• 05 URT 16

    40 plazako Enplegu Eskaintza Publikoa iragarri du Aldundiak

    25 suhiltzaile zerbitzukoak izango dira eta 15, Ogasuneko teknikarientzakoak izango dira, iruzur fiskalari aurre egiteko. Denbora gutxian, joan den legealdi osoan baino 35 plaza gehiago eskaintzea lortuko da

    25 suhiltzaile plaza eta iruzur fiskalari aurre egiteko 15 teknikari plaza betetzeko Enplegu Eskaintza Publikoa deituko du Foru Aldundiak. Imanol Lasa bozeramaileak -foru gobernua, erakundea eraldatu eta modernotu asmoz- burutzen ari den apustuaren baitan kokatu ditu neurri hauek. Eraldatze lan horretako zutabeetako bat enplegu publikoa da zerbitzu “moderno, eraginkor eta gipuzkoarren beharretara doituagoa eman ahal izateko”

    Lasak gogora ekarri du, bere konpromisoa enplegu publikoa finkatzeko estatuko markoak dauzkan zirrikiturik estuenez ere baliatzea dela. Herritarrei eskainiko zaizkien 40 plazatik zortzi, 2015eko estatuko aurrekontuetan xedatutako erreposizio tasa gehienekoak dira. Suhiltzaileenak izango dira eta joan den 29ko Diputatuen Kontseiluan onartu ziren.

    2016ko aurrekontuetan malgutu egin da aipatu erreposizio tasa, gehieneko 32 plaza, eta Foru Aldundia horretaz baliatuko da haietako 17 suhiltzaileenak eta 15 iruzur fiskalaren kontrakoak izateko, bozeramaileak esan duenaren arabera. Berehalakoan onartuko ditu Diputatuen Kontseiluak. Gainera, joan den abenduaren 29ko kontseiluan beste 13 kabo plaza hornitzea onartu zen, barne promozioz kasu honetan.

    Neurri honekin behar larri bati erantzuten zaio, baliabide propioekin behin betirako bete ezin zitezkeen postu huts egiturazkoak hornituko baitira. “Suhiltzaile Zerbitzu berriaren egonkortasuna eta funtzionamendua lagunduko ditu, eta hori estrategikoa da guretzat” azpimarratu du Lasak. Gainera, epe laburrean plaza berriak sortzeko formulak aurkitzea ez duela baztertzen eta modu ofizialean baieztatu du hiru ofizial berrien izendapena, horietatik Arkaitz Orbegozo izango delarik Zerbitzuburu berria.

    Iruzur fiskalari aurre egiteko hamabost plazaren eskaintza publikoak Ogasun eta Finantza Departamentuari baliabide gehiago jarriko dizkio eskura bere lehentasunetako bati dagokionez, politika publikoak abian jartzeko beharrezko diren baliabideak gutxitzen dituzten “guztion kontra doazen portaeren kontra borroka egitea”. Lasak lorpen garrantzitsutzat jo du Lan Eskaintza Publiko hau aurrera ateratzea, azkeneko LPE aipagarria 2006koa izan baitzen. Joan den legealdian, berriz, enplegu eskaintza “anekdotikoa” izan zen, bost plaza baino ez baitziren atera. Oraingo honetan, aldiz, “zortzi hilabetetan 40 eskaintzea lortu dugu, hainbat lan poltsa berritzeaz gain, eta administrazio publikoa sendotzeko eta egonkortzeko bide horretan jarraitzea da gure asmoa”.

    Ihes fiskalaren kontrako borroka indartzea

    Iruzur fiskalari aurre egiteko helburu estrategiko horren barruan, joan den 29ko Kontseiluak Zerga Foru Arau Orokorra aldatzeko Foru Arau Proposamen onartu zuen, Ogasunaren zordun direnen edo zenbait zirkunstantzia biltzen dituzten zerga zigordunen zerrendak periodikoki argitaratzeko. Proposamena Batzar Nagusietatik igaroko da orain, eztabaidatua eta baldin badagokio onartua izan dadin.

    Aldaketa honen harira, 2016ko bigarren seihilekoan, Foru Ogasunarekin milioi bat eurotik gorako zorra dutenen zerrenda emango da argitara. Zergapeko horien izen abizenak, IFZ, izen edo helbide sozial osoa argitaratuko dira eta ordaintzeko zor eta zigorren multzo osoa agertuko dira zerrendetan. Erabakia Araba eta Bizkaiko ogasunekin koordinatuta hartu da 

    Ekimen honen bidez gizarte gaitzespen handia duten jokabideak argitara eman nahi dira eta zerga betebeharren borondatezko betetzearen pedagogia egin nahi da. “Gardentasunaz ari garenean, iruzurra egiten duten pertsona eta erakundeak zeintzuk diren jakitera emateaz ere ari gara, kasu balitz, une jakin batean, eurekin lanik ez egiteko neurriak hartzeko”, argitu du Lasak.

    Berdintasuna

    Diputatuen Kontseiluak emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko helburuarekin udal eta mankomunitate, eta emakume elkarte eta irabazi asmorik gabeko gainerako erakundeen ekimenetarako dirulaguntzen deialdia jarri zuen abian. Guztira 450.000 euro izango dira eta eskaerak aurkezteko epea otsailaren 8an amaituko da..  

    Deialdiaren helburua da, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzea Gipuzkoako bizitza sozial, politiko, ekonomiko eta kulturaleko esparru guztietan, baldintzak sortuz sexuen arteko berdintasuna errazteko, berdintasun hori izatez eta eskubidez ukatzen duten hesiak ezabatzeko. Horretarako kalean eta solaskidetza zuzenean lana egiten duten elkarte eta erakundeen jarduera da babesten dena.

    Euskalitekin kolaborazioa

    Bestalde, Diputatuen Kontseiluak EUSKALIT - Kalitatea Suspertzeko Euskal Fundazioaren Patronatuan sartzeari baietza eman zion. Horrela bi erakundeen arteko lankidetza sendotuko da, batik bat INNOBIDEAK-Kudeabide programa bultzatzeko; honen helburua euskal enpresen lehiakortasuna da, kudeaketa aurreratuko metodologia, tresna eta printzipioak aplikatuz. Foru Aldundiak 26.000 euroko diru ekarpena egingo dio Euskaliti.