• 22 EKA 18

    Udala eta emakidunaren arteko akordioak Bretxako berritzeari hasiera eman dio

    Donostiako Udalak eta Bretxako emakidun Abastos Gestión enpresak akordioa lortu dute eta, ondorioz, Arraindegia eraikinaren eta merkatal eta hiri-gune guztiaren berritzeari ekingo diote. Horrela aditzera eman dute Donostiako alkate Eneko Goiak eta Abastos Gestión enpresaren buru Jaime Gómez de Baluguerak Donostiako Udaletxean egindako agerraldian

    Tokiko Gobernu Batzordeak asteartean onartuko du hitzarmena eta, bertan, zehazten da garatuko den proiektua, baita Bretxak izango duen erabilera komertziala zehatza ere. Eta erabilera nagusiena honakoa izango da: bertako produktuaren betiko merkatua, hain zuzen ere, Arraindegia eraikinaren arrasean kokatuko den betiko merkatua. Izan ere, Udalak azpimarra jarri du gai horretan elkarrizketa hasi zenetik.

    Duela gutxi enpresa emakidunak eta merkatuaren postuetako jabeek lortutako akordioari esker bide eman ahal izan zaio hitzarmenaren sinadurari eta, ondorioz, merkatuaren izaera eta garrantzia nabarmenduko duen eta tokiko produktua eta euskal gastronomia sustatuko duen operazioari.

    Betiko merkatua Arraindegia eraikinaren arrasera eramatearekin batera, baserritarren postuak ere lekuz mugituko dira, eta San Juan kaletik Arkoak eraikinaren hegoaldeko aurrealdera pasako dira, hau da, Bretxako plazara bertara. Egun plazaren erdian dagoen eraikina – (“Tupperware” bezala ezagutzen den eraikina) - eraitsiko da eta plaza publiko bat sortuko da. Ondorioz, baserritarren postuen eta betiko merkatuaren arteko bidea hobetuko da, izan ere, bata bestearen aurrean egongo dira.

    Eta horrek guztiak ekarriko du beheko solairurako sarrera lekuz aldatzea. Eta sarrera plaza erdian egotetik alboan egotera pasako da, hain zuzen ere, Aldamar kalean egotera.

    Zerbitzu publiko berriak eta Arkoak eraikina

    Bretxa berriak betiko merkatua sustatuko du eta, horrekin batera, Arraindegia eraikina osasun zentro batek eta kirol-instalazio batek osatuko dute. Bi instalazio horiek zerbitzu publiko berriak izango dira eta Arraindegia eraikinaren lehen, bigarren eta hirugarren solairuetan kokatuko dira.

    Hortaz, osasun zentro berriak Erdialdeari eta Alde Zaharrari emango die zerbitzu, eta eraikinaren lehen, bigarren eta hirugarren solairuetan kokatuko da. Kirol instalazioa, aldiz, bigarren eta hirugarren solairuan kokatuko da, kirol anitzerako pista izango du, eta neurri batean auzoan dagoen gabezi bati erantzuna emango dio, hain zuzen ere, gune estali bat izatearen gabeziari. Instalazio bakoitzak sarrera independientea izango du Aldamar kaletik. Eta horretarako, Aldamar kaleko espaloia zabalduko da, izan ere, espero da jende kopuru gehiago bertatik ibiltzea.

    Era berean, Bretxa proiektuaren beste nobedade handietako bat Arkoak eraikinari dagokio, hain zuzen ere, egun hainbat marka komertzial osatzen duten eraikinari. Behin Plan Berezia onartuta, arkuak irekiko dira, betiere, eraikinaren hasierako itxura berreskuratuz eta barrualdeari permeabilitate handiagoa emanez.

    Kanona eta lanak

    Udalak eta enpresa emakidunak sinatutako hitzarmenak, halaber, Udalak enpresari kobratuko dion kanona ezartzen du emakidaren amaiera arte. Eta kanona 3 milioi eurotan ezarri da. Enpresak kanon hori ordainduko du Udalari egitea egokituko litzaizkiokeen hainbat obra egiten, besteak beste, Arraindegia eraikina barrutik eraisteko lanak eta oinarrizko obra.

    Horrenbestez, Udalak enpresa emakidunaren esku utziko du Arraindegia eraikina osorik eta beste hainbat espazio eta, behin lanak amaituta, Arraindegia eraikinaren zati bat itzuliko dio - hain zuzen ere, osasun zentroari eta kirol instalazioari dagokion zatia -.

    Eneko Goia: "Bretxaren erabileran eta eredu komertzialean aldaketa"

    Donostiako alkate Eneko Goia pozik agertu da lortutako akordioagatik, “mugarri izango baita hiriaren gune oso berezi batean”: "Bretxako proiektua hiri-proiektu bat da, eta hiriaren bihotzean dagoen gune bat guztiz aldatuko du. Egia da Udalarentzat errentagarriak gerta zekizkiokeen beste aukerak bazeudela, baina ez da Udalak bilatzen duen eredua. Izan ere, helburua da finantza-jasangarritasuna eta hiriaren interesak lotzea".

    Donostiako alkatearen iritziz, proiektu honek segidakoa ekarriko du: "Lehenik, Bretxako erabilera eta eredu komertziala aldatuko da, izan ere, bertan Alde Zaharrarentzat oso beharrezkoak diren hainbat zerbitzu publiko egongo dira; bigarrenik, azalera komertziala gutxituko da, baina aitzitik, betiko merkatua, hau da, inoiz galdu behar ez zen bertako produktuen betiko merkatua indartuko da; eta azkenik, jabe gutxiago dituen eredu bat izango da, baino indar gehiago duten jabeak izango dira, eta hori ona izango da bai merkatuarentzat, bai Donostiarentzat".