• 14 API 19

    Nor EAJ-PNV baino hobe Madrilen lehen sektorea modu eraginkorrean defendatzeko?

    Gipuzkoako EAJ-PNVko Kongresurako hautagai den Joseba Agirretxeak azpimarratu du nekazaritza politikak zuzenean Euskaditik gestionatzearen “beharra”, hau baita “modu bakarra” lehen sektorea eta baserritarrak babesteko.

    Horregatik, adierazi du Madrilen sektorea ongien ezagutzen duena Euskal Taldea dela, eta horregatik, ongien defendatzen duena. Agirretxeak eskatu du nekazaritza politika guztiak, “beste asko bezala”, Euskadiren eskumena izan beharko luketela.

    Gorte Nagusietarako hautagai jeltzaleak eta Aiako EAJ-PNVko taldekideak Txakolin Egunean izan dira, Urola Kostako udalerri honetan tradizio den eta errotuta dagoen hitzorduan. Agirretxeak esan du nekazaritza sektorea “estrategikoa” eta “euskal gizartearen garapen harmoniko eta jasangarri baterako ezinbestekoa” dela, eta etorkizunera begira gazteentzat “erakargarri” egitearen aldeko apustua egiten du, ez litzatekeelako Euskadi ulertuko “lehen sektorearekin, landa eremuarekin eta baserritarrekin duen erlaziorik gabe”.

    Hautagai jeltzaleak adierazi du EAJ-PNVk eskatzen duena dela Euskadin Nekazaritza Politiken “aplikazio osoa” egitea, euskal erakundeen eskutik, “bai laguntza zuzenen gestioa, baita landa garapenerako laguntzena ere”. “Nor gu baino hobe, euskaldunok, laguntza horiek gure behar zehatzera egokituko dituenik? Nork ezagutzen ditu guk baino hobe gure baserritarrak? Nor gu baino hobe banaketa hori eta gestio eraginkor bat egiteko?, adierazi du Agirretxeak.

    “Txakolina tradizioa da, historia da, identitatea da, paisaia da, lana da”, Agirretxearen hitzetan, eta duen balio kulturalaren inguruan, gehitu du txakolinak “hemen eta han” banatzen duela Aiaren, Getariaren, Gipuzkoaren eta Euskadiren izena. Horregatik, hautagai jeltzaleak uste du “benetan garrantzitsua dela txakolin ekoizleen, eta orokorrean baserritar ororen, interesak defendatzea eta oraingo eta etorkizuneko beharren alde borroka egitea”. Hau horrela, jeltzaleak Getariako Txakolinaren Jatorri Deiturari bere babesa adierazi dio, “babesten eta, han eta hemen, balioan jartzen segituko duguna”. Halaber, Agirretxeak azpimarratu du txakolinak sortzen duen “jarduera ekonomikoa handia”, mundu osoan zehar komertzializatu eta esportatzen den produktua baita.