• 03 MAR 17

    Udalek eta Aldundiak indarrak batu dituzte herritarren partaidetza herri mailan sustatzeko

    Euskadi eta estatu mailan aitzindaria den erakundeen arteko guneak bere lehen osoko bilkura egin du gaur; baliabideak eta jardunbide egokiak partekatuko ditu

    Foru Aldundiko eta Gipuzkoako 50 udaletako hainbat alkate, zinegotzi, teknikari eta ordezkarik, Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Gunearen lehen osoko bilkuran parte hartu dute gaur, foru jauregian. Herritarren partaidetzarako politikak tokiko mailan elkarlanean sendotzea du helburu gune berriak, baliabideak partekatuta, jardunbide egokiak eta arrakasta izan duten ereduak identifikatu eta konpartituta, eta sarea osatzen duten erakundeen artean aplikatuta. Aurten 100.000 euroko aurrekontua edukiko du horretarako, Aldundiak bere gain hartuko duena.

    2017. urterako plangintza eta lan ildo nagusiak onartu ditu Osoko Bilkurak. Espazio Exekutiboa osatuko duten kideak izendatu ditu ere. Exekutiboa izango da, hain zuzen, gune berriak erabakiak hartzeko izango duen organu ordezkatzaile nagusia, eskumen garrantzitsuak edukiko dituelarik. Tamaina guztietako Gipuzkoako udalerrien ordezkaritza bermatu  da, eta kontuan hartu dira sentsibilitate politiko guztiak. Egitura sinple baten aldeko apustua egin da; “malgua, dinamikoa eta exijentzia aldakorrei erantzuteko modukoa” izango da bere antolaketa. “Beste edozerren gainetik, eraginkorrak izan nahi dugu”, adierazi du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.

    Hala, gaur Osoko Bilkurak erabakitakoaren arabera, Honakoek osatuko dute Espazio Exekutiboa: Lasak berak, Joseba Muxika Herritarren Partaidetzako foru zuzendariak, eta Iñaki Elizegik, Aldundia ordezkatuz; Eñaut Graciak (Errenteria) eta Miguel de los Toyosek (Eibar), 10.000 biztanletik gora dauzkaten udalerriak ordezkatuz; Mikel Pagolak (Urnieta) eta Mikel Serranok (Zumarraga), 10.000 eta 2.000 biztanle arteko udalerrien izenean; eta Ana Jesus Leundak (Irura) eta Arantxa Ruiz de Larrinagak (Zerain), 2.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak ordezkatuz. Exekutiboa urtean lautan batzartzea espero da (martxoa, maiatza, urria eta abenduan), eta gehiengo sinplearekin hartuko ditu erabakiak.

    Gune hori aitzindaria izango da Euskadi eta estatu mailan, bere ezaugarriengatik eta osaketagatik.  Modu autonomo eta independentean funtzionatuko du eta eskumen garrantzitsuak izango ditu -aurrekontuen ondorioetarako bakarrik atxikiko zaio Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuari-.  Tokiko erakundeetarako diru laguntzak zehaztuko ditu, lehentasunezko ekintza motak identifikatuta; herritarren partaidetzarako programa zehatzak bultzatuko ditu; hainbat programa diseinatu eta sustatuko ditu, prestakuntza, jardunaldi, topaketa, foro, mintegi eta tailerrak gauzatzera zuzenduta; eta gida metodologikoak jarriko ditu praktikan.

    Zeregin nagusienetako bat baliabide gutxieneko udalei, bereziki 5.000 biztanle baino gutxiagokoei, “era guztietako laguntza, aholkularitza eta baliabide” eskaintzea izango da, entzute aktiboen eta herritarren partaidetzaren politikak modu eraginkorrean gauzatu ahal izateko. Laguntza hori ekintza hauetarako erabiliko da, besteak beste: herritarren partaidetzako erakundeen erregistroak egiteko; udal araudiak edo ordenantzak prestatzeko,  elkarlaneko gardentasun programak garatzeko, eta datu irekiak eskaintzeko.

    Gunearen ezaugarri nagusiena sarean lan egitea eta ezagutza nahiz esperientzia praktikoak trukatzea izango da, Horrela, herritarren partaidetzako metodologia eta instrumentu jakin batzuk garatuko ditu, bereziki,  herri kontsultak egiteko behar direnean; estrategia komunak jarriko ditu martxan partaidetzazko aurrekontuen esparruan; eta parte hartze prozesuen eta eztabaida parte-hartzaileari lotutako erabakien ereduak zehaztuko ditu.

    Gutiérrez-Rubíren hitzaldia

    Bilkura egin aurretik, Antoni Gutiérrez-Rubí komunikazio politikoan eta teknologia berrietan adituak hitzaldia eskaini du, “Herritarren partaidetza, herritargo berria eta sare sozialak” izenburuarekin. Ondoren, udaletako eta Aldundiko ordezkariekin solasaldia eduki du. Gutiérrez-Rubík azpimarratu du eraldaketa digitalak, ororen gainetik, “eraldaketa politikoa” ekarri behar duela berekin: “Partaidetza bultzatzea, zilegitasun anitzak errekonozitu eta uztartzea da. Sorkuntza partekatua da, sarean lan egitea egunero”. Gardentasunari dagokionez, ez da nahikoa edukiak ikusgarri jartzea, “irisgarri eta berrerabiltzeko moduan” jarri behar dira, haren esanetan.

    Haren irudiko, erakundeek derrigorrez egokitu behar dute egoera berrira: “Ezin da ondo zerbitzatu ondo ulertzen ez den gizartea. Gaur egun, inoiz baino tresna adimenkor gehiago dauzkagu entzute aktiborako”.