• 04 ABE 14

    Pertsonen arreta soziala eta zaintza hobetzea da Udalen erronka, bere inguru naturalean

    Juan Mari Aburtok eta Eneko Goiak babes sozialerako sistemaren oinarriak indartzearen aldeko apustua egiten dute

    Donostia eta Bilborako EAJko alkategaiek, Eneko Goiak eta Juan Mari Aburtok, lan-saioa egin zuten atzo. Bertan, egungo Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Politika Sozialen kontseilaria, udal mailan ongizate politikek jarraitu beharreko ardatzen inguruan mintzatu zen, honako izenburupean: Zerbitzu sozialak Euskadin. Arreta, Udal ikuspegitik. Jardunaldia Ideiagunean egin zuten, Donostian esparru honetan aritzen diren hainbat eragile sozialen parte-hartzearekin.

    Babes sozialerako sistemaren bideragarritasun ekonomikoa da, hain zuzen, mahai gainean dauden konturik inportanteenetako bat. Ildo horretan, Aburtok nabarmendu zuen “finkatutako sarea” dugula Euskadin “orain dela 25 urte baino gehiago”: “Ondo funtzionatzen du eta nota ona ematen diote herritarrek”. Haatik, argitu du beharrezkoa izango dela “finantzaketa forma berriak” bilatzea horri eutsi ahal izateko.

    Behar hori geroz eta nabarmenagoak diren zahartze-tasek sortzen dute, neurri handi batean. Tasa horien ondorioz, adinekoen arreta izango da etorkizunean erronka nagusietako bat: “Gaur egun ditugun datu demografikoekin, eta izango ditugunekin, ezin dugu ezikusiarena egin”.

    Hala, Aburtoren iritziz, erabakigarria izango da Euskadi gai izatea horren inguruko akordioa lortzea, adostasun osoz, “babes sozialerako sistemak dituen erronkak, eta gizarte zerbitzuen mapa berri bat zehaztuko dituena, euskal gizarteak aipatutako beharrei erantzuna eman ahal izateko, berme guztiekin”.

    Bideragarritasuna azpimarratu zuen behin eta berriro, eta egiten diren planteamenduetan koherentzia eskatu: “Ipar Europako herrialdeei begiratzen diegunean, eskaintzen dituzten zerbitzuei baino ez diegu erreparatzen, eta nola finantzatzen dituzten ahazten zaigu. Politikari gisa, gure ardura da transmititzea baliabideak jarri beharko ditugula hazten joango den adinekoen kopuruari arreta emateko, horrek behar handiagoak ekarriko baititu Mendekotasun Legea aplikatzerakoan”.

    Pil-pilean dauden gaiak ere ez zituen saihestu kontseilariak. “Gaizki egindako ordainketak ez dira iruzurra. Ondo funtzionatzen dugun sistema daukagu, baina etengabe hobetu behar dugu, hutsegiteak atzemanez eta konponduaz”. Berretsi zuen Udalen bitartez kudeatzen diren gizarte larrialdietarako dirulaguntzak handituz joan direla aurrekontuetan, “baina denok dakigu oraindik ere ez direla nahikoak”.

    Politikaren balioa aldarrikatu zuen Aburtok, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburua duen jarduera den aldetik. “Honako balioetan oinarritu behar dugu: elkartasuna, erantzukizun partekatua, lankidetza familia, elkarte eta ekonomia-ehunarekin, eta esfortzua”. Udal esparrutik, “zerbitzu komunitarioak eta gertutasun zerbitzuak” hobetzeko apustua egin behar dela uste du, pertsonei arreta eskainiz beraien inguru naturalean. “Erronka handienetako bat da. Etxez-etxeko laguntzak behera egin du ekonomia arazoak direla-eta”.

    Ildo beretik mintzatu zen Eneko Goia. “Pertsonak, eta pertsonen beharrak, jarduera politikoaren erdigunean jartzea, eta beraien lehentasunak gureganatzea da garrantzitsuena. Pertsonek beraien bizi-proiektuak aurrera eramatea ahalbidetuko duen hiria dugu amets eta jomuga. Gizarte eta komunitate bezala aurrera ateratzea da erronka”, adierazi du.

    Hautagai jeltzalea agenda estua ari da edukitzen, esparruko ekimenak bisitatzen, eta hiriko hainbat elkarterekin biltzen, bertatik bertara ezagutzeko dauden premiak eta gizarte zerbitzuak hobetzeko har daitezkeen neurriak. Elkartasunaren eta lidergo partekatuaren balioen gainean eraikitako hiria aldarrikatu du, ildo horretan. “Udalak bere egitekoan gauzatu ditzakeen hobekuntzak landu eta behar bezala zehaztu nahi ditugu, hirugarren sektorearekin elkarlanean, ahultasun edota bazterketa egoeran dauden pertsona guztiei arreta emateko”. Horretarako, ezinbestekotzat jo du plangintza transbertsalak erabiltzea lanean, “konpromisoan, eta Udalaren eta gainerako erakunde eta ordezkari sozial eta sektorialen arteko lankidetzan oinarrituta”.

    Azpimarratu du Euskadik estatu mailan aitzindaria den sistema finkatu duela. “Elkartasuna izan da gure bereizgarria. Harro egon behar dugu, ahultasun egoeran dauden pertsonak, berdin dio nongoak diren, bazterrean gelditzea saihesten duen sarea sortu dugulako. Horrek ez du esan nahi zer hobetu ez dagoenik”.