• 14 MAR 19

    Maite Peña izango da Errenteriako alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaia

    Peñak adierazi du erronkari “gogoz nahiz ilusioz” helduko diola, hurrengo legealdian “errenteriarren interesen alde lanean jarraitzeko”. Markel Olano Diputatu nagusiak nabarmendu du Maiteren “lan gaitasun handia eta kudeaketa efikaza, eta bera dela Errenteriak behar duen alkatea”

    Maite Peña aukeratu du Errenteriako EAJ-PNVren batzarrak Errenteriarako alkategai. Markel Olano diputatu Nagusiak, azpimarratu du “Maite dela Errenteriak behar duen alkatea”. Eta gaineratu du legealdi honetan “aukera izan duela” Maite Peñak duen “gertutasuna eta lan gaitasun handia” ikusteko, baita haren “kudeaketa efikaza ere”.

    Jeltzaleek Peñari eskatu diote, bere esperientzia kontutan hartuta, berriz ere hautagai izatea, izan ere, sinetsita daude, errenteriarren arazoei erantzun ahal izateko bere esperientzia oso baliagarria izan daitekeela.

    Halaber, Olanok nabarmendu du legealdi honetan Maitek gizarte politiken “kudeaketa fina” egin duela, “bi urrats garrantzitsu” eginda: alde batetik “Gizarte Zerbitzuen Mapan agertzen ziren beharrei erantzun diegu, izan ere 647 plaza berri sortu ditugu, mendekotasun egoeran eta desgaitasuna duten pertsonei zuzenduta, baita haurren eta nerabeen babeserako arloan. Berez, aurreikusitakoa baina 34 plaza gehiago sortu ditugu, hau da, %6 gehiago”.  “Eta beste aurrerapauso garrantzitsu bat –gaineratu du Olanok- izan da Elkar-EKIN 2016-2020 Gizarteratzeko Plana abiarazi izana, “plan pertsonalizatu” baten bitartez bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonei “egoera horretatik irteten laguntzeko”. Eta erantsi du “emaitzak oso onak” izaten ari direla, “gizartearen inplikazioa lortu baitugu”, alegia, Foru Aldundia, Udalak, Jaurlaritza, garapen agentziak, hirugarren sektorea eta enpresak.

    Peñak, berriz, adierazi du alkategai izateko erronkari “gogoz eta ilusioz” helduko diola, hurrengo legealdian “errenteriarren interesen alde lanean jarraitu dezagun”. “Arduraz hartzen dut Alderdiak alkategai izateko egindako eskaera, eta prest nago gogor lan egiteko ardura horri erantzunik egokiena eman ahal izateko” azaldu du Peñak.

    Era berean, Peñak azaldu du lau urteotan Aldundian egindako lanak, Gipuzkoako “ikuspegi zabal bat eman diola”; eta gaineratu du “ikusi eta ikasitakoak baliagarriak izango zaizkidala, zalantzarik gabe, Errenteriari behar duen bultzada eman diezaiogun”.

    Bestalde, Olanok agertu duenez, “legealdi honetan Gipuzkoari buelta eman diogu eta orain ere prest nago ahalegin guztiak egiteko Errenteriari ere buelta emateko, Errenteriak eta errenteriarrek merezi dutelako”. Horren harira, erantsi du “konpromiso sendoa” dutela “ekonomia suspertzeko, komertzioa, industria eta enplegua bultzatzeko”. “Desberdinkeria gutxiago duen Errenteria bat nahi dugu kohesionatuagoa eta inklusiboagoa, gizarte bazterkeria gutxiagorekin, esan du hautagai errenteriarrak, zeinaren ustez ekonomiaren suspertzea eta gizarte babesa “txanpon beraren bi aldeak” diren.

    Horrekin lotuta, Peñak adierazi du Errenteriako ekonomia “suspertu beharra” dagoela, errenteriarrek beren herrian “lan aukerak eta etorkizuna” izan ditzaten eta horretarako “ezinbestekoa” dela erakundeen arteko “elkarlana”. ”Izan ere, lankidetza horretan esperientzia zabala du gure alderdiak” jarraitu du Peñak, zeinaren ustez, “erakunde sendoak eta elkarlanerako prest daudenak behar ditugun”. “Erakunde arteko elkarlanaz gain, elkarlan hori ere ezinbestekoa da eragile, herritar eta sektore pribatuarekin”.

    Jarraian, Maite Peñak “gizarte kohesioan” jarri nahi izan du azpimarra, “gizarte kohesioa mantentzea ezinbestekoa baita, egoera zailak bizi dituztenak bide horretan galdu ez daitezen”. Eta gaineratu du “gure herrian bizi kalitatea bermatzea” dela beste ezinbesteko bat, “Errenteria eroso, garbi, bizi eta seguru bat nahi dugu, berdinzalea, eta hori lortzeko gogor lan egiteko prest gaude”.

    Bere parte hartzean, Markel Olanok azpimarratu du legealdi honetan Gipuzkoako gizarteari “emandako hitza bete dugula”, izan ere “gure ongizate eta gizarte kohesio eredua indartu dugu, aurreko agintaldiko paralisi, gatazka eta inposizio garai hura atzean utzita”. Horren haritik, gogorarazi du besteak beste hondakinen arazoari behin betiko konponbidea eman diotela, Pasaialdeako biziberritzeari heldu diogula, eta Errenterian ere bai, hainbat proiektu eginda auzoak berrurbanizatzeko”.

    Amaitzeko, EAJ-PNVren diputatu nagusirako hautagaiak esan duenez, “momentua da” lurraldea “gizarte eta ekonomia” arloan sendotzen jarraitzeko, “Gipuzkoa indartsu batekin”, pertsona guztiek beraien bizi proiektuak “duintasunez eta berdintasunean” egin ditzaten, pertsona guztiek enplegu “duina izan dezaten”, enpresen eta erakundeen partaidetzarekin, “enplegu prekarioaren aurka borrokatzeko eta inor ez dadin atzean geratu”. Erantsi du, baita ere, Estatuan dagoen “noraeza, eztabaida falta eta paralisiaren aurrean, apustu egiten dugula Gipuzkoa eta Euskadi indartsu baten alde”. Horregatik guztiagatik, Olanok gizarteari dei egin dio lurraldea osoan eta Oarsoaldean “lankidetzan” jarraitu dezan, “proposamenei eta partaidetzari bide emanez.