• 17 API 19

    Lezon tokiko ekonomia sustatu eta kalitatezko enplegua eskaini

    Horiexek ditu helburu nagusi Lezoko EAJ-PNVk datozen 4 urteetan. Horretarako proposatzen dute: merkataritzari buruzko azterketa egitea, lehen sektorea eta tokiko produktuen kontsumoa bultzatzea, formazio eta lan aukera berriak eskaintzea Enplegu Planaren bitartez, industriagunearen berritzearekin jarraitzea eta Formazio eta Laneratze Zentro berria sortzea behar bereziak dituzten pertsonentzat

    Ongizate alorrari lotuta, gaurkoan Lezoko EAJ-PNVk tokiko ekonomia sustatu eta enplegu aukera berriak sortzeko proposamenak aurkeztu ditu. Jesus Mari Martiarena alkategai jeltzaleak adierazi duenez, “enplegua ongizatearen berme nagusia da, horregatik, gizarte zerbitzu eta prestazioak bermatzeaz gain, lezoarrei lan aukera berriak eskaintzearen alde eta tokiko ekonomia sustatzearen alde lan egingo dugu datozen urteetan”.

    Helburu horiek lortzeko jeltzaleek merkataritzari, lehen sektoreari edota industriari lotutako proposamenak landu dituzte:

    1.    Merkataritza eta ostalaritza

    Merkataritzari buruzko azterketa egiteko konpromisoa hartu du Martiarenak sektorea indartu eta Lezoko kaleak bizirik mantentzeko helburuarekin. “Eta orain arte egin dugun moduan, Eguberrietan, gure kaleak apaindu eta argiztatuko ditugu tokiko kontsumoa sustatzeko eta gure saltokiak babesteko” gehitu du Martiarenak.

    2.    Lehen sektorea eta tokiko produktuak

    Halaber, Lezoko EAJ-PNVk tokiko produktuen eta KM0 produktuen kontsumoa ere sustatuko du landa ingurunea babestu eta lehen sektorearen etorkizuna bermatzeko, bertakoa kontsumituz, bertako babesteko helburuarekin.

    3.    Industriagunea

    “Iturrin industriagunea berritzen jarraituko dugu atzemandako beharrei erantzunez, enpresa berriak erakartzeko eta lanpostu berriak sortzeko” aitortu du Martiarenak.

    4.    Enplegu Plana eta Formazio zentro berria

    Halaber, urtero-urtero Enplegu Plana babestuko dute Garapen Agentziarekin elkarlanean langabezian dauden herritarrei formazio eta lan aukera berriak eskaintzeko. Era berean, ekintzailetza programak indartuko dituzte eta Formazio eta Laneratze Zentro berria eraiki dadin sustatuko dute ezgaitasunak dituzten edota bazterkeria egoeran dauden pertsonei laguntzeko eta behar bereziak dituztenen lan-aukerak areagotzeko.

    Beraz, tokiko jarduera ekonomikoa sustatzea eta enplegu aukerak areagotzea lehentasunezko gaia izango da Lezoko EAJrentzat datozen urteetan, izan ere, “pertsonak dira guretzat garrantzitsuena eta lan aukerak eskaintzea eta gure herria bizirik mantentzea funtsezkoa iruditzen zaigu beren bizi kalitatea bermatu eta hobetzeko” baieztatu du Martiarenak alkategaiak.