• 28 OTS 15

    Ordiziako merkataritzak udalari inplikazioa eta bidelagun izatea eskatzen dio

    “750 lanpostu sortzen dituen merkatarien eta zerbitzuen sektorea indartzearen aldeko apustua egiten dugu” adierazi du Jose Miguel Santamariak. Udaletik asko egin daiteke eta batez ere hobeto egin daiteke.

    EAJ-PNVk martxan jarritako Ordizia Elkarrekin ekimenak, merkataritza, ostalaritza eta turismo sektorearen inguruan antolatutako lehen topaketaren ondoren, Jose Miguel Santamaria alkatetzarako hautagai jeltzaleak adierazi du Ordiziako merkataritzak udalaren inplikazioa eta bidelagun izatea eskatzen duela. Topaketan, sektoreko ordezkariekin batera, Merkataritza eta Turismo sailburuordeak, Itziar Epalzak, Merkataritza zuzendariak, Jon Zaratek eta Turismo zuzendaria den Mertxe Garmendiak hartu zuten parte.

    Zentzu horretan 750 lanpostu sortzen dituen merkatarien eta zerbitzuen sektorea indartzearen aldeko apustua egiten dugu adierazi du Jose Miguel Santamariak. Horregatik ezinbestekoa deritzogu, nahiz eta garai zailak igarotzen ari diren, produktu berrien eta hornitzaile berrien aldeko apustua egiten ari den eta dinamismo handia adierazten duen sektorearen iritziak eta aintzat hartzea.

    Santamariak jakinarazi du topaketa egin aurretik Ordizia Elkarrekineko lan taldeak 33 elkarrizketa egin dituela beste hainbeste merkatari eta ostalariekin eta baita sektoreko eragile eta teknikariekin bildu dela ere. Definizioz, merkataritza eta zerbitzuen udalerria gara. 300 lokal ditugu merkataritza jarduerari zabalik eta horrek Ordiziari bizitza emateaz gain, lotarako herria bihurtzea ekiditen du.

    Horrela, alkatetzarako hautagaiak esan du salmenten %50a udalerritik kanpo etortzen direnei esker egiten dela eta gaineratu du: beraz oso garrantzitsua da Ordiziara datozenen mugikortasuna eta irisgarritasuna erraztea.

    Gogoratu du lau urte hauetan udala merkatariei bizkarra emanez aritu dela, non ohiko merkataritza eta ostalaritza jarduera gehien kokatzen den gune historikorako sarreretan neurri murriztaileagoak ezarriz, trafikoa aldatuz eta aparkaleku berririk planifikatu gabe nahiz eta gure taldeak horretarako proposamenak egin ditugun. Uste dugu, jarraitu du, udaletik asko egin daitekeela eta batez ere hobeto egin daitekeela, merkatariei orokorrean eta hauek biltzen dituen Ordizian elkarteari entzunez eta egiten dituzten ekarpenak kontuan hartuz.

    Turismoari dagokionez, Jose Miguel Santamariak adierazi du topaketak, Ordiziak gai honetan duen indarra balorean jartzeko balio izan duela eta gaineratu du: lehenak izan behar dugu hau sinesten eta turismo jarduera hazkundearen eta ekonomiaren dibertsifikazioaren ikuspuntutik gero eta faktore garrantzitsuagotzat hartu behar dugu. Ondarea badugu, baita Azoka eta Delikatuz egiten ari den lana ere eta ingurune pribilegiatu bat Aralar eta Aizkorriko parke naturalekin.

    Amaitzeko, bozeramale jeltzaleak aurreratu du hurrengo bi topaketen datak: martxoaren 3an euskararen sektorearena, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordearen parte-hartzearekin, Olano Tabernak duen jangelan eta martxoaren 10ean, Kirola aztertzeko, Kirol Zuzendaria den Jon Redondorekin. Halaber topaketa hauetan parte hartzeko gonbitea luzatu die ordiziarrei, agertzen ari diren gertutasuna ere eskertzeaz gain eta baita dituzten iradokizunak eta ekarpenak helarazten jarrai dezatela ordiziaelkarrekin@gmail.com edo era pertsonalean, egiten ari diren bezala.