Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Markel Olano: “Gure enpresa-eredua akordioan oinarritzen da ez liskarrean”
Jeltzaleen Gipuzkoako Diputatu Nagusigai Markel Olanok adierazi du, ezinbestekoa dela ekonomian erakundeen kudeaketa aldatzea eta, horretarako, beharrezkoa dela udalen, foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlana. Markel Olanok esan du, Gipuzkoak behar dituela enplegu gehiago, aberastasun gehiago, elkarlan gehiago eta ekonomiaren gaineko plangintza, eta EAJ-PNVk ordezkatzen duela Gipuzkoak behar duen aldaketa.EAJ-PNVren Gipuzkoako Diputatu Nagusigai Markel Olano Irunen izan da gaur goizean. Bertan, Eider Mendoza eta Xabier Ezeizabarrena hautagaiekin, Irungo alkategai Xabier Iridoy-rekin eta Bidasoako boluntarioekin, honakoa esan du: “Konpromisoa hartzen dugu enpresetan gardentasuna eta langileen parte hartzea, bai kudeaketan, bai kapitalean, sustatzeko programak egiteko.
Horren harira, Olanok segidakoa esan du: “Uste dugu lehenetsi behar dela Gipuzkoan ekonomia sustatzeko neurriak hartzea, betiere, enplegua sortzeko. Izan ere, boluntarioen kanpaina egiten ari gara herriz herri eta kalez kale, eta ikusten ari gara ekonomia eta enplegua direla herritarren ardura nagusienak”. Hortaz, hautagai jeltzaleak gogorarazi du, enpresak direla enplegua eta segurtasun ekonomikoa ematen dutenak, izan ere, Gipuzkoako enpleguaren %85 sortzen dute. Hori dela eta, Olanoren ustez, erakundeak enpresekin elkarlanean aritu behar dira Gipuzkoako ekonomia bultzatzeko.
Era berean, Markel Olanok adierazi du, lehiakortasuna sustatuko duen ekosistema sortu behar dela, hain zuzen ere, lurraldean aberastasuna lortzeko ekosistema. Eta horretarako, langileen parte-hartzea bai enpresen kudeaketan, bai kapitalean, ezinbestekoa da. Izan ere, hainbat enpresatan dagoen egoera liskartsuarekin amaituko luke eta, gainera, erabakitzeko gaitasuna enpresetan geldituko litzateke. Eta, hori, giltzarria da enpresen lehiakortasuna eta bizirautea bermatzeko.
Olanoren iritziz, liskarrak ez dio mesederik egiten lehiakortasunari eta enpleguaren sorrerari, eta parte-hartzeak, aldiz, enpresen bizirautea eta proiektuak Gipuzkoan gelditzea bermatzen du. Eta horrek badu zerikusirik Bildu eta EAJ-PNVren arteko ekonomia-eredu talkarekin, izan ere, ezker abertzaleak enpresetan etengabeko liskarra bilatzen du eta EAJ-PNVk, aldiz, akordioan eta partehartzean oinarritutako eredua sustatzen du.
EAJ-PNVren Gipuzkoako Diputatu Nagusigaiak, halaber, honakoa azpimarratu du: “Ezinbestekoa da ekonomian erakundeen kudeaketa aldatzea eta, horretarako, beharrezkoa da udalen, foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlana”. Horiek horrela, Markel Olanok salatu du Bilduren gaitasun eza, izan ere, ekonomia sustatzeko aurrekontu-saila heren bat murriztu du, ez duelako enpresan konfiantzarik: “Hori izan da Bilduren gobernatzeko eredua, hain zuzen ere, konfiantza ezan, inposizioan eta kudeaketa kaxkarran oinarritutako eredua. Eta Gipuzkoak ez du horrelako gobernurik behar, izan ere, arriskuan jartzen du egungo enplegua eta etorkizuneko gazteen zein epe luzeko langabetuen enplegua”.
Azkenik, Markel Olanok konpromisoa hartu du erakundeen arteko elkarlana sustatzeko, legealdi honetan ez delako horrelakorik gertatu, eta, era berean, honakoa gaineratu du: “Gipuzkoak enplegu gehiago, aberastasun gehiago, elkarlan gehiago eta ekonomiaren gaineko plangintza behar du, eta EAJ-PNVk ordezkatzen du Gipuzkoak behar duen aldaketa”.
Nabarmenak...
EBB
2024/04/15
EBB
2024/04/14
Berria
2024/04/13
Berria
2024/04/12
Berria
2024/04/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
EBB
2018/08/31
EBB
2019/04/11
Gipuzkoa
2019/04/20