• 12 API 19

    Nahikari Otermin: “Adinberri zentroa, gazteentzat aukera berriak eta kalitatezko gizarte zerbitzuak bultzatuko ditugu herritarren ongizatea bermatzeko”

    Adinberrik lanpostu eta aukera berriak sortzeaz gain, adineko pertsonen zahartzaro eta zaintzarako zerbitzu eta metodologia berritzaileak eskainiko dituela baieztatu du Otermin alkategaiak. Halaber, gazteei gizarte alokairu aukerak eskaintzea, haurrei kalitatezko zerbitzuak bermatzea, adineko pertsonei lotutako programa berriak bultzatzea, irisgarritasuna hobetzeko urratsak egitea eta berdintasuna sustatzea ere helburu eta iparrorratz izango dituela azpimarratu du.

    Joan den astean alor ekonomikoari lotutako hauteskunde programaren ardatza aurkeztu zuen EAJ-PNVko alkategaiak, Nahikari Oterminek. Adierazi zuen moduan, pertsonen ongizatea eta baita gizartearena ere jarduera ekonomikoari erabat lotua dago, “sustapen ekonomikoa da ongizatearen bermerik nagusiena, baliabiderik sortu gabe, ezinezkoa delako zerbitzuak eta laguntzak bermatzea” adierazi zuen. Gauzak horrela, gaurkoan pertsonen ongizatea bermatzeko eta hobetzeko gizarte politikak aurkeztu dituzte, Oterminen aburuz, “bata ezin delako bestearengandik banandu, batak dakar eta bestea”.

     “Pertsonak dira guretzat garrantzitsuena, haur, gazte, heldu eta adinekoak, guztiak, eta EAJ-PNVn beti kokatu dugu pertsona gure jardunaren erdigunean. EAJn erabateko konpromisoa dugu pertsonekin, beti egin dugu gizarte babesaren aldeko apustua eta horregatik, datozen 4 urteetan, gogor egingo dugu lan haur, gazte, heldu zein adineko pertsonen ongizatea bermatu eta hobetzeko, gizarte zerbitzuak pertsona orori bermatzeko eta herritarren bizi kalitatea bermatuko duten proiektu eta aukera berriak garatzeko” aitortu du Nahikari Oterminek.

    Gizarte arloan ditugun proposamen zehatzak:

    Pertsonak ardatz hartzen dituen erreferentziazko zentroa eta ikerketarako gunea izango da Adinberri. Legealdi honetan EAJ-PNVk egindako lan eta apustuari esker Pasaian kokatuko da eta zentroa errealitate izango da 2022. urtean. Zentro berriak adineko pertsonen arretarako egoitza, eguneko zentroa eta babespeko apartamentuak izango ditu eta adineko pertsonen ongizatea, bizi kalitatea eta zaintza hobetzea eta zahartzaro osasuntsua sustatzea ditu helburu proiektuak. Adineko pertsonei lotuta ere, Etxean bizi programa sustatzeko konpromisoa hartu du Oterminek. Programa honek helburu du adineko pertsonen behar eta zaintzak beren etxeetan eskaintzea.

    Gizarte zerbitzu, programak eta laguntzak hobetu eta osatuko ditugu behar berriei eta egungo beharrei ahalik eta modurik egokienean erantzuteko eta bereziki behar gehien duten pertsonei behar bezala artatzeko” azaldu du alkategaiak..

    Gazteei lotuta ere jeltzaleek landu dituzte zenbait proposamen: “gure helburu nagusia da gazteei aukera berriak eskaintzea bereziki etxebizitza sarbideari dagokionean eta haur eta gazteentzat kalitatezko zerbitzuak bultzatzea” esan du Oterminek. “Jakin badakigu  gazteek emantzipatzeko zailtasunak dituztela eta gure nahia da erraztasunak ematea eta alokairua sustatzea”. Horretarako, Adinberri zentroa eraikitzen denean, San Pedroko babespeko etxebizitzak gazteen eskura jartzeko proposamena egin du EAJ-PNVk eta gainerako barrutietan ere  gizarte alokairurako aukera ezberdinak aztertzeko konpromisoa hartu dute. “Luzuriagako 2.fasea ere bultzatuko dugu bertan etxebizitza babestuak eta anbulatorio berria eraiki ditzaten; Antxon ere, trenbide sarea lur-azpian sartzea exijituko eta bultzatuko dugu, horrek eragin zuzena izango duelako herritarren bizi kalitatean eta esan bezala, gure lehentasunetako beste bat, haurrentzako eta gazteentzako kalitatezko zerbitzu ere eremuak eskaintzea izango da haur eta gazteak direlako gure etorkizuna eta horregatik, garrantzitsua da beren beharrei egokitutako eremu eta zerbitzuak eskaintzea eta beren partaidetza sustatzea. Haur jolastokiak egokitu eta estaltzeko aukera eta Ludoteka eta Gaztelekuen zerbitzuak areagotzekoa aztertuko ditugu”.

    Herritarren bizi kalitatea hobetzeko, baita ere, irisgarritasunaren aldeko urratsak egin eta proiektu berriak bultzatuko ditugu oinezkoei lehentasuna emanez. Trintxerpeko goiko auzoetara sarbidea errazteko, Andonaegin, ur biltegia dagoen tokian igogailua eta aparkalekua eraikiko ditugu.

    “Eta bizikidetzari eta berdintasunari ere garrantzia berezia emango diegu, etorkizuna eraikitzeko oinarrizko baldintzak izan behar dutelako, errespetuan oinarritutako Pasaia parekideagoa eraiki nahi dugulako eta horren alde lan egingo dugu, herritarrekin elkarlanean eta gertutasunetik, herritarren zerbitzura lan eginez, eta horretarako herritarrekiko komunikazioa hobetu eta areagotuko ditugu bide berriak herritarren eskura jarriz” esanez amaitu du Oterminek.