• 19 URR 18

    2019ko Donostiako aurrekontua %2,7 haziko da eta inbertsioa asko handituko da

    Eneko Goia alkateak dio hiriak aurrera egin duela legealdian donostiarren bultzadarekin eta udal kudeaketaren laguntzari esker. Donostiako Udaleko 2019ko aurrekontu kontsolidatua 458 milioi eurokoa izango da, hau da, egungo aurrekontua baino 13 milioi euro handiagoa, eta beraz, %2,7 haziko da.

    Hori aditzera eman du Eneko Goia alkateak urteroko Politika Orokorreko Udalbatzan. Eta aurtengoa legealdi honetako azkenekoa izango da.

    Goiak adierazi du, aurrekontuak Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik 8 milioi euro gehiago jasoko dituela eta, era berean, aurreikusitako diru-sarrera handiagoak izango dituela Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga direla-eta, baita hiriko ekonomiaren eta industria- zein saltoki-jardueraren egoera dela-eta ere.

    Udalak presio fiskala %1,2 handituko du eta, hori, KPIa eta BPGa handituko direna baino askoz txikiagoa da.

    Gastuei dagokionez, pertsonaleko gastua aurreko urteetan baino gehiago haziko da, eta igoera %4,6koa izango da. Era berean, gastu arrunta, udal sozietateak eta erakundeak kontuan hartuta, %6,8 handituko da.

    Inbertsioei buruz, Goiak honakoa esan du: "Gure jardueraren lehentasuna dira, laugarren urtez jarraian handituko dira, hain zuzen ere, %1,6. Hortaz, Anoetako Estadioan egiten ari den inbertsioa kenduta, inbertsioa %16,7koa izango da.

    Alkateak 2019ko udal aurrekontuaren datu orokorrak eman ditu. Eta aurrekontuen proiektua urriaren 30ean onartuko du Tokiko Gobernu Batzordeak. Helburua da, aurrekontua urtea amaitu baino lehen onartzea. Hortaz, laugarren urtez jarrian aurrekontuak epean eta forman onartuko dira, eta hori ez zen ohikoa iraganean.

    Enplegua eta aberastasuna

    Eneko Goiak legealdi honetako hiriko datu esanguratsuenen eboluzioaz hitz egin du. Horiek horrela, enpleguari buruz esan du, 2017an Gizarte Segurantzan afiliatuen kopurua 112.554 pertsonara iritsi dela, eta hori azken hamarkadako daturik altuena dela. Era berean, 2018ko datuen arabera, langabezia-tasa %8,4koa da, hau da, euskal hiriburuetatik baxuena. 2014tik 2017ra bitartean krisiaren urte gogorrenetan galdu ziren enpleguen bikoitza lanpostu sortu da.

    Hiriko BPG 2015tik urtero %3 hazi da. Hala ere, beharrezkoa izaten jarraitzen du kohesioa eta aberastasunaren banaketa hobetzen jarraitzeak. Horren harian, Goiak azaldu du, 2017an - 2013tik lehen aldiz - Udal Gizarte Zerbitzuek hartutako familia kopurua jeitsi dela. Eta, halaber, gogoratu du familien errenten arteko ezberdintasuna 2,5ekoa dela auzo aberatsenetik auzo pobreenera.

    Alkateak azpimarratu du, kualifikazio profesional handiko sektoreek enpleguen sorreran bultzada handia izan dutela eta, bereziki, ikerketa eta garapena, programazio informatikoa, hezkuntza edo gizarte zerbitzuen arlokoek.

    Horiek horrela, alkateak honakoa esan du: "Ostalaritza ez da, beraz, gure hiriko hirugarren sektoreko enpleguak bakarrik sortzen dituena".

    Egun, gutxi gorabehera 5000 pertsonak lan egiten dute Donostian I+G+B jardueratan.

    Hori guztia kontuan hartuta, alkateak gaineratu du, badagoela asko hobetzeko, baina gauza bat dela dauden erronkei aurre egin behar diegula esatea, eta beste bat hiri hankaz gora dagoela esatea.

    Horrenbestez, Eneko Goiak esan duenez “Udal gobernua hiriak bizi duen uneari ondo ari zaiola laguntzen”.

    Erronkak

    Alkateak hiriak aurre egin behar dion erronka nagusiena etxegintza dela nabarmendu du, biztanleriaren zahartzearekin batera. Onartu du, krisiaren amaierarekin, etxebizitzaren prezioaren pixkanakako igoera izan dela, alokairuan nahiz salmentan. Bestalde, aldaketa honek –orokorki higiezinen merkatuan gertatzen dena eta ez Donostian soilik- joera ezberdina adierazten du, burbuilaren eztandaren atarikoaren aurrekoarekin alderatuta.   

    “Alde handiak daude toki batetik bestera; aurretik zeudenak baino handiagoak: egun hiriko zona onenetan 18.000 euro metro kuadroko prezioak daude, periferian aldiz 1.500 eurotakoak”, adierazi du.

    Errealitate honi eta dagoen eskaerari aurre egiteko, alkateak gaineratu du, Udal Gobernuak Etxegintza Plan bat landu duela “eraikitako hiriaren gainean”, eta ez hirigintza aktuazio berriekin garatutakoak. Era berean, gogorarazi duenez, aurki Txomin Eneako lehen etxebizitzak emango dira, legealdi honetan egindako udal ekintza nagusiena hirigintza arloan, eraikineko parkera 700 etxebizitza berri gehituko dituena. Aldi berean, garapen fasean daude “Infernua”, San Bartolome eta Aldakoenean aurreikusitako eraldaketa.

