• 04 URR 17

    TOPOgunea, TOPOaren trenbide saihesbideari buruzko informazio puntu berria

    Herritarrekin komunikazioa zabaltzeko bide berria ireki da, Amarako geltokian (Easo), plataforma digital bati konektaturik. Honen helburua obraren xehetasunak eta aurrerapenak denbora errealean jakinaraztea “alerta” zerbitzu baten bitartez

    Eusko Jaurlaritzak, herritarren arretarako bulegoa ireki du gaur goizean Amarako geltokiko atarian, Donostian, Lugaritz eta Easo artean luzatuko den TOPOaren trenbide saihesbidearen eraikuntza proiektua eta plana interesaturik dauden pertsona guztiei azaltzeko. Obra honek hiru geltoki berri eraikitzea aurreikusten du: Bentaberrin, Erdigunea-Kontxan eta Eason.

    Informazio puntu horrez gain, ETSk, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen euskal trenbide kudeatzaileak, komunikaziorako beste bide batzuk ere irekiko ditu, topo.eus webgunea, informazio hitzaldiak eta telefono bidezko zerbitzua, besteak beste.

    Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak, zuzenean egiaztatu ahal izan dute bulegoaren irekiera eta bertan dagoen informazio zabala, zenbait euskarri fisiko zein ikus-entzunezkoetan.

    Hasiera emango zaie lanei

    Lehendabiziko tartearen eraikuntza lanak hilabete honen amaieran hasiko dira. Gaurko topaketan baieztatu da, aurreikuspen guztiak betetzen badira, urriko azken astean sinatuko dela erreplanteo-akta, eta behin tramite hau gainditu ondoren, obraren hasiera berehalakoa izango dela.

    Hiru erakundeetako ordezkariak bat etorri dira TOPOari lehiakortasun handiagoa emango dion proiektuaren izaera estrategikoa azpimarratzeko orduan. TOPOa garraiobide jasangarria da, Donostian eta Gipuzkoan sustraiturik dagoena eta oso maitatua. Irisgarritasun, modernotasun eta eraginkortasun handiagoa emango zaio, Easoko zaku-hondoa ezabatu egingo delako, eta Antigua eta Erdigunea-Kontxa auzoetara hurbilduko delako.

    Hiritarrekin interakzioa bilatuz

    TOPOgunea izena daraman herritarren arretarako bulegoa, gaurtik aurrera egongo da zabalik, obrek iraungo duten lau urteetan zehar, goizeko 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 18.00etara, astelehenetik ostiralera. Bertan, herritarrek proiektuari buruz duten edozein kontsulta egin ahal izango da, zein lan gauzatuko diren eta lan horiek herritarrengan izan ditzaketen eraginak.

    Ez da hori izango, baina, gaurtik aurrera martxan jarriko den komunikaziorako bide bakarra. Bulegora joan ezin daitekeen edo urruneko informazioa nahi duen jendeak topo.eus webgunea erabili dezake. Bertan, ohiko galderez gain, obrek kale mailan dituzten eraginei buruzko ohartarazpenak, trenarekin erlazionaturiko Donostiako azken mendeko historiako gertakari historikoak eskainiko dira, eta mezu elektronikoak bidaltzeko helbide bat ere egongo da, edozein kontsulta planteatzeko.

    Plataforma honen bitartez, hiritarrekin interakzio zuzena bilatu nahi da, zuzenean administrazioarekin, eta proiektua gauzatu eta exekutatuko duten teknikariekin komunikazio bidea erraztuz. Sortuko diren zalantzak eta galderak modu pertsonalizatu batetan erantzungo dira.

    Helburua obraren xehetasunak eta aurrerapenak denbora errealean jakinaraztea da, “alerta” zerbitzu baten bitartez. Hiru notifikazio mota bereiziko dira: Eragozpenak, Agenda eta Albisteak. Eragozpenen atalean donostiarren eguneroko bizimoduan eragina izango duten afekzioen berri emango da, modu detailatu batetan, kaleka eta auzoka antolatzeko irizpidea jarraituz. Bigarren tartean, Agendari dagokionean, hiritarrei dei egingo zaie topaketa eta bilera informatibo ezberdinetara. Obrarekin zerikusia duten ekitaldi ezberdinen agenda izango da. Azkenik, Albisteak atalean prozesu osoan zehar gertatuko diren mugarri ezberdinak jasoko dira.

    Horrez gain, topo@ets-rfv.eus emaila eta telefono zerbitzua ere eskainiko da 943 50 43 56 zenbakiaren bitartez, TOPOaren trenbide saihesbideari buruz plantea daitekeen edozein zalantza jasotzeko eta erantzuteko.

    Bilera informatiboak

    Azkenik, kokapenaren eta kaleen arabera antolaturiko informazio hitzaldiak deituko dira, obrek zein eragin izango duten jakin nahi dutenek informazio zuzena jaso dezaten. Bilera horiek Gipuzkoako Bazkundean izango dira, arratsaldeko 18:00etan. Helburua, lanak gauzatzeari eta hiriaren eguneroko jardunean izango duten eraginari buruzko edozein zalantza ahalik eta ongien argitzea da.

    Lehenbiziko bilera txanda, “Lugaritz-Mirakontxa” tarterako aurreikusten dena, urriaren 10ean hasiko da, eta Zarautz eta Tolosa etorbideak eta Bertxolari Xalbador kaleen eremu bateko bizilagunei zuzendua izango da. Bileren berri posta arruntaren bidez emango zaie bizilagunei, topaketa egin baino egun batzuk lehenago.