• 23 EKA 15

    Markel Olano da Gipuzkoako Diputatu Nagusi berria

    Gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan diputatu nagusia izendatzeko Osoko Bilkura egin dute. Bertan EAJ-PNVren hautagai Markel Olano izendatu dute Gipuzkoako Diputatu Nagusia.

    Gipuzkoako Batzar Nagusiek Markel Olano izendatu dute Gipuzkoako Diputatu Nagusigai. Kargua ohore eta ardura handiz hartzen duela esan du Markel Olano. Hona hemen bere hitzaldiaren hasiera eta atxikituta hitzaldia osorik.

    "Ohorea da niretzat, lau urteren ondoren, berriz ere hemen egotea Diputatu Nagusi izateko hautagai gisa. Gaur, Eusko Abertzaleak taldearen izenean, Gipuzkoako Diputatu Nagusitarako hautagai bezala, gure egitasmoa aurkeztuko dut zuen guztion aurrean. Gure ustez, egitasmo hau da Gipuzkoak dituen erronka nagusienei erantzuteko egitasmorik egokiena eta herritarren gehiengo zabal baten borondatearekin bat egin dezakeena.

    Argi daukagu ez dela legealdi erraza izango, Gipuzkoa egoera konplexuan baitago: Testuingurua benetan zaildu da krisi ekonomikoaren eta azken lau urteetako kudeaketaren ondorioz. Hori dela eta, berriro ditugu mahai gainean konpontze bidean ziren arazoak, eta horiei aurre hartu beharko diegu lehenbailehen.

    Gauzak horrela, eta hauteskundeak irabazi ondoren, Gipuzkoari behar duen eta gipuzkoarrek eskatzen duten norabide aldaketa emateko konpromisoa hartzen dugu. Hala agindu zigutelako herritarrek pasa den maiatzaren 24eko hauteskundeetan. Azken lau urteotako dinamika ikusirik, herritarrek programak, lehentasunak eta politika egiteko moduak eraldatzeko eskatu digute. Eta, hori lortzeko, Euzko Alderdi Jeltzaleak eta Euskadiko Alderdi Sozialistak akordioa landu dugu lurraldeari egonkortasuna eman, arazoak konpondu eta herritarren beharrak asetzeko".