    “Helburua da gazteek bere bizi proiektua hirian bertan garatu ahal izateko aukerak ematea”, nabarmendu du.

    Honekin batera adierazi duenez, erronka Donostia “ezagutzaren hiria” bezala sendotzea da, adierazle bezala herritarren formazio maila altua edo enpresen presentzia garrantzitsua, lurraldeari industria aurreratu baten babesa ematen diona. Honela zehaztu du, egungo legealdian hirian garatuko diren proiektu berrietarako oinarriak jarri direla, zibersegurtasunaren alorrean, elektromugikortasunean edo 4.0 gastronomian. Ildo honetatik, aditzera eman duenez “asmoa da Talent Housek eskaintzen duen zerbitzua zabaltzeko proiektu berri bat mahai gainean jartzea, azpiegitura honek talentua hirira erakartzeko izan duen arrakasta kontuan hartuta”.

    Goiak kulturaren aldeko apustua azpimarratu du ere, hiriaren berezkoa izaten jarraitzen duena, aldi berean esan du hiriaren nazioartekotzea sendotzeko erronka hurrengo legealdiaren gai pendienteen artean dagoela. Kultura arloan Tabakalera proiektuak zuzendaritza berriaren eskutik “bultzada berri bat” jaso duela adierazi du.

    Turismoari dagokionez, alkateak uste du legealdi honetan aurrerapauso garrantzitsuak eman direla fenomeno honen kudeaketan “kalitatea helburu izanik eta ez kantitatea”. Honela, gogorarazi du etxebizitza turistikoen ordenantza onartu dela (%1,5eko jaitsiera  

    Hiria kongresuetarako destino “bikaina” dela gaineratu du, Kursaal Jauregiak emandako datuen arabera; nahiz eta Miramar Jauregiaren kudeaketa hobetuko duen eredu baten bilaketa “egiteke” dagoen.

    Goiak azpimarratu du gainera, hiria proiektu garrantzitsuetan murgilduta dagoela, gune adierazgarrienen kalitatearen hobekuntza ekarriko duena, hala nola, Portuko “Portaaviones” eraikina, Bretxako merkatua edo Cristina Iglesias eskultorearen Santa Klara uharteko Itsasargiko proiektua.

    Ildo beretik, alkateak aipatu ditu Loiolako bulebarizazioa amaitzeko beharra, Txomin-Eneako bigarren faseari ekiteko premia, 27. Poligonoko sarbide berria garatzeko egitasmoa, Urumea ibarra zabaltzeko lanak, Martuteneko garapen berriak edota Loiolako kuartelen gakoa askatzeko aldarrikapena, “oraindik ere Espainiako gobernuaren erabaki baten zain dagoen gaia”.

    Berdintasuna eta bizikidetza

    Gizon eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorra eta errealaren alde lan egiten jarraitzeko beharra dagoela azpimarratu du. Adierazle “sinboliko eta nabarmen” bezala jarri du, aurten lehen aldiz lortu den, Kontxako Banderaren sariaren parekatzea.

    Maila berean, hirian oraindik ere ematen diren indarkeria matxista gertaerak doitu eta gaitzetsi ditu. Bereziki gogorarazi du Asier Niebla gaztea, aurtengo Aste Nagusian izandako erasoaren ondorioz hildakoa.

    Biztanleriaren zahartzearen aurrean, Goiak gogorarazi du Donostia Lagunkoia programak hiriaren zerbitzuen egokitzapena bilatzen duela, aktiboak eta bizi kalitate ona duen biztanleri nagusiaren beharrei erantzuteko. 

     

    Aldi berean, 2050 Klima Estrategia Planean jasotako klima aldaketara egokitzeko Donostiaren estrategia azpimarratu du. Erronketako bat garraio ereduaren aldaketa da, berotegi-efektuaren gas emisioen gutxitze zorrotza lortu ahal izateko.  

     

    Amaitzeko, alkateak jakinarazi du udal Administrazioa modernizatze aldera egiten ari den esfortzua “donostiarrei zerbitzu hobeagoa emateko helburuarekin, XXI mendeko estandarren araberakoak”.

     

     

     

     

    Bizikidetzari buruz, Eneko Goiak segidakoa esan du: "Egun, Donostia itxaropenaren hiria da, izan ere hiritarrak aske ibili daitezke eta ezberdintasun politikoak erakundeetan eztabaidatzen dira".

     

    Dena dela, besteak beste, terrorismoaren eta bortizkeriaren biktimen aitortza egiteke dagoela adierazi du. Eta ildo beretik, esan du gazteen hezkuntza etorkizuneko inbertsio argia dela, izan ere, generazio berriek gertatutakoa ezagutu behar dute.

     

    Alkateak azpimarratu du, legealdian zehar EAJ-PNV eta PSE-EEren arteko koalizioak funtzionatu duela eta positiboa izan dela hiriarentzat: "Alderdi ezberdinak gara eta ezberdin pentsatzen dugu, baina ezberdintasun horiek alde batean uzteko gai gara eta hiriak aurre egin dezan lan egiten dugu".