• 17 UZT 18

    Ostiral honetan AP-8 eta AP-1 autobideen lotunea irekiko da Maltzagan

    Zati honetan egunero 32.900 ibilgailu ibiltzen dira, eta kopuru horrek gora egiten du nabarmen uda garaian, batez ere irteera operazioan; beraz, lotunean bi errei zabaltzeak asko hobetuko du zirkulazioa

    Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek handitze obrak egiten ari diren gunea bisitatu du, AP-8 eta AP-1 autobideen arteko lotunea Maltzagan, Gasteizko noranzko lotunea erabat ireki aurreko egunetan. Oiarbidek hau azpimarratu du: «nahiz eta oraindik xehetasun batzuk falta diren obra bukatutzat emateko, zati honetan 32.900 ibilgailu ibiltzen dira egunero, eta eguneroko batez besteko intentsitateak gora egiten du uda garaian, batez ere egun hauetan. Horregatik erabaki dugu obraren azken fasea atzeratzea irteera operazioa bukatu arte».

    Bidegik 3 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu obra horretan; hain zuzen ere, AP-8 autobideko galtzada 380 metro luzatu da, eta horrek aukera ematen du, lehenengo 140 metrotan, bi erreitik hirura zabaltzeko, eta hiru erreitik laura hurrengo 190 metrotan, AP-1 autobidera sartzeko bideadarrarekin lotu arte; obra horren ondorioz, Bilbora edo Gasteizera doazen ibilgailuek bi erreiko zati bat izango dute noranzko bakoitzean. «Joan den urteko abuztuan, lotune horretatik 40.800 ibilgailu arin igaro ziren batez beste egunero, eta sartzeko errei bakar batekin ezin zen behar bezala zurgatu trafiko hori. Obra honek asko aldatuko ditu gauzak», esan du Oiarbide diputatuak.

    Datorren ostiralean, uztailak 20, Bidegik Maltzagako lotuneko lau erreiak irekiko ditu, Bilbo eta Gasteizko noranzkoan. Abuztuaren 2tik aurrera, irteera operazioa egun horretan bukatuko baita, noranzko horretako obra amaituko da gunea asfaltatu ondoren; beraz, egun horretara arte,  80 km/h abiadura mugaren seinalea egongo da gune horretan.

    Bestalde, Behobiako noranzkoan egiten ari diren obrak ez dira etengo lanak erabat amaitu arte; aurreikuspenen arabera, irailaren erdialdean amaituko dira.

    Amaitzeko, Aintzane Oiarbide diputatuak inbertsio horrek duen garrantzia azpimarratu du, are gehiago, halako trafiko handia duen Matzaga bezalako puntu batean.  «Lotune hori birmoldatzeko obren ondorioz, asko arinduko da ibilgailuen zirkulazioa  eta, beraz, nabarmen hobetuko da bide segurtasuna gure bi autobideak lotzen diren puntuan».