• 27 ABE 18

    Pasaiako EAJ-PNVk legealdi honetan egindako lana balioan jarri du

    Pasaitarrekin hartutako konpromisoari helduz, Pasaia hobetzea eta duela 4 urte herritarrei aurkeztutako programa ia osorik betetzea lortu dutela nabarmendu dute

    Pasaiako EAJ-PNV urteko azken egunez baliatu da legealdi honetan zinegotzi jeltzaleek eta datozen udal udal hauteskundeetarako EAJ-PNVren alkategaia den, Nahikari Oterminek, udalean egindako lana balioan jartzeko. Izan ere, legealdi honetan, EAJ-PNVko zinegotzien gidaritzan izan dira garrantzia handiko hainbat sail: hirigintza, gizarte ongizatea, ogasuna, kultura eta euskara.

    Jeltzaleek egindako lanari esker gaur egun Pasaiaren biziberritzea jada errealitate bilakatzen hasi da. Alkategaiaren eta hirigintza arduradunaren, Nahikari Oterminen, esanetan “Pasaiak hobera egitea eta duela 4 urte herritarrei aurkeztu genien programan jasotako ekintza gehienak aurrera eramatea lortu dugu. Hirigintza sailetik nireegitekorik nagusiena izan da Plan Berezia sustatzea eta bereziki Pasaiaren eta pasaitarren beharrak eta nahiak gainerako erakundeei helaraztea, Plan Bereziaren baitan garatzen joan garen proiektuetan lehentasun horiek jaso zitzaten”.

    Erakundeen arteko elkarlana eta aurrera pausoak biziberritzean ,Pasaia atseginagoa eraikitzeko

    Aurrera pausoak emateko eta Pasaia hobea eraikitzeko ezinbestekoa izan da erakundeen arteko elkarlana. “Atzean utzi ditugu konfrontazio eta paralisi garaiak eta horrek proiektu berriak martxan jartzeko aukera eman digu, hala nola, Ondartxoko pasealekuaren berritzea edota Herrera eta Trintxerpe lotzeko oinezko eta txirrinduentzako pasabide berria. Diputazioarekin elkarlanean ere Adinberri proiektua Pasaiara ekartzea lortu dugu” azaldu du Oterminek. “Halaber, beste hainbat proiektu ere lantzen gabiltza: pasabide berriaren alboan portuak eraikiko dituen pabiloienestalkirako proiektua, Lonja eta Hospitalillo eremuenak, enpresa parkearena eta oinezkoei lehentasuna eman eta herriko moilak berreskuratu eta berurbanizatzeko proiektuak.  Udaletik mantenu lanak indartu ditugu herritarrei Pasaia txukunagoa eta atseginagoa eskaintzeko; skate park berria ere sortu dugu eta Kalaburtza hobetu dugu herritarrei aisialdirako aukera berriak eskaintzeko” gehitu du Oterminek. Aipatu proiektu guztien bitartez, EAJ-PNVk helburu izan du ekonomia sustatzea eta Pasaia atseginagoa eraikitzea, herriko eta auzoetako irisgarritasun eta hirigintza hobetuz eta agindu bezala pasaitarren beharrei erantzuten dieten jolastoki eta aisialdirako eremu berriak sortuz.  

    Pasaia euskaldunagoa eta gobernu onean eta parte hartzean oinarritutako kudeaketa

    Programan jasotako beste puntu batzuen artean, aurrekoak bezain garrantzitsuak eta azken urteotan aurrera eraman direnak: gaikako bilketarako sistema aldaketa, Pasaia euskaldunagoa eraikitzea eta kudeaketa ona, gobernu ona eta parte hartzea oinarri hartuta lan egitea.

    Ogasun sailetik gogor lan egin da kontu guztiak eguneratzeko. Aurrera eramandako kudeaketa zorrotz eta eraginkorrari eta kontuen jarraipen zehatzari esker, 2015ean Udalak 300.000 euroko soberakina zuen eta legealdia amaitzerako Udalaren egoera ekonomikoa askoz ere hobea eta osasungarriagoa izangoa da, 2.500.000 euro inguruko soberakinarekin. Horrela etorkizuneko proiektu eta beharrei erantzuteko gaitasun handiagoa izango du Udalak. Guzti hori gainera, herritarren presio fiskala areagotu gabe.Bestalde, lehen aldiz eta alderdi guztien adostasunarekin, aurrekontu partehartzaileak antolatu dira Pasaian, herritarren inplikazio eta parte hartzea sustatu eta beren ekarpenak jasotzeko helburuarekin.

    Euskara eta Kultura sailetatik hainbat ekimen antolatu dira “gure nortasuna balioan jartzeko helburuarekin” aitortu du Nahikari Oterminek. Zehazki, aisialdian euskararen erabilera sustatzeko kanpaina ezberdinak egin dira, euskararen aholku batzordea indartu da eta Euskaraldia ekimena sustatu da sentsibilizazio kanpainen bitartez eta eskura jarriz beharrezkoak ziren baliabide guztiak. Horri esker, parte hartzea handia izan da Pasaian. Herriko ondarea ezagutzera emateko bisita gidatuak ere antolatu dira, Nestor Basterretxearen eskultura berritu da, arte eszenikoak bultzatu dira ekimen ezberdinekin beta Zirizan hainbat erakusketa eta antzezlan eskaini dira, horien artean esanguratsuenetarikoa Wheels & Waveserakusketa. 

    Pertsonak ardatz:  

    Programan jasotako proposamen guztiek eta aurrera eramandako proiektuek herritarren bizi kalitatea eta egunerokotasuna hobetzea izan dute helburu, herritarren ongizatea delako EAJ-PNVren jomuga nagusia. Hori dela eta, gizarte ongizate sailetik herritarrei eskainitako gizarte zerbitzu eta laguntzak hobetu dira, hala nola, gizarte larrialdietarako etxebizitzak eta beste hainbat programa martxan jarriz: Etxean Bizi, Ereiten edota gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonen laneratzea sustatzeko Sare programa.

    Adineko pertsonen ongizatea eta zahartze aktiboa ere lehentasunezko gaiak izan dira, kalean kirola egiteko makinak ezarri eta Lagunkoia programa abiarazi da. Azken honek helburu du Pasaiaadineko pertsonen beharretara egokitzea. Berdintasunaren alde ere urratsak egin dira: Pasaiako puntu beltzak aztertu dira, ahalduntze eskola eta sexualitate zerbitzua jarri dira martxan, lehen Berdintasun Plana egin da eta genero indarkeria jasaten duten emakumeenganakoarreta hobetzeko protokoloak ere onartu dira. Halaber, gazteriari eta integrazioari lotutako ekimenak ere garatu dira, kale hezitzaileentzako espazio berriak eta harrera eta alfabetatze programa berriak sortuz.  

    Aipatu guztiagatik, Nahikari Otermin alkategaiak adierazi du: “pozik gaude urte hauetan egindako lanarekin. Ezker Abertzalea udalaren gidaritzan zegoeneko blokeo eta konfrontazio garaiak gainditu ditugu; biziberritzearen aldeko pausoak eman ditugu, baina Pasaiak behin betiko bultzada behar du, legealdi honetan ere sozialistak alkatetzan izanik ez duelako merezi eta behar duen bultzadarik izan.Aldaketa garaia da, proiektu eta ideia berriak garatu eta sustatzeko momentua, pasaitar bezala harro senti gaitezen eta harrotasunez esan dezagun Pasaian bizi garela eta horretarako, datorren urtea, Pasaiak ezinbestean behar duen aldaketarako giltzarria izango da” esanez amaitu du Oterminek.