• 16 MAI 19

    Lezon, 10 lehentasun datorren legealdiari begira

    Lezoko EAJ-PNVk hauteskunde programan jasotako proiektuetatik 10 lehenetsi ditu lezoarrei aukera berriak eskaini eta etorkizuna duen Lezo hobe bat eraikitzen jarraitzeko helburuarekin

    Horien artean ditugu: merkataritzari buruzko azterketa, Formazio eta Laneratze Zentro berriaren sorrera, industriagunearen berritzea, gizarte zerbitzuen maparen garapena, alokairuaren eta babestutako etxebizitzen sustapena, Arraitokin eraikin zein erabilera anitzeko espazio berriaren eraikuntza,  irisgarritasunaren hobekuntza, kirol espazio eta gune berrien sorrera, kultur sormenaren indartzea lehiaketa eta Arte Eskola berriaren bitartez eta Altamira auzoaren berritzea

    Legealdi honetan zehar Lezoko EAJ-PNVk gogor egin du lan egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuna emateko proiektuak garatzeko. Berriz ere Lezoko alkate izateko hautagai jeltzaleak, Jesus Mari Martiarenak, azpimarratu du azken urte hauetan Lezok aurrera egin duela: “herri hobea, atseginagoa eta irisgarriagoa eraiki dugu eta herritarrei aukera berriak eskaini dizkiegu eta ekindako bideari jarraipena ematea da gure nahia, lezoarren ongizatea bermatzen eta herritarrei, besteak beste, irisgarritasunari, kulturari, kirolari eta aisialdiari lotutako aukera berriak eskaintzen jarraizeko”.

    Eta helburu horrekin, hain zuzen ere, datorren urteei begira jeltzaleek 10 proiektu lehenetsi dituzte:

    Merkataritzari buruzko azterketa sektorea indartu eta Lezoko kaleak bizirik mantentzeko.

    Formazio eta Laneratze Zentro berriaren sustapena desgaitasuna duten pertsonei edo baztertze egoeran daudenei zuzendua eta Iturrin industriagunearen berritzea lanpostu berriak sortuko dituzten enpresak erakartzeko.

    Gizarte Zerbitzuen maparen hobekuntza egungo beharrei erantzuteko, bereziki, adineko pertsonen zahartzaro aktibo eta osasungarriari lotuta.

    Gazteei zuzendutako alokairua eta etxebizitza babestuaren sustapena, haien emantzipazioa errazteko.

    Erabilera anitzeko espazioa eta eraikin berria Arraitokin, Estatuko Portuak lurraren lagapena egin ondoren, aparkaleku itxiak, kiroldegia edota igerilekua egiteko, adibidez.

    Irisgarritasunaren hobekuntza eta espaloien berritzea oinezkoak lehenetsiz: igogailu berria Ijurkon zein Musika Eskolan eta ur sareen, saneamenduaren eta argiteriaren hobekuntza.

    Kirolerako eta aisialdirako espazio berrien sorrera: kirol ezberdinak praktikatzeko kantxak, ur jolasak, skate parka…

    Kultur sormenaren sustapena: kultur egitaraua zabaldu, kultur taldeen jarduna babesten jarraitu, arteari eta musikari lotutako lehiaketa berriak abiarazi eta Arte Eskola berria sortu.

    Altamira auzoaren eta parkearen hobekuntza: aparkaleku eremua handitu eta irisgarritasuna hobetu zinta mekaniko eta igogailu berriaren bitartez.

    Udaltzaingoa zerbitzua gauez ezarri segurtasuna hobetzeko.

    “Gure programak pertsonak ditu ardatz, beraz, pertsona guztien, haur, gazte, heldu zein adinekoen ongizatea hobetzea dugu helburu; aukera berriak eskaini nahi ditugu, bereziki enpleguari, aisialdiari, kirolari eta kulturari lotuta, pertsonak ardatz zein helburu dituen Lezo eraikitzen jarraitzeko, herri biziagoa, euskaldunagoa eta parekideagoa eraikitzen jarraitzeko, alegia”, azpimarratu du Martiarenak.

    “Legealdi honetan, gelditasun, paralisi, utzikeria, inprobisazio eta inposizio urteak atzean utzi ditugu; Lezok ezin du berriz ere atzera egin, aurrera egiten jarraitu behar du, etorkizunari heldu behar dio” adierazi du. “Lezoren etorkizuna dago jokoan eta maiatzaren 26an, lezoarrek bi eredu eta indar politikoen arteko aukeraketa egin beharko dute: bata,  kontrolean, autoritarismoan, inposizioan eta ekimen zein proiektu faltan oinarritutakoa eta bestea, kudeaketa onean, planifikazioan eta etorkizuneko Lezo eraikitzen jarraitzeko proiektuetan oinarritutakoa”. “Horregatik herritarrei eskatzen diegu datorren maiatzaren 26an EAJren lau urte hauetako kudeaketa babestea eta EAJ-PNV bozkatzea, lezoarren alde lan egiten jarraitzeko proiektuak eta konpromiso irmoa dugulako”, adierazi du Jesus Mari Martiarena alkategai jeltzaleak.