• 22 URT 19

    Lonja pareko plaza eraikitzeko prozesua martxan

    Gaur amaitzen da eskaintzak egiteko epea, beraz, jasotako proposamenak aztertu ondoren lanak esleitu ostean ekingo zaie plaza egokitzeko lanei. EAJren bozeramaile eta alkategaiak, Nahikari Oterminek, jakinarazi duenez 3 fase ezberdinetan gauzatuko dira obrak; oraingoan, lehen zatiari ekingo zaio eta gainerako biak jarraian egingo dira

    Nahikari Otermin EAJ-PNVren bozeramaile eta alkateagaia arduratzen da Plan Bereziaz Pasaiako Udalean, bera baita udaleko hirigintza zinegotzia. Hori dela eta, bere lehentasun eta arduren artean nagusiena da Plan bereziaren baitan ematen diren urratsen berri ematea eta planak aurreikusten dituen proiektuetan herritarren behar eta interesak islatuak egon daitezen bermatzea.

    Oterminen hitzetan: “urteetan Pasaia Gipuzkoako eremurik degradatuenetarikoa izan da eta horregatik, elkarlanaren bidetik, erakunde ezberdinetatik izugarrizko ahalegina egin dugu legealdi honetan biziberritzea martxan jartzeko eta paralisi urteak atzean uzteko. Legealdi honetan, beraz, biziberritzea martxan jarri dugu, urratsak egin ditugu, baina tartean ere izan ditugu oztopo eta ezustekoak.  Horregatik ulertzen dut herritarren etsipena, baina ari gara lanean eta lanean jarraituko dugu” hitz eman du Oterminek.

    Azken hilabeteotan inoiz baino ikusgarriagoak bilakatu dira legealdi honetan erakunde ezberdinetatik Pasaia biziberritzearen alde egindako ahaleginak. Pasabide berria, Ondartxoko pasealekua… dira horien adibide eta laster hastekoak dira beste hainbat lan: pasabide alboko pabiloien eraikuntza ondoren gainean herritarren aisialdirako eta gozamenerako eremua eraikitzeko edota lonja kanpoko zein barruko lanak. Lonjaren kasuan, baina, herritarrengan eragin zuzena izango duten lanei, plazari lotutakoei, eman zaie lehentasuna.

    Izan ere, Lonjako lanak bi proiektu ezberdinetan- barruko lanak eta kanpoko lanak- banatuta daude eta horiek guztiak faseka egingo dira. “Kanpoko obrei dagokienean, plazari lotutako lanak, estaldurari dagozkionak eta Esnabide kaleko ertzarenak ditugu; guztira beraz barruko eta kanpokoak kontutan izanik 5 obra ezberdin daude egiteko” jarraitu du Oterminek. “Esan bezala, plazako lanei eman zaie lehentasuna, baina lan hauek ere, aurrekontu kontuak direla eta, 3 zatitan banatu dira.  Beraz, plazaren zati batekin hasiko dira datozen hilabeteetan eta gainerako bi zatiak jarraian egingo dira”. “Nire ustetan beti da hobea poliki poliki gauzak egiten joatea eta obrekin hastea ezer ez egitea baino” adierazi du Oterminek. “Beraz, pausoz pauso ari gara Pasaia biziberritzen, askotan nahi baino mantsoago, baina aurrera eginez, oraindik lan handia badugu ere egiteko”.

    Gaur bertan amaitzen da plaza egokitzeko eskaintzak aurkezteko epea, beraz, Pasaiako Portuak jasotako proposamenak aztertuko ditu eta datozen asteetan obrak esleituko ditu ondoren lanekin hasi ahal izateko.

    Beraz, “bide onetik goaz eta 2019 urte garrantzitsua izango da etorkizuneko proiektu askoren oinarriak ikusi ala izango ditugulako, baina oinarri horien proiektuak herritarren interesen defentsan landuko dituen alderdia erakunde ezberdinen gidaritzan egotea ere ezinbestekoa izango da ekindako bideari jarraipena eman ahal izateko. EAJk beti egin du Pasaiaren biziberritzearen alde eta Pasaiako EAJren konpromisoa  eta nirea herriarekiko eta herritarrekiko erabatekoak dira, Pasaia hobe bat eraikitzeko gai garela uste dudalako” amaitu du.