• 10 URR 18

    Pertsona eta eragile politiko guztiak “euskal herriak erabakiko duena” Madrilen defendatzera animatu ditu Egibarrek Bruselan

    Estaturik gabeko Nazioek erabakitzeko duten eskubideari buruz egin den jardunaldian hitz egin du EAJ-PNVko legebiltzarkide eta bozeramaileak

    Eusko Legebiltzarreko EAJ-PNVren taldeko bozeramaile eta Gipuzko Buru Batzarreko (GBB) presidente Joseba Egibarrek gaur aldeztu du talde jeltzaleak “euskal hiritargoak bere autogobernuaz erabakitzeko daukan eskubidea aldarrikatzeko hasi duen bidea, bide hori egin nahi duten pertsonekin eta eragile politiko eta sozialekin partekatu” nahi duela. “Erronka nagusia da Euskal Herriak erabakiko duena Madrilen defendatzea”. Bruselan, Europako Parlamentuaren gela batean, erabakitzeko eskubideari buruz egin den hitzaldian, Egibarrek azaldu du Euskadin hori lortzeko ireki den prozesua dela autogobernuaren eguneratzea adostea; eta, horretarako, Espainiarekiko harremana erreformatu behar dela “sendotasuna,ziurtasuna eta aitortza” oinarri hartuta eta eskubide historikoetan oinarritutako lege euskarria baliatuta.

    Eusko Legebiltzarreko bozeramaile jeltzaleak azpimarratu duenez “Euskadik eraikitakoaren gainetik hazi behar du” eta gogora ekarri du horretarako ezinbestean behar dela “Espainiarekiko harreman eredu berri bat, harreman konfederal berria, eskubide historikoetan oinarritutako lotura konstituzionalaren bidez”. Egibarrek era berean gogoratu du Europa barruan subiranotasuna, autogobernua, autonomia, independentzia eta autodeterminazio eskubidea kontzeptuek dimentsio berri bat hartu dutela, bestela formulatzen direla eta aldaketak berdin hartzen dituela estatua duten nazioak eta estatu ez direnak”.

    Ildo beretik eta “ez gara hutsetik hasten, Hezkuntza, Osasuna eta gizarte babesa nabarmeki garatu ditugulako; ekonomia eta lan mundua berritu ditugu; euskararen garapenean urratsak eman ditugu; gure ogasun eta finantzak antolatu ditugu” laburbildu ondoren, Egibarrek esan du Euskadiko Estatutuaren eta Espainiako konstituzioaren irakurketa irekiak ateak zabal ditzakeela euskal hiritargoaren borondate askearen adierazpen hau aitortua izan dadin eta “Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko, galdetua izateko eta demokratikoki adieraziko duen borondatea errespetatua izateko duen eskubidea eta gaitasuna aintzat hartzeko”. Horretarako uztartu behar dira tradizio historiko hitzartua eta orain aldirako eta etorkizunerako baldintza demokratikoak; halaber, ordenamendu juridikoan aitortzen diren eskubide historikoak eguneratzeko prozesu dinamikoa lotu behar zaio euskal hiritargoak askatasun osoz adieraziko duen borondate demokratikoari”.

    GBBko presidenteak era berean azpimarratu du eraberritu nahi den sistema instituzional propioak izan beharko lukeen dimentsioa “justizia sozialaren parametroetan neur daitekeen garapen ekonomikoa eragiten lagunduko duen sistema, herri gisa daukagun etorkizun kolektiboaz arduratzea ahalbidetuko diguna”. Hori lortzeko behar da “Euskadi eta estatuaren arteko harremanetarako eredu berri bat, zabaltzea, garatzea, sendotzea, segurtasuna, aitortza eta elkar errespetatzea behar duen eredua, ibilbide guztiz demokratikoa, politikoki konprometitua eta legala ezinbestean”. Egoera horretan “gure herriaren garapen politiko,ekonomiko, sozial eta kulturalaren mugak euskal herritarrek eurek ezarriko dituzte. EAJk, amaitu du, bide hori partekatu nahi du bidea egin nahi duten pertsona eta eragile politiko eta sozial guztiekin”.