Hamarkadetan euskal erakundeen buru egin dugun lana da gure abalik onena, fidagarritasuna eta eraginkortasuna erakutsi baititugu kudeaketan”, aldeztu du. 

    Partaidetza prozesua

    Udal kudeaketan partaidetzaren alde apustu egiteko konpromisoa ere hartu du Idigorasek. Honela, hasteko, azaldu du bere hautagaitzak jada jarri duela martxan ekarpenak jasotzeko partaidetza prozesua, gero hauekin lantzen ari diren hauteskunde programa osatzeko. Iruzkin edo eskariak posta elektroniko bidez bidali daitezke zumarragabai@gmail.comhelbidera, edota azken asteetan banatu den proposamen orriak bete eta posta bidez igorri edota Zumarragako batzokian jarri den buzoian utziz.