• 22 MAI 14

    Ortuzarrek Ezker Abertzaleari desafioa egin dio: gipuzkoarrei azal diezaiela zergatik egiten dituen Bankiarekin negozioak

    Iñigo Urkullu lehendakariak Eibarko lantegien izaera lehiatsua ohartu du, izan ere, Euskadiren arima da: herri langilea, zintzoa, berritzailea eta munduari irekia”.

    Izaskun Bilbaok ziurtatu du EAJren hauteskundeetarako programan 116 konpromiso daudela euskal gizartearen erantzunei eta lehentasunei erantzunen artean.

    EAJko EBBren presidenteak, Andoni Ortuzarrek, Eibarren, berretsi egin du iragan astean ezker abertzaleko buruzagiei luzatutako erronka. Alegia, esan zezatela behin ere ez zietela euskal gizartea estortsionatu zutenei estaldurarik eman, eta gipuzkoarrei azaldu ziezaietela Martin Garitano buru duen Gipuzkoako Aldundiak zergatik egiten dituen negozioak Bankiarekin, Kutxabank alde batera uzten duen bitartean. “Erronka bota nien, esan zezatela ezker abertzaleko inork ez duela inoiz inoren poltsikoan eskua sartu. Alderdi gisa, inoiz ez diotela inori “borondatezko dohaintzarik” eskatu, tabernetan, dendetan edo enpresetan boikotak ekiditeko. Eta inoiz ez dutela halakorik egin duena babestu. Astebete igarota, isiltasuna da nagusi. Isilik jarraitzen dute. Mutu. Ez dute tutik ere esan. Badakizue zergatik? Ezin dutelako halakorik esan. Beste erronka bat ere luzatu nien: azaldu zezatela zergatik nahiago duten Bankia Kutxabanken aldean. Azaldu dezatela gipuzkoarren aurrean zergatik Garitanoren Aldundiak ia 130 milioi euro negoziatzen dituen bankuekin, eta ez dion euro bakar bat ere ematen Kutxabanki. Azaldu dezatela. Hemen ere isiltasuna. Ezin dute azalpenik eman. Ba al dakizue zergatik? Bere gezurra agerian utziko luketelako. Kutxabank pikutara bidaltzen dugula esaten digutenak dira, benetan euskal kutxen etorkizuna zalantzan jartzen ari direnak. Gu bezalako milaka aurreztaile txikiren ondarea”.

    Buruzagi jeltzaleak gauza txikien handitasuna aldarrikatu du. Eibarko hiria eta EAJ jarri ditu eredu gisa. “Eibar eta EAJ txikiak gara biak, baina aldi berean handiak. Oso handiak. Eta horrek traba egiten du Madrilen. Gainditu egiten ditu. Eibar K.E.a eredu bat da, bai kirolean, bai kudeaketan. Kontuak garbi dituen kluba, talde profesionala du eta bere zalegoa ere bikaina da, ezin hobea. Hala ere, eredu izatea arazoa da Espainian. Inorekin zorrik ez izatea delitua dirudi Espainian. Orain, ia 2 milioi euro eskatzen dizkiote Eibarri, Lehen mailan jarduteko. Espainiako klubek ia 4.000 milioi zor dituzte. Eibarrek, ezta zentimo bakar bat ere. Baina milioiak eskatzen dizkiote. Dirutza. Ez dago eskubiderik. Eta eskubiderik ez dagoenez, EAJk irmotasunez lanean dihardu. Eva Juez, EAJren Alkatetzarako hautagaia, goitik behera mugitzen ari da guzti-guztia, gure Kongresuko taldearekin elkarlanean. Isabel Sanchez Roblesekin. Jokin Bildarratzekin. Horretarako gaude han, euskaldunen interesak defendatzeko. Eibarren interesak defendatzeko. Eta horretarako egon nahi dugu Europan. Gu han ez bagaude, Izaskun Bilbao Barandica han ez badago, atezainik gabe geratzen delako gure taldea”, esan du Ortuzarrek.

    Iñigo Urkullu lehendakariak euskal eredua indartu behar dela ezinbestekotzat jo du “Eibarrek argi erakusten du oztopoak eta zailtasunak gainditu ahal direla. Oztopo fisikoak (mendiz inguratua, ia irteerarik gabe) gainditu ahal dira. Muga ekonomikoak (herri xume eta langilea, baliabide material gabea) gainditu ahal dira. Gauza bakarra behar da: asmo sendoa. Asmo sendo hori da gure armarik eraginkorrena. Igandean asmo sendoko Herria garela erakutsi behar dugu. Oztopoak eta zailtasunak gainditzen dituen Herria garela. Hazi nahi duen eta hazi egingo den Herria. Herri txiki bat gara, bai. Baina asmo sendoari esker hazi egingo dena”.

    Lehendakariaren hitzetan, “Europa berria. Hauek dira gure helburuak, guk bakarrik defenditzen ditugunak. Euskadi Europan aitortua izatea. Ekonomia erreala eta kohesio soziala eustea. Gure autogobernua Europa berrian txertatzea. Herri helburuak dira. Eusko Alderdi Jeltzaleak defendituko dituenak. Igande honetan Euskadiren interesak defenditu. Gure izaera, nortasuna, kultura, industria eta enplegua. Gure etorkizuna. Nazio bat gara. Europako beste Nazio guztiekin bat egin nahi duena. Hau da igandean aldarrikatu behar duguna”, esan du Urkulluk.

    Azkenik, Izaskun Bilbao Barandicak hautagai jeltzaleak EAJko alderdikideei eta euskal gizarte osoari gogoratu die garrantzitsua dela igandean bozka ematea. “Mugitu egin behar gara, mundu guztia mugitu behar dugu. EAJ delako benetako alternatiba. Guk erabakiko dugulako. Horregatik, hauteskunde hauetan erakutsi behar diegu zer nahi dugun: demokrazia, erabakitzeko eskubidea, gardentasuna, parte hartzea. Ideiak, eztabaida, kontrastea, programak, lana eta emaitzak. Emaitzak: Euskadi Gehiago: industria, jarduera, benetako ekonomia, enplegua, berrikuntza, esportazioak, hazkundea, aukerak”, ziurtatu du Izaskun Bilbaok.