Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/07/01

Tolosa berriro abian jartzea izan da Udal Gobernuaren helburua

Legealdirako programatutako proiektuen zati handi bat abian da jada, eta ugariak dira aurretik ditugunak; guztiak planifikazio arduratsupean ari gara planteatu, aztertu eta garatzen” azaldu dute
Tolosa berriro abian jartzea izan da Udal Gobernuaren helburua

Olatz Peon Ormazabal alkateak eta Tolosako Udal Gobernua osatzen duten gainerako 9 zinegotziek legealdi erdiko balantzea egin dute. Alkateak jakinarazi duenez, legealdiko bost helburu estrategikoak bideratuak daude jada, eta horiek garatzen jarraitzearekin bat, emaitzak hasi dira azaleratzen.

“Helburu nagusi batekin jarri zen lanean Udal Gobernua: Tolosa berriro abian jartzea” - adierazi du Olatz Peon Ormazabalek - “bi urtetan legealdiaren norabidea finkatu dugu, hasiera-hasieratik gure herriarentzako behar-beharrezkoak ziren proiektuei irtenbidea emanaz eta guk ezarritako helburuekin bat zetozen proiektu berri ugari martxan jarriaz”. Horretarako, ekonomia eta tolosarren ongizatea ditu ardatz Tolosako Gobernuak: “ekonomiaren sustapena eta herriaren garapena ezinbesteko dira herritarren ongizatea bermatzeko.

Ekonomiaren martxa onak bermatzen du kalitatezko eta unibertsalak diren zerbitzuak eskaintzea”. Tolosaren lehiakortasuna bermatzea “funtsezkoa” dela dute iritzi: “horrexegatik jarri ditugu abian urte amaierarako zabalik egongo den coworkingerako Oriaburuko gunea, etengabeko berrikuntza eta ekintzailetza sustatuko duena; Enplegu eta ekonomia plana, enpresen beharrak ezagutu eta gertuko hartu-emana sustatzeko; Usabal industriagunea modernitzatzeko azterketa Sprilurrekin elkarlanean; Hiri Ekonomiaren Plan Estrategikoa, merkataritza, feriak, turismoa, kultura eta gainerako agenteek herriko ekonomiaren garapenean estrategia eta ekimen bateratuak sortzeko; Alojamendu eta ostalaritza proiektua Euskal Herria Plazan; edota Lanbide Heziketaren sustapena, etorkizuneko langile kualifikatuen iturburu den heinean, enpresa munduaren beharrei erantzuna emanaz”.

Elkartasuna “ardatz” dutela dio Peonek: “inor ez dugu bidean utzi nahi, eta tolosar guztien ongizatea da Udal honen lehentasunik hadiena” berretsi du. Pertsona dutela erabaki ororen “erdigune” nabarmendu du alkateak.

Enfasia Tolosak beharrezko dituen azpiegituren kudeaketan jarri da legealdiko bigarren urte honetan eta jada, Udal eskumenekoak diren azpiegituren azterketa gauzatzeko pausu ugari eman direla adierazi dute Gobernuko kideek: “beharrezkoa zaigu Udalak dituen eraikinen nolakotasuna aztertu eta herritarrek dituzten beharrei egokitzea”. Udal eskumeneko bilakatu den azken eraikina Iturritza Jauregia da: “Tolosa hain herri dinamiko eta bizia izateak, proiektu berri ugari sortzen ditu urtean, bai erakundeon partetik, eta batez ere herritarrengandik, eta horiexek geroz eta baliabide gehiago eskatzen dituzte. Udalak herriarentzako interesgarri den proiektu orori bidea eman nahi dio; efizientzia izango da horretarako bidea” gaineratu du Olatz Peon Ormazabalek.

Inbertsio nagusiena, bigarren urte honetan, Nafarroa etorbidearen eraberritzea izan da, baina beste hainbat irisgarritasun eta eraberritze lan ugari ere abian ditu Udalak une honetan, hala nola: Bidebieta auzoan, Zezen Plazan, Elosegi Parkean, Samaniego ikastetxean edota Paper Eskolako igoeran. Aurretik ere, Gaztelako atean eta, esaterako, Ferialean egin diren moldaketen ildo beretik. Puntu garrantzitsutzat jo dute ere Oria Ibaiaren baitan egitear den azterketa: “Tolosako biztanleon eta Oria ibaiaren arteko erlazioa eraldatzen doa pixkanaka. Herria, berriz, Oria Ibaira begira jarri nahi dugu; herriaren indargune eta baliabide garrantzitsua da. Helburua, sozialki, ingurumenaren aldetik eta ekonomikoki berreskuratzea da” gehitu dute.

Edukiak, erak eta moldeak eraberritu izana nabarmendu du alkateak: “herritarrengana gerturatu eta administrazioa gardenagoa bilakatzeko pausu esanguratsuak eman ditugu. Herritarrek politika publikoetan parte-hartze zuzena dute; gizartearekin lankidetzan garatzen ari gara gobernantza berria. Udaleko web orriko gardentasun atala jarri dugu abian; Tolosatzenek, herritar, teknikari eta alderdi politikoen adostasuna oinarri izanik, 10 urtera begirako argazkia osatu du ekimen eta proiektu ugarirekin; gainera orain herritarrek Udalaren proiektuen jarraipena egiteko aukera izango dute; Amarotzeko parte hartze prozesuan bizilagunek erabaki zuten zer garatu nahi zuten auzoan, eta une honetan, auzotar eta Udalaren artean, proiektu horiei forma ematen gabiltza” azaldu dute.

“Herritarrekin bat doa Udala, gertutasunez” uste du Olatz Peon Ormazabalek: “tolosarron ahotsa entzutea asko baloratzen dugu” gaineratu dute hamar ordezkariek. Zentzu horretan alkateak aurreratu du informazio panelak jarriko direla gutxi barru, edota doako WIFI zerbitzua zabalduko dutela eraikin publikoetan, guztiak “konektatuago” egoteko.

Herritarrekin zuzeneko eta uneoroko harremana izateaz gain, Udalaz gaindiko beste hainbat eta hainbat erakunderekin akordioak itxi dira, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin. Bide horretan, Udal Gobernuak adierazi du “oinarrizkoa” dela udal administraziotik haratago dauden erakundeekiko harremanak sustatzea Tolosarentzako estrategikoak diren alorretan akordioak eta aurrerapausuak lortzeko.

Bide batez ere, herritar guztiei egunero-egunero bakoitzak bere esparruan egiten duten esfortzua eskertu nahi izan diete Udal Gobernua osatzen duten alkateak eta zinegotziek: “Tolosa aurrera egitera bultzatzen dute, eguneratu, gure nortasuna bere horretan mantenduz: biztanleria gogotsu eta bizia”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube