• 10 UZT 18

    Udalak eta Kutxa Fundazioak adostu dute Aldakoneako hiri-birsorkuntzari ekitea

    Jarduketa honi esker Egia auzoko 45.000 m2 birsortuko dira eta, bertan, 300 etxebizitza eraikiko dira eta inguruko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetuko dira

    Donostiako Udalak eta Kutxa Fundazioak adostu dute, Egia auzoko Aldakonea eremuaren hiri-birsorkuntzari ekitea. Eta birsorkuntza honek eragina izango du lehen Onkologikoa zegoen eremuaren, Nazaret Lanbide Heziketaren eremuaren inguruan. Jarduketa honi esker Egia auzoko 45.000 m2 birsortuko dira, eta helburua honakoa da: irisgarritasun zaila duen eremua birsortzea, betiere, hain zailtasun handiak dituen eremuaren mugikortasuna eta hiri-kalitatea hobetuz. Eta diseinatutako plangintzak eskatuko du Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aldatzea, izan ere, aurreikusita dago 300 etxebizitza eraikitzea - babes ofizialeko etxebizitzak zein etxebizitza libreak -, gune berdeak sortzea, eta Nazaret Institutua lekuz aldatzea.

    Donostiako alkate Eneko Goiak, Hirigintza Sostengagarriko zinegotzi Enrique Ramosek, eta Kutxa Fundazioko presiente Manu Berazak aurkeztu dituzte gaur akordioaren edukiak. Eta egingo den lehen gauza izango da Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzeko izapideak hasi. Izan ere, eremua egin nahi denari egokitu behar zaio. Egun HAPO-an ezartzen da Onokologikoa eta "Villa San Antonio" (Osalan) eremuen kalifikazioa aldatu daitekeela etxebizitzak egiteko. Baina aitzitik, Donostiako alkatearen ustez, ez da nahikoa, izan ere, aldaketa hori egiteak ez du konpontzen deskribatutako irisgarritasun eta mugikortasun arazoa, baizik eta arazoa handitu egiten du, bai aurreikusitako proiektuari, bai dagoen bide-azpiegiturari. 

    Bi erakundeek laster sinatuko dute hitzarmena, non eta jarduketa egiteko orduan bakoitzari dagokion eskubideak eta betebeharrak zehaztuko diren. Eta era berean, HAPO aldatzeko izapideari ekingo zaio. Horri esker, azaldutako hirigintza garapena egin ahal izango da eta hurrengo hilabeteetan modu zehatzagoan definitzen joango da.

    Jarduketa eremua

    Eta jarduketa eremua honakoa da: Egiako ekialdean Mandas-eko Dukearen kaleraino doan mendi magala, hain zuzen ere, Aldakonea eta Konkorrenea tarteko mendi magala. Eta goitik behera begiratuta, Aldakonea egoitzatik - egoitzaren lurren zati bat ere - Mandas-eko Dukearen eraikinen atzealderaino eta Maldatxo kalearen hegoalderaino - Maldatxo kalea ez dago jarduketaren barruan -.

    Eremu horrek 45.523 m2ko azalera du. Eta azalera hori 38.014 m2ra gutxitzen da, baldin eta Aldakonea egoitzaren zatia kentzen bada - 7.509 m2-. Egoitza kontsolidatu egiten da eta ez du parte hartzen operazioaren kudeaketa mekanismoetan. Eremu honi 35.714 m2ko hirigintza eraikigarritasuna emango zaio. Batez beste, eraikigarritasuna 0,94 m2koa izango da - egun 0,81 m2koa da - eta guztira, 28.140 m2 etxebizitzak egiteko izango dira, eta 7.574 m2 erabilera komertziala eta beste erabilera tertziario sustatzeko.

    Egiako goiko aldean dagoen Aldakoneako mendi magalak irisgarritasun arazo handia du - bai ibilgailuentzat, bai oinezkoentzat -, izan ere, aldapa handia du eta horrek eragin negatibo zuzena du baldintza operatiboetan eta bertan dauden zerbitzuetan, baita eremu horretako auzotarren bizi-kalitatean ere.

    Alkateak adierazi duenez, hilabeteak eman dituzte Udalak eta Kutxa Fundazioak lanean, eta elkarlan horren ondorioz adostu dute HAPO-ak aurreikusitakoa baino proiektu egokiago bat egitea, hain zuzen ere, zailtasun handiak dituen hiriaren eremu baten birsortzea ekarriko duen proiektua.

    Kutxa Fundazioko presidenteak, Manu Berazak, azpimarratu du etxebizitzak eginaz eta irisgarritasuna hobetuz auzoa berpizteaz gain, gaur egun etxebizitza duten jabeei beste etxe berri bat eskainiko zaiela. Horrekin batera, Nazaret Zentroak eraikin berria izango du, hitzarmen honen ondorioz. Berazak adierazi duenez, Kutxa Fundazioak operazio honetan eskuratuko dituen baliabide berriak gipuzkoar gizartean hobekuntzak egitera bideratuko ditu, Gipuzkoarekin duen konpromisoa bultzatzen jarraituz.

    Etxebizitzak eta igogailu berriak

    Operazio honen helburua da eremu hori birsortzea eta hobetzea, betiere, udal gobernuak sustatutako irizpidea jarraituta, hau da, eraikitako hirian lan egitea eta, ez ordea, gune berrietan eraikitzea. Hortaz, aurreikusita dago 300 etxebizitza eraikitzea - babes ofizialeko etxebizitza zein etxebizitza libreak -, eremuaren irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea, eta aparkalekuak zein hiritarrek disfrutatzeko gune berdeak egitea.

    Hortaz, planak honakoa aurreikusten du: egun dauden 57 etxebizitza ordezkatzea - beti, ostatu ematea "metro bat metro baten truke" irizpidea jarraituta, hirian beste hainbat hirigintza-proiektutan egin den bezala -. Horretarako jabeekin negoziatuko da. Eta hori guztia, erakunde bakoitzaren jabegoen erabileren kalte-ordainen baldintzak ezartzeko akordioa egin aurretik.

    Mendi magalaren eta Egiako goiko aldearen oinezkoen irisgarritasuna bermatzeko bi igogailu egingo dira Mandas-eko Dukearen kaletik Aldakonea egoitzaraino. Eta hortik, %6 baino malda txikiagoa duen oinezkoentzako bide batetik Egiako goiko aldera iritsi ahal izango da.

    Jarduketa honen helburua da, egun antolatzeko zailtasunak dituen eremua hobetzea, eta hori, HAPO-a aldatuta eta erabilera berriak sartuta lortuko da.

    Birsorkuntzaren ondorioen artean segidakoa dago: Nazaret Institutua lekuz aldatzea. Institutua Kutxa Fundazioarena da eta aurreikusita dago Infernura (Errotaburu-Ibaeta eremura) eramatea. Halaber, Presentación de María Ikastetxeari hiriko beste eremu batera aldatzeko proposamena egin zaio.

    Antolamenduan sartzen da ere Iztueta biaduktua lurperatzea eta diseinu berria egitea Egia Galtzadarekin lotura egiteko biribilgune baten bidez. Horrenbestez, biribilgune horrek Aldaknea kaleari ere zerbitzu emango dio, izan ere, aurreikusten da eremuaren birsorkuntzaren ondorioz trafikoa handitzea.