Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/10/05

Pasaia biziberritzeko proiektuaren bizkarrezurra “sendo” dagoela ziurtatu du Markel Olanok

DUSI funtsei lotutako proiektuen epeak “berraztertu” beharko badira ere, oinarri-oinarrizko egitasmoetan atzerapenik egongo ez dela berretsi du Diputatu Nagusiak
Markel Olano

Pasaiaren biziberritzea aurrera doala berretsi du gaur Markel Olano diputatu Nagusiak, Euskadi Irratiko Faktoria saioak eskainitako elkarrizketan: “Euskal erakundeok konpromiso zehatzak hartu ditugu. Dirulaguntzak eta partidak ezarriak dauzkagu eta aurrera jarraitzen dugu proiektu nagusiekin”. Haren esanetan, Pasaia Europar DUSI funtsetatik kanpo gelditu izanak ez die eragiten biziberritzearen “bi oinarri nagusiei”: ez Gomistegi inguruko lanei, zeinak “aurten bertan” hasiko direla gogorarazi duen, ezta portuko lurren erabilera aldatzeko plan bereziari ere. “Lehentasuna plan bereziari ematen diogu. Horren garapenean dago koska, biziberritzeari sekulako arnasa ekarriko baitio. Titularretatik haratago, proiektuaren bizkarezurra sendo dago”.

Bi elementu nagusi horiek “atzerapenik” ez dutela, eta Pasaiako “eremurik degradatuena” eraberritzea ahalbidetuko dutela ziurtatu du. DUSI funtsen barruan zeuden proiektuei dagokienez ere, apustu nagusiek “aurrera” jarraituko dutela agindu du: “Bazegoen konpromiso bat badia inguruko herriekin. Orain erritmoak eta lehentasunak aztertu beharko ditugu, dena batera ezingo da egin”. Aldundiak bere inbertsioa handitzeko prest dagoela eman du aditzera, baina hala ere epeak “luzatu” egingo direla, ezinbestean.

Pozik agertu da egoera ekonomikoari buruzko datuekin, Gipuzkoa “pixkanaka” krisialditik ateratzen ari dela erakusten baitute, baina egoera “idilikoa” ez dela esan du. “Bilakaerari ematen diot garrantzia. 2013tik honuntza ekonomiak arnasa hartu du. Horren oinarrian gurean industriak duen pisua dago, baina baita zerbitzuek eta turismoak hartu duten indarra ere. Asko dago oraindik egiteko” 

Irabazien gaineko zerga aldatzeko asmorik duen galdetuta, fiskalitate arloan “aldaketa handirik” ez dela espero iragarri du. “Enpresa ikuspegitik logika bat dugu lehiakortasuna bultzatzeko, baina bateragarria da aberastasuna banatzeko baliabideak emango dizkigun trataera fiskal egoki batekin. Orekatu beharra dago, eta ez logikak muturrera eraman. Desberdintasun tasa txikiak mantentzea oso inportantea da gizartearen osasunarentzat eta ekonomiarentzat”.

Errepidetako langileen grebari dagokionez, enpresa eta langileen arteko harremana “kateatu” egin dela, baina greba “epe ertainera” bukatuko den itxaropena duela adierazi du. “Errepideen kudeaketa txukuna egitea da gure ardura, pertsonen segurtasuna bermatzea eta zerbitzu egokia ematea, eta horretan jarriko dugu ahalegina”. Akordioak “enpresen eta langileen arteko harremanaren fruitua” izan beharko duela gogorarazi du: “Ez da gure funtzioa bitartekari lana egitea, horretarako badaudelako beste guneak”.

Hondakinen aferan, Aldundian “egin beharrekoa” egiten ari da, Diputatu Nagusiaren aburuz. Errauskailu urte amaiera esleitzea, eta obrei urte hasieran ekitea espero du. “Konponbidea martxan dago, zorionez. Arazo larria dugu une honetan, zaborra nora eraman ez daukagu. Ez daukagu azpiegiturarik hondakinak behar bezala kudeatzeko aurreko legealdiaren ondorioz. Ez ziguten tresnarik utzi. Konpromiso argi batekin aurkeztu ginen hauteskundeetara, hondakinak kudeatzeko azpiegiturak egitearena, eta hitza betetzen ari gara”.

Hondakinak  Mutiloko zabortegira eramatearen inguruan, onartu du horrelako erabakiak ez direla  “gustukoak”, baina Aldundiak “Gipuzkoa osoaren ongizateari eta etorkizunari” begiratu behar diola: “Trantsiziozko egoera bat da, baina saiatuko gara leuntzen ondorioak eta eragozpenak, Ormaiztegiko eta Mutiloko herritarrentzat”. Ulertzen du inork bere herrian halako azpiegiturarik eduki nahi ez izatea, baina Aldundiaren jarrera defenditu du: “Orain arte ez dut alternatibarik ikusi inoren partetik. Hondakinak Kantabriara eramateagatik ere kexak eta kritikak entzun genituen. Guri konponbideak bilatzea dagokigu eta horretan ari gara".

Euskadiko egoera politikoa Espainia mailan bizi den “arazo estrukturalarekin” eta “jarrera kainitekin” kontrajarri du: “Hemen kultura politiko desberdina dago, adosteko eta gauzak elkarrekin egiteko ohitura gehiago”. Eusko Jaurlaritzaren gobernagarritasunari buruz galdetuta, “jarrerei” ematen die garrantzia, “aritmetikari” baino gehiago: “Aurreko lau urteetan EAJ eta Bilduren artean Udal Legea adostu zen, eta sozialistekin aurrekontuak. Elkarri mokoka ibili beharrean, oinarrizko kontuetan adostasuna bilatzen da hemen”. PPk eta Podemosek bere burua oposizioan kokatu badute ere, “zenbait kontutan akordioak” lortzeko prestutasuna agertu izanak “aukerak” zabaltzen dituela nabarmendu du.

Aldundiaren kasuan, “eraginkortasunean oinarritutako egonkortasuna” ikusten du. “EAJk eta PSE-EEk gobernu programan zehaztutako lehentasunak aurrera ateratzea lortzen ari gara, gizarteak eskaini digun gehiengoari esker.  Gizarteak berak baloratu beharko du gure lana bana gure irakurketa baikorra da”. Gobernu bazkideen arteko harremanari dagokionez,  normaltzat jo du “eztabaidak” edukitzea “etxe barruan, tradizio politiko desberdinak ditugulako. Baina badauzkagu horiek kudeatzeko eta tentsioa leuntzeko koordinaziorako tresnak. Itunaren oinarrian dagoena, plangintzaren ardatz nagusi horiek, aurrera doa. Gure kudeaketari gorputza ematen diona guztiz blindatuta dago”.

EH Bildurekin, berriz, Gipuzkoa mailan izandako “konfiantza haustura” gainditu gabe ikusten du. “Harreman diplomatikoa dugu. Xabier Olanok egindako eskaintzan hitz politak daude,  baina mamian, berriz, zaharrak berri. Ezker abertzaleak ez du jarrera aldaketa nabarmenik eduki, tamalez”. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko prozesuari dagokionez, azkenik, EAJk Eusko Legebiltzarrean egindako proposamena ekarri du gogora: “Lehen pausoa alderdi politikoen arteko adostasuna da. Ezinbestekoa da adostasun hori gizarteak balidatzea kontsulta baten bidez, eta gero Madrilekin negoziatzea. Bilateraltasunean oinarritu behar du. Herri bezala, gure autogobernuak eta nortasunak aurrera egin dezaten, eskubide hori errespetatu behar da”, berretsi du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube