• 18 OTS 19

    Nahikari Otermin izango da Pasaiako alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaia

    Oterminek nabarmendu du Pasaiak behin betiko bultzada emango dion alderdi eta alkatea behar dituela eta EAJn prest daudela erronka horri heltzeko, herritarrekin elkarlanean Pasaia hobeagoa eraikitzeko asmoz

    Gaur goizean oinezko eta txirrinduentzako pasabide berrian aurkeztu dute Pasaiako EAJ-PNVren zerrenda burua, Nahikari Otermin Soroa. Bertan izan dira hautagaia babesten Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza eta Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, Joseba Egibar. 

    Legealdi honetan EAJren udal taldeko bozeramaile izateaz gain, Hirigintza saileko arduraduna ere izan da Nahikari Otermin eta bera arduratuta da, besteak beste, Plan Bereziaz Udalean. Alderdikideek babestu dute bere hautagaitza eta horregatik, Oterminek eskerrak eman nahi izan dizkie guztiei beregan jarritako konfiantzagatik eta azaldu dioten babesagatik. 

    Azaldu duenez, “gogotsu heltzen diot berriz ere erronkari, duela lau urte baino esperientzia gehiagorekin, baina lehen eguneko ilusio eta lanerako gogo berdinekin Pasaia hobeagoa eraiki dezagula uste dudalako. Lau urte hauek garrantzitsuak izan dira eta urratsak egin ditugu; Pasaiak hobera egin du EAJ-PNVko zinegotziok gogor egin dugulako lan Pasaiaren eta pasaitarren alde. Gaur hemen elkartu izana ez da kasualitatea, pasabide hau lan gogorraren emaitza baita, biziberritzearen abiapuntua. Baina Pasaiak aldaketa behar du, behin betiko bultzada emango dion gobernu talde, alderdi eta alkate euskalduna behar ditu, herri proiektu sendo batekin, pasaitarren interesak non nahi defendatu eta etorkizunera begirako proiektuak landuko dituen gobernu taldea behar ditu”.

    Alkategaiak adierazi duenez EAJ-PNVn prest daude eta bera ere prest dago erronka horri aurre egiteko eta etorkizuna herritarrekin elkarlanean marrazteko. “Pasaitar guztiak kontuan hartuaz eta pasaitar guztientzat lan egiteko konpromisoa hartzen dut. Gertutasunez eta gardentasunez, herritarrei ahotsa emanez eta gure kudeaketa gobernu onean oinarrituz” adierazi du.

    Herritarren kezkak bere egingo dituela aitortu du eta aipatu etorkizuna marrazteko EAJ-PNVk 3 ardatz nagusi finkatu ditu:

    1. Tokiko ekonomia eta kalitatezko enplegua sustatzea, pasaitarrek herrian bertan lan egiteko aukera izan dezaten, Adinberri eta enpresa parkearen bitartez. 
    2. Herritarren ongizatea bermatu eta hobetzea, behar gehien dutenei erantzuteko eta erronka berriei aurre hartzeko, zerbitzuak hobetuz eta berriak eskainiz, Adinberri kasu.
    3. Pasaiaren biziberritzea sustatzen jarraitu, Gipuzkoako ia eremurik degradatuena izatetik harro sentitzeko Pasaia izatera pasa dadin. 

    Eta euskara, kultura eta berdintasuna zeharlerro hartuta lan egiteko konpromisoa ere hartu du Oterminek “gure nortasuna eta gurea herria balioan jarri, gure kultura sustatu eta berdintasunaren aldeko urratsak egingo ditugu, harro egoteko eta sentitzeko Pasaia euskaldunagoa eta parekideagoa eraiki dezagun” esanez amaitu du.

    Ekitaldiari amaiera emateko Joseba Egibarrek hartu du hitza “alderdi bizi bat aurkezten dugu, esperientziadun zerrenda buru batekin, ilusioz blai proiektuak mahai gainean jartzeko eta egi bihurtzeko, esperientziak balio baitigu jakiteko arazoak non dauden, horiei nola aurre egin, eta zein proiektu aurrera eraman behar diren Pasaian. Beste alderdiekin alderatuta, guk daukagun abantaila da talde lanean garela indartsu. Lurralde proiektu bat dugu, herri eta nazio proiektu bat. Goitik behera ez dira herriak egiten, agindu agian bai, baina behetik gora egiten dira herriak eta nazioak indartsu eta hori da gure proiektua, gure abantaila, besteek ez dutena, orain gutxi arte ez dutelako politikan sinetsi, politika egiteko beste bide eta borroka batzuk uztartu dituztelako. Eta behetik gora proiektu politiko hori gauzatzeko prest dagoena eusko alderdi jeltzalea da” adierazi du.