• 23 OTS 19

    Portaaviones eraikin berria errealitate da jadanik, eta Donostiako portuko jarduera berrindartuko du

    Erabilera anitzari esker, arrantza eta itsasketa jarduerak sustatuko ditu, eta itsasoko produktuen balorizazio zentroa jasoko du

    Gaur goizean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak, Donostiako kaian dagoen Portaaviones eraikin enblematikoaren instalazio berriak bisitatu dituzte. Mende batez Donostiako arrantza jarduera jaso duen jatorrizko estruktura errespetatuz, proiektu berriarekin betidaniko erabilerak eta erabilera berriak elkartu dira, eraikina porturako erreferentzia gune bilakatzeko xedez. 

    Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako eta Donostiako Udaleko ordezkariak egon dira: Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politika Sailburuordea; Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio Sailburuordea; Edurne Egaña Euskadiko Kirol Portua EKPko zuzendaria; Aitor Etxebarria Portu eta Itsasoko Gaietako zuzendaria; eta Leandro Azkue Arrantza eta Akuikultura zuzendaria. 

    1943ko jatorrizko eraikina Gipuzkoako Mugimendu Modernoko arkitektura industrialaren eredua zen. 1988an berriztatu eta ekipamendua eguneratu zen, Donostialdeko arrantzaleek erabiltzeko biltegiratze guneak sortzeko. Gaur amaitu den zaharberritze proiektuaz VAUMM estudioa arduratu da. Eraikinaren funtsa eta portuan betetzen duen erdigunea errespetatuz, erabilera berriak eta tokian modu egokian integratzen den irudia eman zaizkio, modernotasuna eta tradizioa uztartuz. 

    VAUMMeko arkitektoek erliebea duten pieza zeramikoak erabili dituzte, Portaaviones eraikinerako eginiko diseinuarekin. Bertan, tonu zurien eta esmaltatuen 6 bariazioek bibrazioak ematen dizkiote multzoari. Egiledun zeramikaren erabileraren bitartez inguruneko eraikuntza tradizioarekin lotura ezarri nahi da, eraikinaren erabilera berriekin lotzen den izaera garaikidea eta artisautzakoa emanez. 

    Lanak IZA Obras y Promociones, S.A. enpresak egin ditu, 1,5 milioi eurorengatik. Obra hasi ondoren, esku-hartze gehigarria behar zuen estruktura aurkitu da. Eginiko indartze lanengatik, egikaritze epeak otsailera arte luzatu behar izan dira. 

    EEEren, energiaren euskal erakundearen, aholkuei jarraituz, eraikin berriak hidrotermia sistema berritzailea du, itsasoko uraren aprobetxamendu termikorako. Sistema hori bat dator aste honetan bertan Eusko Legebiltzarrak onetsi duen Energia Iraunkortasunari buruzko Lege berriaren edukiekin. 

    Portaaviones eraikinaren erabilera berriak 

    925 m2ko azalera eraikiarekin, Portaaviones berriaren erabilera programak, zuzenean arrantzarekin lotutako jarduerak izango ditu iparraldeko muturrean, baxurako arrantzaren balorizazio zentroa eraikinaren erdialdean –izaera publiko nabarmenarekin–, muturreraino, EKPren zerbitzuak dauden erdialdeko kairaino. Eraikitako metroak honela banatzen dira:

    Arrantza jarduerarekin loturiko erabilerak (130 m2)

    Eraikin berrian, portuan arrantza jardueran aritzen diren itsasontziekin erlazionaturiko biltegiratze gune gisa egokituriko lau soto daude. Ipar-mendebaldeko muturrean daude, eta sarbide zuzena dute kaitik. Portuko arrantza jarduerarekin zuzenean loturik, kaitik sarbide zuzena duen hozkailua dago. 

    Euskadi Kirol Portuak-en Zerbitzuarekin loturiko erabilerak  (229 m2)

    Hegoaldeko muturrean dago E.K.P.-rako zerbitzuen ekipamendua. Ekipamendu horretan sozietatearen bulegoak eta kirol ontzietarako kortesiazko kaiko erabiltzaileentzako zerbitzuak egongo dira. Zerbitzu gunea igarobide pasante baten inguruan antolatuko da. Bertara sarbide zuzena egongo da dartsenatik eta barrualdeko plazatik. Bertatik sarbidea egongo da dutxak dituzten aldageletara, komunetara, biltegira, artxibategira, hondakinen kudeaketa gelara eta ikuztegi zerbitzura. Sozietatearen bulegoaren sarrera erdialdeko kaiaren aurrealdean egongo da. 

    Baxurako arrantzaren balorizazio zentroarekin loturiko erabilerak (420 m2)

    Eraikinaren erdigunea da, baina oraindik amaitu gabe dago, OPEGIri, Baxurako Arrantza Ekoizleen Elkarteari emandako emakida bitartez garatuko baita. Zentroa, Bizkaiko Golkoko baxurako arrantzaren sustapenerako eta balorizaziorako gune izango da, eta baita baxurako flotak betidanik arrantzaturiko espezieetan oinarriturik produktu eraldatu berrien garapenerako I+G+B zentro ere.

    Donostiako portuko agenteekin batera egin den ekitaldian, Tapia sailburuak azpimarratu duenez, “proposamenak jatorrizko estrukturari protagonismoa itzultzea bilatzen du, jatorrizko estalpe ideia hura indartuz”. Sailburuaren hitzetan, “eraikina portuko hainbat erabilera bilduko diren puntua izango da, eta Donostiako portuko erreferentziako zentroa bilakatuko da”. 

    Egiteke dauden lanak

    Eraikinaren obra amaitu ondoren, itsasketa eta arrantza jarduerek Portaaviones berriko instalazioak erabili ahal izango dituzte. OPEGIk eraikinaren erdigunean egin behar duen egokitzapena falta da. 

    Oraindik ez dira urbanizazio lanak osatu. Lan horien barruan ingurunea erabilera berrietara egokituko da, une honetan bertan dauden kota eta maila aldaketak gaindituz. Jarduketa horiek beharrezkoak dira eraikineko toki guztietan irisgarritasuna bermatzeko. Aurreikusten denez, lan horiek datorren astean amaituko dira. 

    Instalatutako komun publikoak ez dira zerbitzua ematen hasiko urbanizazioaren egokitzapen lanak amaitu arte.