• 10 API 15

    Tolosako EAJk San Esteban auzoan gazteentzako 240 alokairu sozialeko etxebizitza eraikitzearen alde egiten du

    EAJ-PNVren udal taldeak, udaletxeak proiektu hori aurrera eramateko gaitasuna duela berretsi du, eta auzoa tolosarrek erabili eta gozatzeko ekipamendu berriz hornitzea proposatu dute. Jeltzaleek, Udal Gobernuaren proposamena zehatza ez dela eta hauteskundeei begira landu dela salatu dute. Gainera, proiektuaren bideragarritasuna arriskuan jartzen duten gabeziak dituela azpimarratu dute

    Olatz Peon alkategaiak eta hautagaitzago bigarrena den Jokin Azkuek, prentsaurrekoa eskaini dute gaur, EAJ-PNVk  Tolosan, hiritarren behar errealei erantzuteko eta ahal den neurrian Tolosar guztiei etxebizitza eskuratzea erraztu eta bermatzeko,  alokairu sozialaren aldeko duen apustua berresteko.

    Olatz peonek adierazi du, EAJ-PNV legealdi guztian zehar zentzu honetan proposamenak egiten eta etxebizitza hutsak alokairuko merkatura sartzea bultzatzeko neurri desberdinak aztertzen aritu dela. “Udaletxetik, egun gizartean eta ekonomian ematen ari diren  aldaketei egokitzen diren formula berriak landu behar ditugu, aldaketa hauek, lan ezegonkortasuna eta soldata baxuak direla eta , batez ere gazteenek etxebizitza eskuratzea zailtzen bai dute” adierazi du hautagaiak. 

    Zentzu honetan, EAJ-PNVren udal taldeak, San Esteban auzoan gizarte-alokairuko etxebizitzak eraikitzeko Plan Orokorrean aldaketak proposatu ditu,  izan ere,  bere aburuz, udal gobernuak aurkeztutako Plan Orokorraren berrikuspena eskasa da eta ez die tolosarren behar errealei erantzuten.  Jokin Azkueren hitzetan “Udal Gobernuaren proposamena ez da zehatza eta ez dago behar bezala landua, eta ondorioz, proiektuaren bideragarritasuna arriskuan jartzen duten gabeziak ditu” .

    Azkuek azaldu du, Bilduk aurkeztutako txostenak ez duela aurreikusten Udaletxeak alokairu sozialeko etxebizitzarik sustatzerik, berauen eraikuntza erabat Eusko Jaurlaritzaren eskuetan utziz. EAJ-PNVk, aldiz, San Estebanen 700 etxebizitzaren eraikuntza proposatzen du, Bilduk 548 proposatzen dituen bitartean, eta etxebizitza babestu denak alokairukoak izatea. Modu horretara, etxebizitza babestu guztiak alokairuko etxebizitzak izango lirateke eta alokairuko gizarte-etxebizitza gehiago egongo lirateke. Horrela, Udaletxeak gazteen emantzipazioa errazteko 240 alokairu sozialeko etxebizitza eraikitzeko ardura beregain hartuko luke. “Udalaren jabetzakoak dira San Estebango lurren % 60 inguru, hortaz, sortutako plusbalioekin gizarte-alokairuko etxebizitzak eraiki daitezke, baita auzoarentzat ekipamendu osagarriak ere, etxebizitzak eraiki ondoren plusbalioetatik geratuko liratekeen 3 milioi euroko kopuruarekin, jarraitu du Azkuek, hori aurrera eramateko behar dena, udal gobernuak azaldu ez duen borondate politikoa da” gaineratu du.

    “Guzti honek, garbi erakusten du Bilduren gobernuak kudeaketarako duen gaitasun falta, osotasuneko proiektuen lidergoa hartzeko orduan eta baita ere, beraien proposamenak ez direnak onartu eta beste taldeekin elkarlanean aritzeko gaitasun eza” adierazi du Jokin Azkuek. Horregatik, EAJ-PNVk berriro esan du EH Bilduk planteamendu eskasa egin duela eta ez dela nahikoa tolosarren benetako beharrei erantzuteko. EAJ-PNVren iritziz, Udal gobernuak anbizio handiagoko proiektu bat bultzatu beharko luke, eta alokairurako etxebizitza kopuru handiago baten eraikuntza bultzatu, “guk proposatzen dugun bezala, babes ofizialeko etxebizitzen sustapena beste administrazioen eskuetan utzi ordez” azpimarratu dute. Bestalde, Azkuek gaineratu duenez, proposamenean ez dira ekipamendu osagarriak aurreikusten, eta proiektuaren bideragarritasuna arriskuan jartzen duten gabezia gehiago daudela azpimarratu dute, izan ere, ez da diru-zuzkidura nahikoa egin bizilagunei ostatu emateko, ezta kalte-ordainak ordaintzeko ere. Era berean, ez da Ferialaren etorkizunari buruzko azterketarik egin, ezta berau zabaltzeko aukerari buruzkorik ere. “Zehaztasuna falta zaio proposamenari, korrika eta presaka landu da hauteskundeei begira, argi eta garbi, eta kea besterik ez du saltzen” salatu du Jokin Azkuek.

    Laburbilduz, EAJ-PNVk Udalak proposamen jeltzalea aurrera eraman dezakeela azpimarratu du, nahiz eta gaur egungo gobernuak kudeaketarako erakutsi duen gaitasunik eza eta borondate eta handinahi falta dela eta, planteamendu eskasa eta zehaztugabea egin duten, izan ere, "EH Bilduk ez du aldez aurretik inolako azterketarik egin" erantsi dute. "Aurkeztutako proiektuaren helburua ez da herritarren benetako beharrei erantzutea, baizik eta hauteskundeei begira landu den proiektu bat da” adierazi dute amaitzeko.