• 22 OTS 17

    Udalak Foru Aldundiari diru-laguntza eskatuko dio Arantzazuko Ama eta Aitor Ikastoletako patioetan konpontze-lanak egiteko

    Bi lanen aurrekontua 93.810,77 eurokoa da eta segidakoa egingo da: Arantzazuko Ama Ikastolako estalkia berritu, eta Aitor Ikastolako patioko lurzorua aldatu

    Donostiako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari diru-laguntza eskatuko dio Arantzazuko Ama eta Aitor Ikastoletako patioetan konpontze lanak egiteko. Horretarako, Udalak Gipuzkoako Kirol-Instalazioen 2017-2020 Plangintzako diru-laguntzen oinarriei helduko die, hain zuzen ere, Foru Aldundiako Kultura, Kirolak eta Turismo sailak onartutako diru-laguntzei.

    Oinarriek aukera ematen dute ikastetxeetan dauden kirol-guneak berritzeko diru-laguntza eskatzeko, betiere, baldin eta gune horiek eskola orduetatik kanpo erabiltzea bermatzen bada. Horren harian, Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Miren Azkaratek honakoa azaldu du: “Donostiak bost ikastetxetako patioak irekitzen ditu eskola ordutatik kanpo: Arantzazuko Ama Ikastola Martutenen, Aitor Ikastola Egian, Altza Herri Ikastetxea, Amassorrain Ikastola Añorgan eta Igeldo Herri Ikastetxea. Patio horiek guztiak auzotarrek erabiltzen dituzte eskola ordutatik kanpo eta, beraz, auzotarrentzako aisialdirako eta elkartzeko guneak dira”.

    Ildo beretik, Azkaratek esan du, helburua dela hiriko kirol- eta aisialdi-instalazioen garapena eta mantentzea bultzatzen jarraitzea: “Behin ikusita Arantzauko Ama eta Aitor Ikastoletako patioen egoera, uste dugu konpontze-lanak egiteko unea dela eta, horretarako, Foru Aldundiari laguntza eskatu diogu, obra horiek bi erakundeen artea finantzatzeko”.

    Arantzazuko Ama Ikastola

    Arantzazuko Ama Ikastolan segidako konpontze lanak egingo dira: estalkiaren metakrilatozko plakak eta altzairu galbanizatuko txapa guztiak aldatuko dira. 2005ean patioaren zati bat estali zen – estalkiaren azpian areto-futbol pista, saskibaloi pista, eta minibasket edo volleyball pistak daude –. Egun, txapa eta metakrilatozko plaka gehienak hautsita daude eta, ondorioz, euria egiten duenean ura sartzen da. Konpontze-lan horien aurrekontua  52.644,50 eurokoa da.

    Aitor Ikastola

    Aitor Ikastolak areto-futboleko eta minibasket-eko zelaiak ditu patioan. Lurzorua zaharra da eta hondatuta dago. Ondorioz, erorketak gertatzen direnean zauriak egiten dira. Hortaz, segidako berritze-lanak egingo dira: lurzorua aldatu eta aglomeratu asfaltikoa jarri. Lan horien aurrekontua  41.166,27 eurokoa da.