• 15 MAI 15

    Tolosarren beharrei erantzuteko beharrezkoa da erakundeen arteko elkarlana

    Olatz Peon alkategai jeltzaleak gainerako erakundeekin modu koordinatuan lan egiteak duen garrantzia azpimarratu du udal eskumenekoak ez diren gaiak jorratzeko

    Olatz Peon eta EAJ-PNVko gainerako kideek adierazi dute Tolosaren eta tolosarren beharrei erantzuteko erakundeen arteko elkarlanean sinesten dutela: “Zenbait kasutan arazoak suertatzen dira eta horiei irtenbidea ematea udal eskumenetatik kanpo egoten da, kasu horietan bereziki garrantzitsu eta beharrezkoa izaten da gainerako erakundeekin elkarlanean jardutea eta modu koordinatuan lan egitea herritarrek helarazitako arazo eta beharrei erantzuna emateko, eta posible den guztietan konponbidea emateko”.

    Ildo horretatik, jakinarazi dute duela hilabete batzuk martxan jarritako parte hartze prozesuaren baitan hainbat herritarrek Apeaderoko irisgarritasuna hobetzeko beharra aipatu zutela. “Orixe ikastetxeko arduradunak gurekin harremanetan jarri ziren haien egoera azaltze asmoz eta egun, bertako eraikin batek zein arazo eragiten dizkien adierazteko” gehitu du. “Berehala Eusko Jaurlaritzarekin eta Madrilgo parlamentariekin jarri ginen harremanetan herritarrek azaldutako arazo horiei nola irtenbide eman eta nola kudeatu hitz egin eta aztertzeko”, jakinarazi dugu.

    Horregatik, EAJ-PNVn erakundeekin modu koordinatuan lan egitea behar-beharrezkoa dela uste dugu, “gainerako administrazioekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa da udal eskumenekoak ez diren gaiei heltzeko eta irtenbidea emateko”. “Udala herritarrengandik gertuen dagoen erakundea izanik, guri dagokigu kasu horietan bitartekaritza lanak egitea, herritarrek helarazitako arazo eta beharrei erantzuna emateko” esan dugu.

    Horiek horrela, baieztatu dugu hemendik gutxira irisgarritasuna hobetuko duen igogailua ezarriko dela Apeaderon, EAJ-PNVk Madrilen egindako lanari esker. Era berean, aste honetan bertan iragarri du Eusko Jaurlaritzak Orixeko eraikinetako bat eraberrituko duela faseka dituzten arazoei irtenbidea emanaz. Horregatik, udalaren ardurapetik kanpo geratzen diren gaietan, orain arte egin bezala, gainerako erakundeekin elkarlanean lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dugu.